Elhuyar zientziaren komunikazioa

Prioi gehiagori esker gaitza gelditu

2001/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Prioien aldaera gaiztoek eragindako gaixotasunentzat sendabideren baten bila ari dira lanean mundu osoko ikerlariak. Izan ere, behien entzefalopatia espongiformearen hedapena dela eta, gaixotasun arraro eta ezezagun izatetik erabateko gaurkotasuna izatera pasa dira. Gainera, gizakietan azaltzen den Creutzfeld-Jackob sindromearen aldaera duten kasuak ugaritu egin dira (96 Britainia Handian, 3 Frantzian eta 1 Irlandan) eta oraindik ez da sendabiderik ezagutzen.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, batzuengan itxaropena piztu duen lana aurkeztu dute. Prioi patogenoek prioi normalak aldarazten dituzte, gaitza sortzen duten plakak eratuz burmuinean. Ikertzaile horiek diotenez, beraiek egindako eredu matematikoaren arabera, beste espezie baten prioi normalak gehituz gero, gaixotasunaren hedapena eragotz daiteke.

Aldi berean, laborategian egindako saiakuntzak eredu matematikoaren antzeko emaitzak eman dituzte. Saiakuntza horiek, bestalde, agerian utzi dute espezieen arteko prioi-transmisioan nolabaiteko mugak daudela, nahiz eta transmisio horren mekanismoak eta mugak ez egon oso argi (ikus "Prioiek espezieen arteko mugak zeharkatzen dituzte", 2001/03/09). Hala ere, dirudienez, saguen prioi patogenoak hamsterretan gaitza eragiteko gai dira; hamsterren prioiak, ordea, saguetan ez dira hain eraginkorrak.

Hori ikusirik, hamsterren prioi normalak sartu zituzten gaitza zuten saguen burmuinean. Era horretan, eredu matematikoaren arabera, gaixotasunak aurrera egitea eragozten zen. Hamsterren prioi arruntak eratzen ari diren saguen prioi-plaketara iristean, hamsterren prioi-geruza bat egiten da plaken inguruan.

Dena dela, hori hamsterraren prioia saguarena baino lehenago kaltetzen denean bakarrik gertatzen da. Gainera, saguaren burmuinean sartu behar den hamster-prioien kontzentrazioa oso altua da eta ikertzaileek oraindik ez dakite nola egin pauso hori.

Harvardeko Unibertsitateko Peter Lansbury adituak tratamendua egokia izan daitekeela uste du. Adibidez, anemia faltziformearen kasuan, gaitza sortzen duen hemoglobinak okerreko itxura hartzea eragozteko, hemoglobina fetalaren ekoizpena eragiten da.

Beste ikertzaile batzuen iritziz, aldiz, prioi gehiago egoteak eraldatze-prozesua azkartzea eragin dezake, beraz, ez litzateke gaitza gelditzea lortuko. Bestetik, hamsterren prioi mutanteak egon daitezke eta horiek saguen burmuina kaltetzeko gaitasuna izango zuketenez, eragin kaltegarria bikoiztu egingo litzateke.

Ikerketa gehiagoren beharra dago

Europako Batasunak, prentsara bidali duen oharraren bidez, entzefalopatia espongiformeak gehiago ikertzeko eta ezagutzeko dauden egitasmoen berri eman du. Behien entzefalopatia espongiformearen eta Creutzfeld-Jackob sindromearen aldaeraren larritasuna onartzen du, baita orain arte egin diren ikerketek izandako eragozpenak eta hutsuneak ere.

Ondorioz, Europan egiten diren ikerketen arteko koordinazioa bultzatzea erabaki dute, baita lehentasuna duten gaiei arreta gehiago eskaintzea ere, hala nola, bizirik dauden animalientzako testak egitea, prioien inaktibazio-bidea lortzea, entzefalopatia espongiformeen transmisioa ezagutzea eta gizakientzako duten arriskua neurtzea.

Behien entzefalopatia espongiformearen krisiak Europako Ikerketa Saila eratzearen garrantzia eta premia agerian utzi du.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia