}

Perretxikoen etorkizuna

1997/01/01 Salcedo Larralde, Isabel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udazkenean, eta aurtengoan bereziki, benetan ederra perretxikozaleentzat, lagun zaharren grina pizten da. Ezaguna da Euskal Herriko biztanleen Naturarekiko zaletasuna, bai mendizale edota perretxikozale modura.
1. irudia. Sarcoscypha coccinea (Scop.:Fr.) Lamb. (V. Martinez Irigoyen)

Perretxikozale esaten denean bi multzo bereiztu beharko genituzke. Alde batetik, perretxiko- edo hobeto esanda onddo-ikertzaileak ditugu, astero Euskal Herriko bazter guztiak miatu ondoren baso eta zelaietan agertzen diren bizidun hauek aztertzen baitituzte, eta bestetik, perretxikojaleak ditugu, harrapaka basoak husten dituztenak. Lehenengo taldearen lana, eta Euskal Herrian bereziki, aste mikologikoen prestaketekin, hitzaldien emanaldiekin, etabarrekin txalogarria izan bada, bigarren multzoaren jokaera kezkagarria da, onddoen etorkizuna arriskuan ipin baitezakete.

Egia da, historian zehar une desberdinak egon direla, eta hasiera batean gizakia biltzailea bazen ere, eta jasotakoa ezinbesteko elikagai-iturria bazuen ere, pixkanaka Naturako baliabide batzuk kontrolpean izan zituen eta Naturarekiko dependentzia osoa galtzen joan zen.

4. irudia. Hygrophorus marzuolus (Fr.:Fr.) Bres. (V. Martinez Irigoyen)

Egungo egoera zeharo desberdina da, hala ere ez ote dira antzinako oroitzapenak perretxikoen bila bultzatzen gaituztenak? Egoera desberdina dela esaten dudanean, azpimarratu nahi nuke alde batetik, ezinbesteko elikagai-iturria ez dela eta bestetik, egungo gizarteko jende-kopurua oso handia dela eta, inguruko baldintzak desorekatzen ari garela eta honek ustiaketaren arautzea eskatuko lukeela.

Perretxikoen aniztasuna

Perretxikoak, Naturak eskainitakoak, zergatik ez ditugu aprobetxatu behar? hau da askori burura datorkion galdera, eta arrazoi faltarik ez du. Alabaina, honekin batera beste galderak lotuta datoz: zergatik eta nola daude onddoak toki batean? Eta erantzun hauek ere ezagutu beharko genituzke.

Perretxikoak zer diren azaltzerakoan, ikuskorrak eta ezagunak diren forma batzuk deskribatzen hasiko ginateke. Hala ere, bizidunak direla esango ote genuke? Ba al dakizue zer esan nahi den horrekin? Ba horixe, bizi direla eta nonbaiten bere txokoa dutelarik, jan, bizi eta ugaldu egiten direla, eta horrela bere bizitza eta espeziearen etorkizuna ziurtatzen dutela.

5. irudia. Calocybe gambosa (Fr.:Fr.) Donk (V. Martinez Irigoyen)

Esan daiteke prozesu historikoaren ondoren onddoak gainontzeko bizidunekin oreka aldakor batean bizi ohi direla. Garai batean onddoak, beraien mugiezintasunagatik landareekin sailkatu baziren ere, gaur egun berezko nortasuna ezartzen zaie. Landareekiko bereizten dira besteak beste energia lortzeko, hau da bizirik mantentzeko, fotosintesia egiteko gai ez direlako eta hori dela eta karbono-iturri organikoa behar dutelako; hau da heterotrofoak dira, animalien gisa, baina elikatzeko zurgapenaz baliatuko dira. Hau horrela izanik, materia organikoa dagoen edozein tokitan bizi dira.

Ezagutzen den onddoen espezie-kopurua altua da, ehun mila inguru, eta ugal-egituran oinarrituta zenbait taldetan banatuta daude. Dena den, espezie horiek guztiek gorputz begetatibo txikiak, ikustezinak direnak, garatzen dituzte: mizelioak (2. irudia). Oro har gorputz hori firukara da, hots hifa, eta bera izaten da elikatzen dena. Onddoak konposatu organikoak dauden tokietan haz daitezke, hori dela eta lurzoruan, edota enborretan, etab.etan bizi ohi dira. Garai jakin batean, ordea, ugal-gorputzak garatzen dituzte eta zenbait taldetan ugal-gorputz hau ikuskorra da; horixe da guk ezagutzen duguna (2. eta 3. irudiak). Ugal-gorputz horiek izendatzeko makina bat izen erabili ohi da, hala nola perretxiko, onddo, ziza, ardagai, azal, kopatxo, atzapar, etab....

Ugal-gorputz horien forma eta tamaina oso aldakorra da, sailkapenerako baliagarri izanik. Artikulu honetan sailkapen sakonetan ez gara sartuko, baina ezin daiteke ahaz atal hori ere oso aberatsa eta interesgarria dela.

9. irudia. Marasmius oreades (Bolton:Fr.) Fr. (V. Martinez Irigoyen)

Onddo-espezie bakoitzak bere bizi-zikloa dauka, eta ugal-gorputz hori, hots karpoforoa, udaberrian gara dezake, hala nola Sarcoscypha coccinea txanogorritxua (1. irudia), Hygrophorus marzuolus martxoko ezkoa (4. irudia) edota Calocybe gambosa udaberriko zizazuriak (5. irudia); beste askok berriz, Collybia butyracea (6. irudia), Cantharellus cibarius zizahori (7. irudia), Amanita citrina lanperna limoi (8. irudia) edota Lepista nuda ziza hankaurdinak udazkenean zehar topatzen dituzte baldintza onenak beraien ugal egiturak garatzeko.

Guzti hau enpirikoki ezaguna da, hau da esperientziaz, eta hau horrela izanik, uda eta udazkena euritsu eta epelak badira jendeak perretxikoak ikustea espero du. Beraz, urteko eguraldia, hau da klimatologia, garrantzitsua izaten da, alabaina honekin batera nora jo ere jakin behar da. Horretarako onddoen ekologiaz edo bizimoduaz arduratu beharko ginateke.

Lehenago esan dugun modura onddoak substratoarekiko menpekoak dira, eta elikagaia honako bide hauetatik lortzen dute: 1) inguruan dagoen materia organiko hilaz baliatuz, hots, saprofitoak. Onddo hauek Naturan ezagutzen diren lehenengo ekologistak dira, inguruko materia organiko gehiena birziklatzen baitute, horrela gainontzeko bizidunek elementu horiek aprobetxa ditzaketeelarik; 2) beste bizidun batek dituen konposatu organikoaz baliatuz, hauei bizkarroi deritze eta 3) bizidun batekin elkartzen direnean osagai biek onurak lortuz; honi sinbiosia deritzo. Azken hau onddoen munduan oso hedatuta dago eta bi azpimultzo daude, bata algekin elkartzen denean, liken izenaz ezagutzen delarik, eta elkartearen ondoren berezko taloa edo gorputza bilakatzen dutena, eta bigarrena, onddoa eta landare loredunen sustraiekin elkartzen denean, mikorrizak alegia (3. irudia).

Basoak bai, baino…

6. irudia. Collybia butyracea (Bull.:Fr.)P.Kumm. (V. Martinez Irigoyen)

Esan gabe doa, basoek eskaintzen digutela gune egokia aipatutako onddo multzo desberdin horiek topatu al izateko. Horrela, orbel artean, bertan dagoen materia organiko hilaz elikatuz, onddo ugari ditugu, hala nola Collybia , Mycena eta beste hainbat generotako; orbelen artean, baina onddoen mizelioa zuhaitzen sustraiekin estu lotuta onddo mikorrizikoak ditugu, eta hauen artean perretxikozaleek preziatzen dituzten onddo ugari izaten dira, Amanita , Boletus , Lactarius , Lepista , Russula , eta abar. Eta zer esanik ez zuhaitz, belar edo animalien bizkar bizi direnak, hau da bizkarroiak, Armillariella , Microsphaera , etab. Azkenik, nortasun bikoitza eta berezko talo ikuskorra garatzen duten onddoak genituzke, hau da likenak, basoetako enbor, arroka edo lurrean bizi direnak (3. irudia).

Beraz, basora edo sastrakadietara perretxikoen bila joatea egokiena dela aitortu behar da; egia da, perretxikoak belardietan ere topa daitezkeela, Marasmius oreades marasmio jangarri alegia (9. irudia). Ezaguna da zenbait onddoren zuhaitzekiko espezifizitatea ere, horrela Lactarius deliciosus esnegorria pinudietan baino ez da hazten; beste batzuk ordea, zabalagoak dira eta baso desberdinetan haz daitezke, hala nola Amanita rubescens lanperna gorria.

Etorkizuna

7. irudia. Cantharellus cibarius (Fr.:Fr.) Fr. (V. Martinez Irigoyen)

Laburki bada ere, ikusi dugu onddoak nola bizi diren. Edonola ere, onddoek garatutako ugal-egiturak animaliek, gizakiak barru, aprobetxatu egiten dute Naturak eskainitakoa. Hau horrela izanik, non dago arazoa? Arazo nagusia baliabideen ustiaketa desegokia da.

Euskal Herriko egoera orokorraren arazoa bi puntutan oinarritzen da; alde batetik, eta bertako Baso-politika dela eta, basoen murrizketa nabaria da eta horren ondorioz mikoflora pixkanaka edo bat-batean –taldearen arabera– desagertzeko arriskuan aurkitzen da; eta bestetik, azkeneko urte hauetan zehar perretxiko-biltzaileen kopurua izugarri emendatu da, eta hau dela eta inguruneak jasotzen duen presioa handiegia da.

Bestalde, perretxikoak ondo identifikatzeko eta, besteak beste, pozoitzeko arriskua ekiditzeko, bere osotasunez hartu behar dira, zenbait espezie eraztun edo bolbadun baitira. Alabaina, komeni da gogoraraztea onddo gehienen gorputza, hots mizelioa, lurzoruko goiko geruzan bizi ohi dela eta lurra harrotzen denean lurreko baldintzak aldatu egiten direla, eta ondorioak bertako mikroflora eta mikrofaunarentzat oso kaltegarriak izan daitezkeela.

8. irudia. Amanita citrina (Sch.: Fr.) Gray (V. Martinez Irigoyen)

Bestetik, ugal-gorputzak biltzen direnez, perretxikoen barreiadura-unitateak, hots esporak, eramaten dira eta beraz, basoetatik perretxikoak desagertzen dira. Gertaera hau puntu zehatz batean baino ez bada gertatzen, egoera orokorra jasangarria litzateke, baina gure inguruko txoko guztiek aipatutako presioa jasaten badute, ekosistemak edo inguruneak ez dira gai eusteko, eta bertako aniztasun orokorra, eta fungikoa bereziki, galtzeko arriskuan ipintzen da.

Egoera honen aurrean perretxikoen bilketa razionalizatua bultzatu beharko da. Beraz, onddoen mundua ulertuta eta hausnarketa sakonegia egin gabe ere konturatzen gara, Natura zaindu behar dugula etorkizun hurbilean perretxikoak, eta beste bizidun batzuk, ikusi nahi baditugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia