}

Naturgune babestuen kudeaketa eta nekazaritza-iharduerak

1997/10/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nekazaritza eta ingurugiroa. Bi hitz, bi arlo, bi esparru, hauen esanahiak ongi definiturik dauzkagu eta elkarrekin, ezer gutxi esaten digute. Izatez, lagun zaharrak badira ere, bereizita ibili izan dira azkenaldi honetan. Bakoitzaren ibilbidea ikusirik, ordea, bata bestearen beharrean dira eta berriro adiskidetzeko garaia iritsi zaie. Gizarteak estimatuko du ituna, baina ez du naturaren saririk jasoko... Euskal Autonomi Elkartea Nafarroa
L. Astorkia

Neolitoaz geroztik, gizakia, abeltzain eta nekazari bihurtu zenetik, bere ingurunea eraldatzen joan da. Gaur egun, Euskal Herriko ia paisaje guztia, dena ez esatearren, gizakiak buruturiko iharduera desberdinen emaitza da.

Garai batean, nekazaritza eta abeltzaintzaren eboluzioan gertatzen ziren berrikuntzen aurrean, nekazariek eta naturak aldaketak jasan eta orekatzeko gaitasuna izaten zuten.

Gaur egun gertatzen diren berrikuntza eta eraldaketa gehienak, ordea, askoz azkarrago doaz eta ez daukagu ez denborarik, ez teknologiarik ezta jakinduriarik ere horiek guztiak gure ingurunean txertatu eta ondorioak neurtu eta baloratzeko. Ondorioz, hainbat nekazaritza-ustiapen intentsiboek kalteak eragin dituzte ingurugiroan.

Horra hor paradoxa: gaur egun babestu eta zaindu nahi ditugun paisaje eta ekosistema asko, urte askotako nekazaritza-ihardueren ondorio dira eta preseski, gaizki bideraturiko nekazaritza-ustiapenak izan daitezke bertako etsai.

Naturgune babestuen sorrera

Gaur egun Euskal Herriko ia paisaje guztia, dena ez esatearren, gizakiak buruturiko iharduera ezberdinen emaitza da.
A. Elosegi

Naturguneak babestu eta kudeatzeko erabakiak nahikoa berriak dira Euskal Herrian. Ohizko nekazaritza-iharduerak bultzatuz, ingurunea kontserbatu eta aldi berean bertako biztanleen garapen sozioekonomikoa bermatzeko asmoz sortu ziren naturgune hauek.

Euskal Herriko administrazio desberdinek irizpide desberdinak erabili izan dituzte naturguneak babesteko garaian.

Batetik, Euskal Autonomi Elkartean, Parke Naturalen eredua erabili izan da, eremu zabalak babestuz. Era honetara, kontserbazioa eta garapen ekonomikoa uztartzen saiatu dira. Bestetik, Nafarroan, azalera txikiko lur-sailak babestu dira, batez ere. Kasu honetan, irizpide ekonomikoak alde batera utzi eta ekosistema, bitxikeria geologiko edo espezie jakin batzuen babesa bultzatu da. Eta, azkenik, Iparraldean, oraingoz, ez da juridikoki babestuta dagoen naturgunerik sortu.

Euskal Autonomi Elkartean Parke Naturalen bideari heldu zaio nagusiki; horrela, eremu zabalak babestu nahi izan dira. Aralarko Parke Naturala da horietako bat 1994ko apirilean izendatu zuten Parke Natural.
A. Elosegi

Aitzindaria Urdaibaiko Biosferaren Erreserba izan zen, 1989. urtean, UNESCOren MAB programaren ereduari jarraituz izendatu zena. Helburu nagusia hango ekosistema eta ohizko giza ihardueren osasuna egoera onenean mantentzea zen.

1989. urtean, Espainiak Eremu Babestu eta Animalia eta Landare Basatien Kontserbaziorako 4/1989 Legea onartu zuenean, naturguneak babesteko tresna juridiko berriak sortu ziren. Lege horren berrikuntza nabarmenena Natur Baliabideen Antolamendu Plana (NBAP/PORN) sortzea izan zen. Edozein ingurune juridikoki babestu aurretik derrigorrezkoa da NBAP hau egitea eta lehentasuna izango du beste edozein lurralde-antolaketarako planen aurrean. Plan honetan aipatzen dira, besteak beste, babesturiko eremuaren muga fisikoak, bertako kontserbazio-egoera, ihardueren arautegia, kontserbazio-irizpideak, etab. Dena den, NBAPren eginbehar nagusia babestu nahi den ingurunearen lurralde-zatiketa edo zonifikazioa egitea da. Hau da, naturgune batean babes-maila desberdinak izango dituzten eremuak egongo dira eta lurralde-zatiketa horretan oinarrituko dira aurrerantzean gune jakin bakoitzean hartuko diren neurriak.

Naturgune hauek izendatu eta kudeatzeko ardura administrazio autonomikoen esku gelditu da, Parke Nazionalena izan ezik.

Nafarroan azalera txikiko lur-sailak babestu dira, ekosistema, bitxikeria geologiko edo espezie jakin batzuen babesa bultzatuz. Pitillasko aintzira, erreserba biologikoa, horietako bat da.
A. Elosegi

Geroztik, Euskal Autonomi Elkartean, Parke Naturalen sorrera bultzatu da; Urkiola (1989), Valderejo (1992), Gorbeia (1994), Aralar (1994) eta Aiako Harria (1995).

4/1989 Legea zabaldu, zehaztu eta gure lurraldera egokitzeko asmoarekin, 1994.eko ekainaren 30ean, Gasteizko Legebiltzarrak Natura Babesteko 16/1994 Legea onetsi egin zuen. Lege honen helburua, baliabide naturalen erabilera ordenatu bat burutuz, bertako ekosistema, landaretza eta fauna kontserbatzea da. Naturgune babestuei dagokienez, hainbat berrikuntza etorri da Lege honen itzalean. Hiru babes-maila finkatu dira: Parke Naturalak, Biotopoak eta Aparteko Zuhaitzak.

Arestian aipaturiko NBAP hori naturgunea babestu aurretik egin behar da eta izendatu eta urtebeteko epean, berriz, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP/PRUG) eratu behar da. Plan honetan, ingurune babestuan baimentzen eta galerazten diren iharduerak zehazten dira. Halaber, bertako arautegia eta babes-irizpideak ere finkatzen dira.

Kakuetako arroila bezalako naturguneak dauden arren, Iparraldean ez da oraingoz juridikoki babestutako naturgunerik sortu.
A. Elosegi

Naturgune babestuen izendapena Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dago eta berauen kudeaketa, berriz, dagokion Foru Aldundiarenean.

Gaur egun EAEn lege honen babesean aipaturiko bost Parke Naturalak, lau Biotopo (Itxina, Biasteri, Leitzaran eta Inurritxa) eta 25 Aparteko Zuhaitz daude.

Nafarroako ingurune babestuen historia ezagutzeko 1976. urtera jo behar dugu, urte horretan garai hartako ICONAren konpetentzia batzuk Nafarroako Foru Aldundira transferitu baitziren. Ondoren, Arbaiungo arroila (1976) eta Pitillasko aintzira (1977), Ehizaren Legerian oinarrituta, erreserba biologiko izendatu ziren. 1984. urtean Bertizko parkea Parke Natural izendatu zuten. 1986-87 urteetan, Nafarroako lurralde antolaketak ahalbidetu zituen legeri espezifikoa eratu zenean, hainbat babes-eredu edo figura berri sortu zen: Erreserba Integrala, Erreserba Naturala, Enklabe Naturala eta Aisialdirako Ingurune Naturala. Geroztik Nafarroan hiru erreserba integral (Lizardoia, Ukardi eta Aztaparreta), 38 erreserba natural, 26 enklabe natural eta aisialdirako bi ingurune natural dauzkagu.

Jakina da, oro har, lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dela nahi genukeen bezain ona eta era guztietako arazoak dituela.
A. Bengoa Ansa

Iaz Nafarroako Ingurune Naturalen 9/1996 Legea onetsi zen eta Nafarroan ingurune babestuen inguruan zegoen Legeri eta arautegi guztiak integratu eta nahaspila guztia argitu egin zen. Lege berri horren lehen uzta Urbasa-Andiako Parke Naturala (1997ko otsaila) izan da.

Kudeaketa korapilatsua

Jakina da, oro har, lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dela nahi genukeen bezain ona eta era guztietako arazoak dituela. Berrikuntza asko gertatzen ari den une honetan, derrigorrezkoa da zein eratako nekazaritza-eredu bultzatu nahi dugun ongi finkatzea. Asmo horrekin eratzen dira Baserrialdeko Estrategi Planak eta garapen orekatua bultzatzeko egitasmoak.

Naturgune babestuen baitan garatzen den iharduera orok, ordea, bertako arautegi espezifikoa izaten du, aipaturiko EKZP horretan biltzen dena. Naturaren kontserbazioak eragin politiko, ekonomiko, soziologiko eta abar luzea dituelako, EKZPa osatzeko garaian, nekazari, abeltzain, basozain, mendizale, administrazio, unibertsitate eta ingurune bakoitzean zeresana duen orok hartzen du parte, patronatua osatuz. Ez da erraza izaten, ordea, denen gustuko egitasmoak prestatzea eta askotan liskarrak eta eztabaidak sortzen dira.

Jakina da, oro har, lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dela nahi genukeen bezain ona eta era guztietako arazoak dituela.
J. Larrañaga

Garbi dago nekazaritza-iharduerak ekonomikoki bideragarriak izatea ez dela nahikoa eta ekologikoki ere errentagarriak diren ustiapen-ereduak bultzatu behar direla. Baina, nola neurtzen da errentagarritasun ekologikoa? Nola lehiatu behar du, epe motzean ahalik eta diru-iturri handienak lortzen saiatzen den merkatu batean, "ekologikoki" oso aberatsa den nekazari horrek? Izan ere, zenbait gauza baloratzeko unean, adjektibo politak erabiltzen ditugu, baina bada garaia hauek ere zenbakitan eta dirutan neurtzeko.

Arazo hauei konponbidea eman nahiean sortu ziren konpentsazio-sistemak: ingurugiroari kalte gutxiago sortzeagatik, nekazari, abeltzain edo basoa duen batek galtzen duen dirua, administraziotik errekuperatzen du. Honelako egitasmoak Europa mailako Arautegietan eta Parke Naturaletako kudeaketa ereduetan ere aurkitzen dira. Dena den, sistema hauen funtzionamenduari buruzko iritzia oso desberdina izango da administrazioari ala nekazari bati galdetuz gero.

Jakina da, oro har, lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dela nahi genukeen bezain ona eta era guztietako arazoak dituela.
J. Larrañaga

Edonola ere, naturaren kontserbazioan, nekazariek partehartze aktiboa duten unetik, gizateriarentzat lanean ari dira eta, ondorioz, zentzuzkoa da nekazariek denon patrikako dirua eskuratzea.

Baserritarrak izan dira ingurune babestuetako protagonistak orainokoan, onerako eta txarrerako. Baina gaur egun gero eta garrantzi handiagoa du turismoak ingurune babestuetan eta, horregatik, gero eta erantzukizun handiagoa du gutariko bakoitzak bertako kudeaketan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia