}

Proteomika gibeleko gaitzen aurka

2004/06/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Giza genoma sekuentziatu ondoren, are erronka handiagoa hartu du biologiak: gizakiok ditugun proteina guztien mapa egin nahi du. Ez da nolanahiko lana, 30.000 gene izanda, milioi bat proteina desberdin izan ditzakegula kalkulatu baita. Inoiz mapa hori egitea lortuz gero, izugarrizko erreminta izango dugu esku artean gaixotasun ugari beren osotasunean ulertzeko. Bizkaian, esaterako, hasi dira gibeleko gaixotasunak metodo honen arabera aztertzen.
Jose Maria Mato, CIC-Biogune ikerketa-zentroko zuzendaria.

Jose Maria Mato Zamudioko CIC-Biogune ikerketa-zentro berriko zientzialariak 20 urtetik gora daramatza gibelaren gaixotasun larri bat ikertzen: esteatohepatitisa. Gibelean koipe edo gantz gehiegi pilatzen denean sortzen da, eta zirrosia eragin dezake azkenean. Kasurik okerrenean, baita minbizia ere.

Gaixotasun hori ezin da diagnostikatu gaixoak sintomak nabaritzen dituen arte eta, orduan, beranduegi izaten da, ordurako ez baitago gaixotasunean atzera egiterik. Horregatik, Jose Maria Matok esteatohepatitisa hasiera-hasieratik diagnostikatzeko modua aurkitu nahi du. "Gaixotasunaren fase goiztiar horretan zein gene eta zein proteina aldatzen diren jakin nahi dugu guk. Hala, gaixotasuna zeinek eta noiz garatuko duen jakin ahal izango dugu. Izan ere, gaixotasunak iragarri ahal izatea da medikuntzak milurteko honen hasieran duen erronkarik handiena."

Duela urte batzuk, Matok esteatohepatitisean garrantzi handia duen gene bat identifikatu zuen. Baina badaki hori ez dela nahikoa. Orain, geneak banan-banan aztertu beharrean, horietatik abiatuta sortzen diren proteinak aztertzen ditu. "Geneek informazioa gordetzen dute; besterik ez. Egiten dutena da informazio hori itzuli eta proteina bat sortu. Baina, azkenean, zelulan benetako langileak proteinak berak dira."

Hortaz, proteomika da biologiaren erronka berria. Horren bidez, zelula bakoitzean dauden proteina guztiak zein diren jakin ahal izango da. Geneak sekuentziatzea baino dezente korapilotsuagoa da, egia esan.

Izan ere, bizidunok garatuz goazen heinean proteinak aldatuz doaz; gure zeluletan ez dira proteina berak sortzen enbrioi-fasean edo zahartzaroan. Beldarrak eta tximiletak ere, gene berak dituzte, baina argi dago proteinak, eta, hortaz, itxura bera ere, desberdina dutela. Eta gaixotasunen bat sortzen zaigunean ere gauza bera gertatzen da: aldatu egiten dira proteinak. Proteomikari esker, gaixotasun bakoitzean zein proteina sortzen edo aldatzen den jakin genezake.

Zientzialariek tresna boteretsuak dituzte egun azterketa horiek egiteko. Azken urtetan, bi dimentsioko gelak eta masa-espektrometria ohiko bihurtzen hasi dira. Teknika horiei esker, aldi berean ehunka edo milaka proteina ikusi eta azter ditzakete, oso abiadura handian. Proteomikari esker, gaixotasunak, gaur egungoarekin alderatuta, ikuspegi erabat desberdinetik azter daitezke. Nolabait esatearren, gaixo gaudenean zein proteina sortzen diren ikusita, gaixotasunaren hatz-markaren modukoa lortzen dute zientzialariek.

Matoren helburua esteatohepatitisaren hatz-marka hori aurkitzea da. Gaixotasuna hasten denean zein proteina aldatzen diren ikusi, eta diagnosirako txip bat sortu nahi du; edozein pazienteren odolean proteina horiek azaltzen diren ala ez erraz eta azkar ikusi ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia