}

Prioiak ferritinari eskutik helduta

2005/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

td class="art-testua" valign="top">

Behi eroen gaitza izenez ezagutzen den horren eragileak prioiak dira. Hesteetako zelula jakin batzuk erabiltzen dituzte prioiek gorputzean sartzeko; baina gehienek ez omen dute bakarrik egiten bide hori, beste proteina bati helduta –ferritinari helduta, hain zuzen– egiten omen dute bidaia.

AEBetako Cleveland hiriko ikertzaile batzuek prioiek gorputzean egiten duten bideari jarraitu diote laborategian. Prioiak dituen haragi-puska batek digestio-aparatuan jasaten dituen gorabeherak erreproduzitu dituzte: ahoko, urdaileko eta hesteetako entzimak gehitu dizkiote. Beste proteina batzuek ez bezala, prioiek osorik diraute entzimen erasoaren ondoren eta baita ferritinak ere. Prioiak eta ferritina fluoreszentziaz markatuta, egiten duten bideari jarraitu diote, eta ikusi dute hesteetako zeluletan zehar elkarrekin barneratzen direla.

Antza denez, prioi-ferritina elkarte horri esker pasatu dira prioiak espezie batzuetatik besteetara. Izan ere, ferritina proteina oso antzekoa da animalia-espezie askotan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia