}

Muturreko zerrendak

2009/12/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zerrendak egiteko garaia da. Norbanakoek ez ezik, zientzia-aldizkari edo elkarte askok egiten dute berea; sarritan, urteak eman duen onenarekin. Estatu Batuetako Kimika Batzordeak, baina, pauso bat gehiago eman du, eta 2009ko aurrerapenetatik 2010ean garrantzia izango dutenak aukeratu ditu. Beste muturrean, eta urte-amaierari itxaron gabe, hamar ikerketa eztabaidagarrienak edo arbuiagarrienak bildu zituen zerrenda batean LiveScience zientzia-dibulgazioko aldizkariak, duela hilabete batzuk.
Zerrendak egiteko garaian, ikerketa onenena ez ezik, esperimentu arbuiagarrien zerrenda ere osatu dute.

Estatu Batuetako Kimika Batzordea munduko elkarte handiena da (haien arabera). 150.000 bazkide baino gehiago ditu, eta, aurten, 34.000 zientzia-artikulu argitaratu ditu bere 34 aldizkari espezializatuetan, eta 18.000 txosten aurkeztu ditu kongresuetan. Horietatik denetatik, 250 ikerketa hautatu ditu, eta horietako hamarrek osatzen dute zerrenda.

Batez ere, osasunerako eta ingurumenerako mesedegarriak diren asmakizunak azaltzen dira zerrendan. Adibidez, lehen taldean dago arnastuta hartzen den elgorriaren aurkako txertoa. Urteko batzar nazionalean aurkeztu zuten txertoa, eta datorren urtean probatuko dute Indian. Hain zuzen ere, herrialde horretan elgorriak 200.000 heriotza eragiten ditu urtean. Adituen esanean, txertoa ezin hobea da garatze-bidean dauden herrialdeentzat; izan ere, hauts lehor bat da, eta, beraz, ez du behar, ez hozkailurik, ez ur garbirik behar, ezta esterilizatutako xiringarik ere.

Beste txerto bat ere azaltzen da zerrendan, seigarren tokian: beherakoak eragiten dituen birus baten aurkakoa da, eta tabako-landarean sortzen dute. Hori baino postu bat gorago, bosgarrenean, mikroorganismoak eta onddoak haztea galarazten duen pintura dago, ospitaleetarako aproposa. Eta hamargarren lekuan, arnasan giltzurruneko gaitzak diagnostikatzeko "sudur" elektronikoa jarri dute.

Osasunarekin amaitzeko, abereen osasuna zaintzeko pilula bat azaltzen da zazpigarren lekuan. Hain juxtu, hilean behin hartu beharreko pilula horrek akainetatik eta zorrietatik babesten ditu txakurrak eta katuak, inolako albo-ondoriorik gabe.

Beste taldean, ingurumenerako mesedegarriak direnen artean, eguzki-energia sortzeko bakoitzari egokitutako sistema bat dago, bigarren tokian; istripuz isuritako petrolioa xurgatzen duen aerogel bat, hirugarrenean; materialek berotze globalean zenbateraino eragiten duten jakiteko metodo bat, zortzigarrenean, eta biodiesela egiteko katalizatzaile bat, ganben azalekin egindakoa, azkenaurrekoan.

Laugarren tokian dagoenak, berriz, badu zerikusia ingurumenarekin, baina, horregatik baino gehiago, erabilgarritasun handia duelako izango da askorentzat erakargarria. Izan ere, eskuaren mugimendua eta odolaren fluxua elektrizitate bihurtzen dituen teknologia bat garatu dute, mugikorrak, iPodak eta antzeko gailuak kablerik gabe kargatzeko.

Bestelako zerrenda bat

Azken hori bezalaxe, Kimikako Batzordearen zerrendan agertzen diren teknologia edo metodo gehienak Estatu Batuetan garatu dira. Eta estatubatuarrak dira LiveScience aldizkariak zerrendan bildu dituen esperimentu guzti-guztiak. Defentsa Ministerioak, Pentagonoak eta beste erakunde militarrek eta NASAk egin zituzten, helburu militarrekin; hau da, gerrak irabazteko, jendea hiltzeko edo menperatzeko.

Zerrendako esperimentu gehienak Bigarren Mundu Gerraren edo Gerra Hotzaren garaikoak dira. Batzuk soldaduen ahalmenak hobetu nahian egin zituzten; beste batzuk, armen, drogen edo erradioaktibitatearen efektuak probatzeko.

Esperimentuen xehetasunek beldurra eragiten dute, baina are beldurgarriagoa da jakitea ikerketa militarrak ez duela etenik izan. Adibidez, New Scientist zientzia-dibulgazioko aldizkariak duela gutxi argitaratu zuenez, Pentagonoak mikrouhinak igortzen dituen arma bat garatu du, jendea hil gabe erretzeko. Poliziarentzat ere erabilgarria izan omen daiteke. Eta seguru badirela gehiago, hainbat zerrenda osatzeko adina.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia