}

Ozeano Bareko plastikozko uhartea: gero eta handiagoa, gero eta azkarrago

2018/04/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ozeano-bareko-plastikozko-uhartea-gero-eta-handiag
Plastikozko uhartearen mapa, masa-kontzentrazioaren datuekin. Arg. L.Lebreton eta al./Scientific Reports

Azken ikerketaren arabera, uste zutena baino are handiagoa da plastikozko uhartea, Ozeano Barean, Kalifornia eta Hawaii artean, metatutako plastiko-multzoa. Zehazki, 1,6 milioi km2-ko azalera du, hau da, Euskal Herria baino 76 aldiz handiagoa da. Gainera, esponentzialki hazten ari dela ohartarazi dute ikertzaileek.

Ocean Cleanup Fundazioak zuzendu du ikerketa. Datuak biltzeko, 30 ontzi eta bi hegazkin erabili dituzte. Ontziek 1,2 milioi lagin bildu zituzten, eta hegazkinek 300 kmeskaneatu zituzten, irudi multiespektralak eta 3D-koak lortzeko. Datu horiekin, eta ereduen bidez, azalera ez ezik, uhartean metatutako plastikoen ezaugarriak, dentsitatea eta beste alderdi batzuk ezagutu dituzte.

Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, bataz beste 10 kg plastiko daude km2-ko, eta masaren % 92 plastiko handiek osatzen dute. Emaitza horrek harritu egin ditu ikertzaileak, gehien bat mikroplastikoz osatuta zegoela uste baitzuten.

Ocean Cleanup Fundaziokoek aurreratu dute ikertzen jarraituko dutela. Besteak beste, plastiko handiak biltzeko sistema bat garatzen ari dira, desegin eta mikroplastiko bihurtu aurretik jasotzeko, mikroplastikoak handiak baino arriskutsuagoak baitira ozeanoko bizidunentzat. Horrez gain, besteak beste, ur azalaren azpian zenbat plastiko dagoen jakin nahi dute, eta ondo ezagutu nahi dute nondik nora mugitzen diren plstikozko hondakinak eta nola metatzen diren.


 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia