}

Plastikoa betikotu nahian

2007/06/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askotan entzun dugu plastikoa ez dela hondatzen, edo, behintzat, nekez desegiten dela. Eta hala da, plastikoz egindako gaiek luzaroan irauten dute itsasoan zein lehorrean, eta horrek arazoak sortzen ditu ingurumenean. Alabaina, zenbait museotako arduradunei plastikoaren iraupenaz galdetuz gero, oso bestelako ikuspegia emango lukete. Izan ere, plastikozko artelanak hondatzen hasiak dira, eta ez dakite degradazioa nola galarazi.
Plastikoz egindako panpinek, hondatu ahala, balioa galtzen dute.

Museoetan gordetzen diren eskultura gehienak marmolez, burdinaz eta halako material iraunkorrez eginda daude. Material horiek aspalditik erabiltzen dira, eta mendeak irauten dute ia batere hondatu gabe. Horien ondoan, plastikozko lanak gazteak dira, eta duela gutxi hasi dira sartzen museoetan. Eta orain hasi dira arazoaz jabetzen.

Hala, nahiz eta pintura eta eskultura klasikoekin alderatuta plastikozko arteak historia kultural laburra duen, lan batzuk ehun urte inguru dituzte, eta horiek behar bezala gordetzea buruhauste bihurtu da museoen eta arte-galerien arduradunentzat.

Beltzetik zurira

Erreakzio baten ondorioz, irudi hauen kolore beltza zuritu egiten da.

Adibidez, PVC edo polibinil kloruroa da gehien erabili den plastikoa. Plastiko horrekin egin zituzten, esaterako, Star Wars-eko eta kultuko beste hainbat filmetako irudiak. Batzuei harrigarria iruditzen zaien arren, plastikozko iruditxo horiek balio handia dute merkatuan. Egoera onean badaude, jakina. Alabaina, denborarekin hondatu egiten dira, eta, ondorioz, balioa galtzen dute.

PVCa ez zartatzeko gehitzen zitzaizkion plastifikatzaileak dira arazoaren muina. Plastifikatzaile horiek fisikoki lotzen zaizkio PVCari. Lotura ahul samarra denez, denborarekin askatu egiten da, eta plastifikatzailea materialaren azalera ateratzen da.

Gainera, bilgarriak azidoak izaten dira, eta plastifikatzaileak kristalak eratzen dituzte inguru azidoan badaude. Kristalei begi hutsez antzematen zaie, eta irudiari zahar-itxura ematen diote. Esate baterako, Star Wars-eko Darth Vader pertsonaiaren kasko beltza zuritu egiten da kristalen eraginez. Horrenbestez, irudiak balioa galtzen du, eta merkatuko prezioa jaitsi egiten da.

Adituen arabera, PVCzko objektu baliotsuak degradatzea galarazteko, etxeko hozkailuan gordetzea da onena.

Erreakzio-katea

Degradazioa nola galarazi aztertzen ari dira ikertzaileak.

Dena dela, ez da PVCa hondatzen den plastiko bakarra. Horrez gain, zelulosa azetatoa eta zelulosa nitratoa asko erabili dira, baita artelanak egiteko ere, eta orain degradatzen ari dira.

Adibidez, XX. mendearen hasieran, Naum Gabo artistak zelulosa azetatozko hainbat eskultura egin zituen, eta René Laliquek, berriz, zelulosa nitratozkoak. Plastikozko lehen panpinak ere zelulosa nitratozkoak ziren. Baina arazo bat dute: degradatu egiten dira denborarekin, argiak abiarazten duen erreakzio-kate baten bidez.

Erreakzio-kate hori geldiezina da, baina ikertzaileak moteltzeko bidea probatzen ari dira. Plastikoak degradatzean, usaindu daitezkeen gasak askatzen dira; azido nitrikoa edo azido azetikoa dira, plastikoaren arabera. Gasek erreakzioan parte hartzen dute, eta, beraz, gas horiek ingurutik kenduta, erreakzioa moteldu daitekeela uste dute ikertzaileek. Hala, gasak xurgatzen dituen ikatza probatzen ari dira, eta badirudi emaitzak onak izaten ari direla.

Edonola ere, plastikoak irautea ez da erraza, baina ikertzaileak horretan saiatzen ari dira. Gainera, etorkizunean ere lan handia izango dutela aurreikusten dute adituek, gaur egun plastiko-mota asko erabiltzen baititugu, eta ez dakite zer gertatuko zaien denborarekin. Hortaz, litekeena da horiek ere ezustekoak ematea museoetako arduradunei eta bildumagileei. Antza denez, ezer ez da betiko; plastikoa ez behintzat!

Deia- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia