}

Piratak haririk gabeko telefonoetan

1993/05/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria


Azken aldi honetan telefonoaren faktura ikaragarriak etorri zaizkiola eta, kexu da zenbait erabiltzaile. Duela hilabete batzuk arte 903 zenbakizko linea berezietara (besteak beste erotikoetara) deitzea zen horren arrazoia, baina gaur egun arriskua beste bat izan daiteke: haririk gabeko etxeko telefonoa.

Agian zuk ere zeure etxean horrelako telefono bat edukiko duzu. Oso erosoa da, izan ere, telefonoaren oinarria telefono-sarera kable bidez konektatuta finko gela batean eduki eta eskuan hartzeko aparatuari antena zabalduta nonnahitik (sukaldetik, logelatik, jardinetik edo beste edozein gelatatik) hitz egin ahal izatea. Horregatik eduki du telefono-mota honek horrenbesterainoko arrakasta.

Abantailak abantaila, aparatu hauek badute arrisku handi bat: telefono publiko bihurtzekoa. Zuk zeure etxean instalaturik daukazun oinarri hori erabiltzeko, eskuan hartzeko antenadun aparatu eramangarria eduki dezake zure ondoko etxean edo kalean dabilen beste edozeinek, eta horrek zure etxeko oinarritik lineako tonua hartzea lortzen badu, nahi adina dei egin ditzake zure kontura. Hark telefonoz hitz egin eta zuk ordaindu beharko dituzu fakturak.

Akats hori konpontzeko, aparatu homologatuek badute pirata hauen kontrako babesa, baina noski, garestiagoak dira. Beraz, ez da harritzekoa jendeak Asiako hego-ekialdean egindako aparatuak erostea. Askoz merkeagoak izaten dira, diseinuz ere estetikoagoak izan daitezke eta ia beti ongi funtzionatzen dute (soinuaren kalitatea homologatuena bezain ona izaten da). Batzuetan gainera, oinarri finkotik antenadun mikrofono eramangarrirainoko distantzia homologatuek baino handiagoa onartzen dute.

Dena den, haririk gabeko telefono hauetan soinuaren kalitatea eta oinarritik mikrofono eramangarrirainoko distantzia ez dira ezaugarri garrantzitsuenak. “Erabilpen-segurtasuna” da aparatu hauek eduki behar dutena, zeren abonatu batzuei telefono-konpainiak piratak direla eta milioi bat pezeta (50.000 libera) baino faktura handiagoak bidali baitizkie.

Ikus dezagun, bada, aparatu homologatu eta homologatu gabeen artean dagoen diferentzia zein den. Arazoaren gakoa, telefonoaren oinarri finkoak (sarera konektatuta dagoenak) antenadun mikrofono eramangarria (eskuan hartuta noranahi eramaten dena) ezagutzea da. Haririk gabeko telefonoa “hartzea”, antena zabaltzea edo botoi bat zanpatzea izaten da, baina tonua ez da ohizko kabledun telefonoetan bezain automatiko etortzen. Haririk gabekoan eskuko aparatuaren antenatik oinarri finkora irratizko lotura dago, horretarako nahikoa frekuentzi banda estua izaten duelarik.

Horrelako telefonoa askok dutenez, auzo berean frekuentzia bera erabiltzen duten aparatuak egotea ez da harritzekoa. Oinarriak eskuko aparatu eramangarria identifikatzen ez badu, gerta daiteke etxe batean telefonoa “hartu” (eskukoaren antena zabaldu) eta inguruko hiruzpalau oinarritik linea lortzea. Arazo hau konpontzearren, martxan jartzen den bakoitzean deia egin edo jasotzeko eskuko aparatu eramangarriak bere kode propioa igortzen du. Kode hori oinarri finkoak konparatu egiten du bere memorian duenarekin, eta berdinak badira linea ematen du; bestela ez.

Teorikoki ezinezkoa da eskuko aparatu batek bere oinarria ez den beste batetik komunikatu ahal izatea, homologaturik badago. Kodeak nolanahikoak badira ere, gutxienez 10.000 eduki behar ditu aparatuak. Horren arrazoia, bi aparatuk leku beretsuan kode berdina edukitzeko probabilitatea oso txikia izatea da. Matra etxeak, adibidez, oinarri eta eskuko aparatuaren artean lotura numerikoa du eta 64.000 konbinazio egin ditzake. Erabiltzaileak gainera, kodea zein den ez daki. Aparatua da kode hori “dakien” bakarra. Normalean oinarriko memorian egoten da eta hortik transmititzen da eskuko aparatura. Horrela erabiltzaile batek bere etxean eskuko aparatu eramangarri bat baino gehiago eduki dezake oinarri finko bakarra erabiliz.

Aparatu homologatuek badute piraten kontrako babesa, baina noski, garestiagoak dira.

Eskuko aparatua oinarriaren gainean dagoenean (pilak kargatzeko, adibidez), oinarriak bere kodea transmititzen dio eta honek bere memoriara jasotzen du. Aparatu askotan kodea aldika aldatu egiten da. Oinarriak zoriz zenbaki bat aukeratu eta eskuko aparatu eramangarriari transmititzen dio.

Homologaturik gabeko aparatuetan, oinarriaren eta eskuko aparatuaren arteko identifikazio-sistema askoz ere sinpleagoa da (aparatu merkeenek batere identifikazio-sistemarik ez dute izaten). Gehienetan transmititzeko frekuentzi banda desberdinak besterik ez dituzte. Frantzian, esaterako, hamar banda besterik ez dituzte eta hiri handi batean haririk gabeko telefonoetan pirateatzea nahikoa erraza da. Nahikoa da eskuko aparatu eramangarria hartu eta etxe, industria edo denda asko dauden lekuetan ibiltzea. Piratak bere eskuko aparatuari aldika antena zabaltzen dio, eta tonua lortzen duenean, oinarriren bat “harrapatu” duenaren seinale. Hortik aurrera nahi adina dei egin ditzake kaletik edo automobiletik nahi duen lekura.

Argitu beharra dago telefono-konpainiak fakturak beti oinarria daukan titularrari bidaltzen dizkiola eta oinarriak eskuko aparatuarekin eduki dezakeen identifikazio-sistemaren berririk ez duela izaten. Oso zaila da, beraz, pirata berea egiten ari denean harrapatzea. Linearen titularrak gehienez ere, bera hitz egiten ari ez denean linea “okupaturik” dagoela ikusiko du. Egin dezakeen gauza bakarra komunikazioa etetea da, baina inguruak arakatzen hasi eta pirata harrapatzea nahikoa zaila gertatuko zaio.

Haririk gabeko etxeko telefonoetan homologatu gabeko aparatuak dituztenek beraz, lineako segurtasun faltaz bestek egindako deiak ordaindu behar izaten dituzte.

Teknika berriek sortutako arazo hauei buruz legeria eta jurisprudentzia ez dira behar bezain garaturik egoten, eta faktura ikaragarriak bidali dituelako telefono-konpainiari erreklamazioa egiten bazaio, gehienez ere ordainketa-epea zerbait luzatzea lortu ahal izaten da. Kontuz, beraz, haririk gabeko telefonoa erosten duzunean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia