Elhuyar zientziaren komunikazioa

Makina erremintaren erakustazoka Bilbon

1986/10/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Makina Erremintaren Biurteroko 14. ihardunaldian, 400 fabrikatzaile zuzenean, eta beste hainbeste ordezkaturik egongo dira. Bilboko Nazioarteko Erakustazokaren 27000 metro karratu erabilgarri okupatuko dituzte aurtengo urriaren 22-29 bitartean.
Bilboko Nazioarteko Erakusketaren azalera guztira 50.000 m 2 -koa baldin bada ere, erakusleek egindako eskaerei aurre egiteko orain arte erabili gabeko zona bat gehiago prestatu da.

Erakusle europarrak aurten ere

Ohizkoa denez Makina Erremintaren Biurteroko honek Espainia osoko partaideak izango ditu. Atzerritik, Alemania, Austria, Frantzia, Italia, Portugal, Suitza, Txekoslobakia eta Belgika-ko enpresak etorriko dira.

Parte hartuko duten sektoreak, ondoko hauek izango dira: material-harroketarako eta material-deformaziorako makineria, makina erremintentzako akzesorioak, makinentzako erremintak, neurketa eta kontrolerako gailuak, CAD-CAM, ekipo elektriko-elektronikoak, robot industrialak, sistema malguak, etab....

1. irudia.

Aurtengo ihardunaldian zenbait erakuslek azalduko dituen berrikuntzak ere aipagarri dira. Zizaila eta tolestatzeko makinentzat zenbakizko kontrolez zuzenduriko topeak, infragorrizko transmisioa duen haztagailu-sistema, sorgailu gehigarriak eta absolutuak, erreminten aldaketa lasterrerako sistema, automatizaziorako elementuak, banda-garraiatzaileak, ebaketa automatikozko ekipoak, sekzio handiko profilentzako trontzatzeko makina bereziak, zinta-zerrak, metal gogorreko fresa biragarriak, eskuzko erremintak, xafla eta tutuak zulatzeko erremintak, lineazko tolestatzeko makina malguak eta 40 erremintentzako aldagailu automatikoa duen mekanizazio-zentru bat adibidez, ikus daitezke.

Sektorearen hobakuntza

Makina erremintaren aurtengo ekitaldi honek lortutako arrakasta, munduko egoeraren hobakuntzarekin (bereziki esportazioaren hobakuntzarekin) bat dator. 1985. urtean adibidez %41,5 hazi zen esportazioa aurreko urtearekiko. Prezioen gehikuntza %9 koa izan zenez, esportazioaren hazkunde erreala % 30 ekoa izan zen.

Espainiako kontsulta-enpresa batek makina erremintaren sektoreari buruz egindako ikerketa batean, ondoko alderdi onak aipatzen ditu: herriaren garrantzi estrategikoa, 1985. urtean lortutako merkatal balantzaren emaitza ona, nazioarteko bezeria, potentzial teknologikoa, teknologia berriek eskatzen duten erantzun azkarra, eskaintza-aukera zabala eta kanpoarekiko menpekotasun teknologiko urria.

Enpresatan dauden alderdi desberdinak produkzio-sektore konkretu bati zuzenduak daude.

Era berean, sektorearen aktibitatearen errekuperazioa, EEE-an sartzea, esportazioen handitzea, irakaskuntzaren teknifikazioa, Espainiako Estatuak egin behar dituen erosketen planifikazioa eta erregulazio hobeagoak eta iniziatiba amankomunak dira ondoko urteetan egin beharreko lanak. Azkenik, Makineri Fabrikatzaileen Elkarteak egindako lana aipatu behar da, zeren eta makina erremintaren onerako zenbait ekintza bultzatzen bait du.

Historia arakatuz

Enpresatan dauden alderdi desberdinak produkzio-sektore konkretu bati zuzenduak daude.

Metal-ebaketaren historiaren hasiera, XVIII. mendearen bigarren zatian kokatu behar da. Garai hura baino lehen ez zegoen makina erremintarik. 1760. urteko urrian Richard Reynolds ingeles injineruak bere egunkarian idatzitako zatitxo batean esaten dena irakurriz, orduko arazoen berri izan dezakezue. Reynolds-ek zilindro bat osatu nahi zuen lurrin-makina batentzat. Letoi urtuzko zilindroak, 9 oineko luzera zuen eta barne-diametroa 28 hazpetekoa zen. Honela zioen:

"Zilindroaren euskarri gisa forma egokiko bi pinu-ohol prestatuz gero, berunkari batek 300 librako berun-masa urtu zuen eta hau zur lodiez osatutako zilindrora isuri zen zirkunferentziaren antzeko forma hartuz eta beraz masaren osaketa azkarra gertatuz. Orduan, masaren ingurura egokitutako bi burdin barretatik sokak lotu ziren, zilindroa esmeril hauts eta olioz estalirik. Soka bakoitzetik sei gizon arin eta indartsuk tiratuz masa labaindu egin zen gainazalak akabera ona lortu arte. Azkenik, zilindroa pixkat biratuz leunketari ekin zitzaion eta lortutako emaitzak asko poztu ninduen."

Enpresatan dauden alderdi desberdinak produkzio-sektore konkretu bati zuzenduak daude.

1776. urtean James Watt-ek lehen lurrin-makina arakasta handiz lortu zuen eta makinaren produkzioan izandako eragozpen handienetakoa burdinurtuzko zilindroaren barne-mekanizazioa izan zen. Bere lehen zilindroa orrizkoa izan zen, baina ez zen estankotasun onik lortu. Zilindro eta pistoiaren arteko lasaiera txikitzearren erabilitako metodoak, hala nola, oihalak, larruak eta koipeak, porrot egin zuten.

Arazo hau John Wilkinson-ek gainditu zuen mandrinatzeko makina asmatu zuenean. Makina hau mandrinatzeko barra batean muntatutako ebaketa-erreminta bat zen. Barrak, biratzen zuen bitartean, aurrera eramaten zen zilindroan zehar eta honela gainazal zilindrikoa lortzen zen. (Ikus 1. irudia). Hauxe izan zen benetako lehen makina erreminta eta honen bitartez James Watt-ek, arrakasta izan zuen lurrin-makinarekin.

Enpresatan dauden alderdi desberdinak produkzio-sektore konkretu bati zuzenduak daude.

Gaur egun ezagutzen dugun metal-ebaketaren hasiera, arestian aipatutako makina erremintan datza. Gaurko industriaren oinarria osatzen dutela esan daiteke eta gure gizarteko produktu gehienen funtsa dela ere bai.

Makina erreminten ezaugarriak

Makina erreminten bidez lortu nahi diren helburuetan nagusiena, hauxe da:

" Erreminta eta piezaren arteko higidura egokiez horniturik, behar den gainazala sortu "

Erremintaren sorbatz ebakitzaileek piezaren material-geruza harrotzen dute. Material honi txirbil deitzen zaio. Sortzeko errazen diren gainazalak, launak eta zilindrikoak dira. Adibidez, erreminta bat atzera eta aurrera lerro zuzen batean higitzen bada eta erremintaren azpian dagoen pieza erremintarekiko norabide elkartzutean aurrera eramaten bada, gainazal launa sortuko da. Era berean, pieza biratuz erremintaren aitzinapena piezaren biraketa-ardatzarekiko paraleloa bada, gainazal zilindrikoa sor daiteke. Oro har, metalentzako makina erreminta batek bi higidura-mota eman behar ditu: higidura nagusia eta aitzinapen-higidura hain zuzen.

Enpresatan dauden alderdi desberdinak produkzio-sektore konkretu bati zuzenduak daude.

Higidura nagusia, makinak ematen du erreminta eta piezaren artean higidura erlatiboa sortzeko eta honela erremintaren aurpegia piezaraino hel dadin. Normalean mekanizazio-eragiketetan behar den potentzia totalaren zatirik nagusiena higidura nagusirako erabiltzen da.

Makina erremintak erremintari nahiz piezari eman dakioke aitzinapen-higidura, eta higidura nagusiarekin batera txirbila atereaz, behar diren ezaugarri geometrikoak dituen gainazal mekanizatua lor daiteke.

Makina erremintak hiru multzotan bana ditzakegu, sorbatz bakarreko edo anitzeko erremintak edo harri urratzailea erabiltzearen arabera.

Ikus ondoko koadroa

ERAKUSTAZOKAN ERAKUTSIKO DIREN
PRODUKTU BATZUK

ARRASATE, S.KOOP

Sozietate honek puntako instalazio bat aurkeztuko du Biurterokoan: estanpazio-zentru malgua hain zuzen. Zentru honen bitartez ondoko hobakuntzak lor daitezke:

  • Produkzio-malgutasuna, lana ondo betez nahiz eta lote txikiak eduki. Aldaketa- eta prestaketa-denboren murrizte nabariak.
  • Giza kontrol minimoa. Memorian eduki daiteke prozesu-stock bat, non prozesuak sekuentzialki eta automatikoki autoegikaritzen diren.
  • Stocken txikiagotzea.
  • Beharrezko prentsa-kopuruaren txikiagotzea.
  • Produkzioaren gestio erraza eta zuzena, software egokiaren bidez.

Estanpazio-zentru malgu honek ondoko sei elementu ditu:

1) "FAGOR monobloc" prentsa automatizatua. Sistemako elementurik garrantzitsuena da eta ondoko ezaugarriak ditu:

  • Orgaren altueraren kontrol automatikoa, trokelaren funtzioan.
  • Orgaren orekatze automatikoa
  • Orgaren ibilbitartearen kontrol eta erregulazioa
  • Elektronikoki kontrolatutako espeka-erregulazioen sistema automatikoa
  • Akatsen diagnostikoa. Mantenurako laguntza.
  • Prentsaren motorizazioa
  • Trokelaren ateratze-, sartze- eta lotze-sistema automatikoa. Lotze azkarrak
  • Gainkargen kontrola
  • Balaztaketa-denboraren kontrola
  • Kuxin-erregulazioen aurretiko jarrera
  • Orga-higiduraren posizio kontrola
  • Koipeztapen-sistema zentralizatua, zirkuitu itxiarekin
  • Balazta/enbrage pneumatikoa. Bolantearen gelditze azkarrerako balazta

Prentsak dituen ezaugarri mekanikoak, ondokoak dira:

Ahalmena

300 t

Mahaiaren dimentsioak

2200 x 1200 mm

Ibilbitarte maximoa

250 mm

Kolpe-kopurua

25÷75 kolpe/min

Orgaren erregulazioa


200 mm

Altuera itxia

650 mm

2) Xaflaren elikadura-linea

Linea honek, honako makina hauek ditu:

  • Kargaketa-orga
  • Bobina-aldaketarako denbora minimizatzen duen desbiribilkagailu bikoitz biragarria
  • Launtzeko edo zuzentzeko makina
  • Ordenadore nagusiari konektatutako eta elektronikoki kontrolatutako elikagailu ziklikoa.

(Erakustazokara ez da linea hau eramango stand-a gehiegi ez luzatzearren)

3) Hustuketa-sistema

4) Gordailu automatikoa. Sistema modularra da eta egitura metalikoduna.

5) Robot/orga. Tresneria prentsan nahiz gordailuan kargatu eta deskargatzen du. PLC (programable logic control) txiki bat erantsita dauka eta honela biltegiratu ezezik lanak egikari ditzake. PLC-ak erabiltzen dituen datuak, ordenadore nagusitik eguneratzen dira.

6) Zentru guztia ordenadore zentral batez zuzentzen da.
Softwarea hiru zatitan banatzen da:

  • Prozesu-kontrola
  • Robot/orgaren kontrola
  • Produkzio-gestorea

AURKI

Sozietate honek aurkeztuko dituen produktuetan, ondokoak dira aipagarrienak.

A) "Fagor 8010T" tornuentzako zenbakizko kontrola

Kontrol honek dituen ezaugarrietan ondokoak berrikuntzak dira:

  • Luzerako hariztaketa, konikoa eta frontala
  • Pieza-jatorriaren programazioa G92 aren bidez
  • G 66-G 89 ziklo finkoak
  • Eskala-faktorea
  • Buruaren gelditze orientatua
  • Erremintaren dimentsioen kalkulu automatikoa
  • "ROSCADO ON" edo "CICLE ON" irteera
  • Ardatzeko neurri-akatsaren konpentsazioa: ardatzeko 30 punturainokoa
  • Higidura-, erradio- eta luzera-konpentsazioa 50 erremintentzat.

    B) "Fagor 8010M" fresatzeko makinentzako eta mekanizazio-zentruentzako zenbakizko kontrola

Kontrol honek dituen ezaugarrietan ondokoak berrikuntzak dira:

  • Interpolazio helikoidala
  • Makina-parametro, erreminta-taula, funtzio auxiliar eta pieza-programentzako RAM CMOS memoria; 30 K-koa
  • DNC
  • Laguntza geometrikoak
  • Programazio parametrikoa
  • Buruaren gelditze orientatua
  • Eskala-faktorea
  • Irudien biraketa
  • Programa baten egikaritzapenarekin edizioa batera
  • Pieza-programatan egindako irazkinak 43 karaktere izan ditzakete
  • Zoom-ez egindako simulazio-grafikoen programak
  • Grafiko estatikoak
  • Haztagailurako sarrera
  • Ardatz-neurriaren konpentsazio-errorea: 30 puntu ardatzeko
  • Luzera-, erradio- eta higadur konpentsazioa 100 erremintentzat



Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia