Elhuyar zientziaren komunikazioa

Saltsa asko eta bakailao gutxi

2004/03/14 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bakailaoa gutxitzen ari dela ez da gaurko kontua, urteak dira adituak horretaz ohartu zirela. Bakailao-populazioari hazten laguntzeko garaia iritsi da. Baina, lagundu nahi horretan, konturatu dira uste baino eragile gehiago izan behar direla kontuan, eta horietako batzuk ez daudela gizakiaren esku, kontrolaezinak direla, alegia.

Erresuma Batuan goseteei aurre egiten lagundu zuen, eta gaur egun ere ohitura handia dago arraina patata frijituekin jateko.

Euskaldunok aspaldidanik arrantzatu izan dugu bakailaoa. Horregatik, gure kaietan nabarmena da bakailaoaren gainbeheraren arrastoa. Pasaia, esaterako, Espainiako bakailao-portu nagusia izan zen; baina, gaur egun, lau ontzi-bikote baino ez dira geratzen. Ontzi-kopurua gutxitzeak argi erakusten du euskal arrantzaleentzako ez dela errentagarria bakailao-arrantza, dela harrapaketak asko gutxitu direlako, dela geroz eta urrunago joan behar izaten dutelako.

Bakailao-populazioaren gainbehera 90eko hamarkadan igarri zen. Nabarmen igarri ere, aurreko 30-40 urteetan bakailao-arrantza oso oparoa izan zenez, ezustean harrapatu baitzuen jende asko. Egoerak okerrera egin ez zezan, gogor egin zuten talde kontserbazionistek, eta, besteak beste, Ternuan bakailaoa arrantzatzea debekatu zuten. 1992an jarritako debeku horrek indarrean jarraitzen du gaur egun ere.

Ikerketek erakutsi dute Ternuako uraren tenperatura jaitsi egin zela. Ondorioz, errun eta gero bakailaoaren hilkortasuna asko handitu zen, orduan baitago bakailaoa ahulen. Hori da ikertzaileek eman duten azalpena, behinik behin. Diotenez, Ternuako debekua beranduegi etorri zen. Izan ere, hamar urte baino gehiago dira bakailaorik arrantzatzen ez dela, eta populazioa ez da hazi, alderantziz, geroz eta bakailao gutxiago omen dago.

Bakailaoa, Gadus morhua , arrain haragijalea da.

Dena dela, Ternua inguruan bakailaoa gutxitu izanaren errua zientzialariei egotzi diete neurri batean. Dirudienez, arrantza-kuotak ez zituzten ondo kalkulatu, baikorregiak izan ziren bakailaoaren populazioa kalkulatzeko garaian, eta, ondorioz, espezieak bizirauteko jasan zezakeen baino gehiago harrapatu zen.

Hala eta guztiz ere, zientzialariek espero zuten arrantza debekatuta populazioak gora egingo zuela, eta klima epeldu ahala arazoa konponduko zela. Baina beste hainbatetan bezala, ustea erdia ustel gertatu zen. Itsasoaren gainazala berotu da, baina bakailaoari ez dio onik egin, luzera ez behintzat.

Hasiera batean gustura hartu zuen tenperaturaren igoera bakailaoak, horrek planktona ugaritzea ekarri baitzuen. Bakailao gazteak planktonez elikatzen dira, eta, ondorioz, plankton-kantitatea handitu zenean gazte gehiago iritsi zen helduarora. Planktona ugaritze horrek helduei ere eragin zien, zeharka bada ere, jaten zituzten arrainen populazioa ere handiagoa baitzen.

Beraz, ur epelagoan bakailao gazteek eta helduek elikagai gehiago zeukaten. Baina gertakari hori ez zen espero zuten bezain sinplea. Izan ere, bakailao-larbak ere planktonez elikatzen dira, zehazki esateko, kopepodoen arrautzak jaten dituzte, itsas krustazeo txiki batzuen arrautzak, alegia. Bada, itsasoa epeltzeak kopepodoak ohi baino geroago heltzea ekarri zuen; ondorioz, beranduago erruten dute, eta bakailao-larbak kopepodo-arrautza gutxi aurkitzen du jaiotakoan.

Gazituta ederki kontserbatzen da bakailaoa eta hamaika eratara gerta daiteke.

Nahiko garbi geratu da ez ginela gai itsasoko tenperaturak bakailaoari nola eragiten dion aurrez sumatzeko. Inguruak baldintzatutako espeziea da Atlantikoko bakailaoa, ( Gadus morhua ), zalantzarik gabe. Ingurumenean gertatutako edozein aldaketak eragiten dio, antza, bizi-zikloaren aro batean ez bada bestean.

Jar gaitezen itsasora begira. Bakailaoa ez da ozeanoaren beste aldean bakarrik gutxitu, Europako Atlantikoaren iparraldean eta Ipar Itsasoan ere geroz eta urriagoa da, nahiz eta, ustez, oraindik ez dagoen arriskuan.

Bakailaoa ur hotzeko arraina denez, iparraldera jo du ura epeldu ahala. Haren atzetik badira Atlantikoaren iparraldera joaten diren euskal ontziak. Euskal Herrian jaten den bakailao gehiena kanpotik ekarritakoa da, ez da hemengo arrantzaleek harrapatutakoa. Izan ere, harrapaketak gutxiago izan arren, eskaera ez da jaitsi, eta handitu egin dela esan daiteke, orokorrean arrain gehiago jaten baita.

Islandia, Norvegia eta Faroe uharteetatik ekartzen da bakailaorik gehien. Herri horiek gertu dauzkate bakailao-kalak, eta arrantza-tradizioa ez da euskaldunona baino berriagoa. Historialarien ustean, Europa iparraldeko herri bikingoak izan ziren bakailaoa arrantzatzen lehenengoak. 1000. urterako arrantzatzen omen zuten bikingoek bakailaoa Eskandinaviako kostaldean.

Gehiegi arrantzatu izanak ekarri du bakailaoa gutxitzea.

Dena dela, euskaldunak izan ziren iraultza ekarri zutenak, bakailao gazitua asmatu zuten eta. Arrain sendo honek gazituta luze irauten duela konturatu ziren. Hala, balea arrantzatzera Ternua eta Labrador ingurura joaten zirenean, bakailaoa harrapatzeko aprobetxatzen zuten, eta bakailaoa bera izaten zuten elikagai nagusi.

Bakailaoari esker gosete bat baino gehiagori egin diote aurre Atlantikoaren kostaldeko herriek. Espezieak jasan zezakeen baino gehiago ustiatu da, ordea, eta orain zor zaion ordaina bueltatzeko garaia iritsi da. Beranduegi ote da.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia