}

RAMSES: basamortuko otiaren inbasioa eragozteko teknologia

2001/08/19 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Bakarrik dabiltzanean ez dute arriskurik sortzen; taldean, ordea, une batetik bestera aurrean harrapatzen duten guztia suntsitzeko gai dira. Gosea zabaldu, desoreka sortu eta kostu handiko kalteak eragiten dituzte. Aurka egiteko arma bakarra ezkutalekua aurkitzea eta kontraerasoa da; eta, hala ere, askotan bizirik ateratzea lortzen dute. Egun, agintariek ahalik eta teknologia aurreratuena erabiltzen dute erasotzaileak non dauden jakiteko. RAMSES sistemaren bidez, apurka-apurka etsaia menderatzen ari direla dirudi. Otiak dira, basamortuko otiak.
Otiak taldetan batu eta jateko bila abiatzen dira.

Norbaitek pentsatuko du basamortuko bidelapurrak direla eta buruan durbantea dutela ibiltzen direla. Ez, bada. Matxinsaltoen antzeko intsektuak dira, eta, nagusiki, basamortuan edo basamortu inguruan ibiltzen dira: Afrikako iparraldean, Sahel-en (Burkina Faso, Txad, Mali, Mauritania eta Nigeria), Arabiar penintsulan (Saudi Arabia, Yemen, Oman, etab.) eta Indiaren mendebaldean. Bakarrik dabiltzanean, otien populazioa txikia izaten da eta ez dute arriskurik sortzen. Lehorte-garaiaren ostean, ordea, otien ugaltze-eremuetako landaretza azkar hazten da eta, ondorioz, otien populazioa ere asko handitzen da. Orduan, otiak taldetan batu eta jatekoaren bila abiatzen dira.

Hasiera batean, hainbat motatako basamortuko oti (Schistocerca gregaria) zeudela uste zuten. Orain, ordea, badakite espezie bereko otiek kolore eta jokabide desberdinak izan ditzaketela. Esate baterako, oti bakartiak marroiak dira berez, baina talde batekin elkartzean arrosa bihurtzen dira eta zahartzaroan, ostera, hori. Oti-lainoak eratzeko, inguruko otiekin kontaktua izatean atzeko hanketako sentsoreak estimulatzen dituzte eta, hartara, oti guztien jokabidea sinkronizatu egiten da. Oti-laino batek 20 x 50 kilometroko eremua izan dezake, eta metro karratuko 300 oti heldu baino gehiago egon daitezke.

Espezie bereko otiek kolore eta jokabide desberdinak izan ditzakete

Otien agerraldi handienak 1986 eta 1989 artean gertatu ziren. Orduko haietan, Afrikako ekialdean 275 milioi dolar baino gehiago erabili ziren intsektuei aurre egiteko. Hala ere, otiak ez ziren kikildu eta uztaren % 5 suntsitu zuten. Otiek asko eta azkar jaten dute: oti lainoaren zati txiki bat (tona bat oti inguru) egun batean elefante batek edo 2.500 lagunek jan dezaketen janari-kantitate bera jateko gai da. Justu uzta aurretik atakatzen dutenean, ondorioak oso larriak izan daitezke. 1987ko izurria bukatu zenerako, intsektuek 25 herrialdetara iristea lortu zuten eta oso galera larriak izan ziren.

Ordutik hona agerraldiren bat edo beste egon da, baina ez da beste izurririk sortu. Hala ere, adituek badakite une batetik bestera ager daitekeela. Horregatik, garrantzitsua da otiak detektatzeko ahalik eta metodo eraginkor eta aurreratuenak erabiltzea, gero horien aurkako neurriak hartu ahal izateko. Horixe da, hain zuzen ere, duela bizpahiru urtetik hona FAO (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) erakundeko Izurri Migratzaileen Taldea egiten ari dena.

Oti-lainoaren zati txiki bat (tona bat oti inguru) egun batean elefante batek edo 2.500 lagunek jan dezaketen janari kantitate bera jateko gai da.

FAO 1945ean sortu zen. Gobernuen arteko erakundea da eta 180 herrialdek osatzen dute. Helburu nagusia baserri-giroko lurraldeetako elikadura-maila, bizi-kalitatea eta ekoizpena hobetzea eta, oro har, inguru horietako biztanleen egoera hobetzea da. Hori guztia aurrera eramateko, hainbat sailetan banatuta dago. Horien artean, Izurri Migratzaileen Taldea dago, oti-izurriteei aurre egiteko laguntza emateaz arduratzen dena. Talde horrek bultzatuta, 1998an otiak detektatzeko sistema berri bat erabiltzen hasi ziren. RAMSES (Reconnaisance And Monitoring System of the Environment of Schistocerca gregaria) izena jarri zioten eta euskarri nagusiak GPSa (Posizionatze Globaleko Sistema) eta ordenagailu eramangarria dira.

Punta-puntako teknologia

Orain arte, otien jarraipena egiteaz arduratzen ziren taldeek informazio guztia eskuz jasotzen zuten. Gero, formularioak bete eta faxaren edo posta elektronikoaren bidez bidaltzen zituzten haien herrialdeko bulegoetara. Azkenik, informazio hori FAOren bulego nagusira bidaltzen zen, eta, jasotako informazioaren arabera, ondoren egin beharreko urratsak zehazten ziren. Baina otiak oso azkar mugitzen dira, eta, kokapenaren gaineko informazioak bide hori guztia egin orduko, beste norabait mugitzen ziren. RAMSES sistemarekin, ordea, unean uneko kokapena jakin daiteke. Izan ere, GPS sateliteek etengabe bidaltzen dute informazioa. Dagoeneko, sistema berria 18 herrialdetan erabiltzen ari dira.

Metodo horrek, noski, eremua miatzen duten espezialisten lana asko arinduko da. Orain arte, hamabi bisita baino gehiago ere egin behar izaten zituzten egoera aztertu, otiak bilatu eta inguruko nomada, baserritar eta nekazariekin berba egin eta informazioa lortzeko. Bestalde, pestizida gutxiago erabiltzeko bidea ere izan daiteke, izurriteen jatorria zehaztasun handiagoz determinatuko baita.

Horretaz gain, RAMSES sistemaren bidez FAOko espezialistak gai dira, teorian, izurria agertu den gunearen inguruko herrialdeak ohartarazteko. Askotan, hala ere, herrialde barruko eta herrialdeen arteko gerra eta iskanbilak izaten dira, eta ezinezkoa izaten da informazioa trukatzea.

Otiak aurkitzea, ordea, ez da nahikoa. Etengabe ugaldu eta uzta jatea nahi ez badugu, intsektuak hil eta izurriak eragozteko eraren bat aurkitu behar da. Oro har, pestizidak dira horretarako irtenbide egokiena. Eginbehar horretan sortutako gastuak Nekazaritza Ministerioak ordaintzen ditu, eta eskualdeko erakundeek ere laguntza eskaintzen dute. Izurriak agertzen direnean, ostera, nazioarteko laguntza jasotzen dute.

Dena den, erabiltzen diren pestizidak arriskutsuak izan daitezke gizakiarentzat. Gehien erabili izan diren intsektizidak malathion, fenitrothion eta antzeko produktu organofosforatuak dira. Horiek guztiak toxikoak dira, eta kalteak eragiten dituzte gizakiarengan. Nolanahi ere, kontu apur bat izanda eta produktuak egoki erabilita, badirudi intoxikatzeko arriskurik ez dagoela.

Bestalde, pestizidek ingurugiroan eragiten duten kaltea ere kontuan hartu behar da. Izan ere, otiak hiltzeko erabilitako intsektizidek, askotan, gainerako animaliei ere eragiten diete, bai zuzenean, bai bizi diren inguruneko landaretza kaltetuta.

Sateliteak eta ordenagailuak otiak detektatzeko


Otien balizko kokapena zehazteko, ikertzaileek GPSa (Posizionatze Globaleko Sistema) eta ordenagailu eramangarriak erabiltzen dituzte. Horien bidez, satelite-irudiak jaso eta landaretzan eta atmosferaren egoeran oinarritutako datuak aztertzen dituzte.

Lehenengo, kumuloninbo hodien ezaugarri termikoak aztertzen dituzte; izan ere, hodei horien gainaldea hotz dagoenean, prezipitazioa izateko aukera handia dago. Labur azalduta, hamar egunez hodeien tenperatura txikia izaten bada, prezipitazioak izateko probabilitate handia dagoela esan daiteke. Horregatik, hamar eguneko irudiak erabiltzen da.

Landaretzaren datuak jasotzeko, ostera, Estatu Batuetako Ozeanografia eta Atmosfera Agentzia Nazionalaren (NOAA) datuak erabiltzen dira, hau da, landaretza-zenbaki normalizatua (NDVI). Kasu horretan ere, hamar eguneko datuak jasotzen dituen irudia moldatzen da.

Bi irudi horiek erabilita, otiaren balizko kokapenak zehazten dira. Baina metodo horrek badu akatsen bat edo beste. Batetik, islatze-arazoa dago. Basamortuko hareak kuartzita asko duenez, sateliteek igorritako argi infragorria asko islatzen du, landaretza handiko eremua izango balitz bezala. Horregatik, kalkulatutako landaretza-zenbakia, askotan, benetakoa baino handiagoa izaten da. Egun, RAMSES sistemaren arduradunak kalkuluetan arazo hori konpontzeko metodologiaren bila ari dira.

Bestetik, intsektuak identifikatzeko arazoa dago, otiak ez baitira uztak suntsitzen dituzten intsektu bakarrak. Baina arazo hori ez da hain larria. Izan ere, intsektu-espezie bakoitzak teknika berezia erabiltzen du elikatzeko eta, ondorioz, landaretzan uzten duen arrastoa oso esanguratsua da. Arrasto horren arabera, satelite-irudietan kolorea maila desberdinetan islatzen da.

Baina satelite-irudiak ez dira nahikoa. Horrekin batera, GPS hartzailez hornitutako taldeek eremua aztertu eta hainbat seinale bilatzen dituzte. Besteak beste, intsektuaren ugalketarako egokiak diren egoerak aztertzen dituzte. Alde batetik, lur hareatsu eta hezeak eta landaretzarik ez duten lur-eremuak, arrautzak jarri ahal izateko; bestetik, landaretza berdea kumeei jaten emateko. Gainera, otiek jasaten dituzten aldaketak detektatzeko gai ere badira.

Datu horiek guztiak GIS (Informazio Geografikoko Sistema) sistemaren bidez jasotzen dira, ahalik eta mapa zehatzenak lortzeko. Ordenagailu eramangarrietan, behatzaileek Mapping Information System enpresak egindako MapInfo softwarea erabiltzen dute. Horretaz gain, laborategietan software ahaltsuagoa erabiltzen da, GIS azterketa sofistikatuagoak egiteko.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia