}

Makako bat Lezetxikin

2011/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Makako bat Lezetxikin
2011/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Alvaro Arrizabalaga)

EHUko arkeologoek 100.000 urtetik gorako tximu bat aurkitu dute

Duela 100.000 urte inguruko klima ikertzeko laginak hartzen ari zirela, masailezur baten fosila aurkitu dute Arrasateko Lezetxiki kobazuloan. Fosila Macaca sylvanus espeziearena da, gaur egungo Gibraltarreko makakoen antzerakoa. "Orain arte, ez da inoiz horrelakorik agertu Iberiar penintsularen iparraldean", dio EHUko Aritza Villaluenga ikertzaileak. "Bibliografian luze bilatu ondoren, topatu genuen [espezie horren] azken aztarnak Valentzian eta Andaluzian azaldu zirela, eta orain dela 300.000 urtekoak direla".

Fosila ekarpen handia da klimaren ikerketarako. Lezetxikiko masailezurrak gehienez 120.000 urte ditu. "Azken glaziazioa hasi baino pixka bat lehenagokoa da, eta horregatik uste genuen orduko klima oraingoa baino hotzagoa zela. Baina makako hori azaltzeak pentsarazten digu gaur egungo klimaren antzerakoa zela".

Sedimentu berean hartutako beste aztarnen analisiek lagunduko dute ideia hori baieztatzen, hala nola polenaren azterketak, geologiarenak eta mikrougaztunenak. Datazioan ere lagunduko dute datu horiek. "Bertan agertzen diren karraskariak (sagutxoak) oso espezie ezagunak dira --dio Villaluengak--. Klimaren arabera eta garaitik garaira oso azkar aldatzen ziren". Makakoaren masailezurra bi karraskari-espezieen artean kokatuta zegoen, eta, beraz, ikertzaileek badakite zein garaitakoa den.

Ezohiko espeziea

Gibraltarreko makakoa, Lezetxikin aurkitu dutenaren ondorengo bat. Arg.: Alvaro Arrizabalaga.

Masailezurra ez dago osorik. Aurreko eta atzeko aldeak falta zaizkio; erdiko aldea da, eta hagin batzuk baditu beren lekuan. Osorik ez egon arren, arkeologoak segituan konturatu ziren ez zutela inoiz horrelako fosilik topatu. "Begi-bistan zegoen hezurra ez zela hartzena, ezta guk aurkitu ohi ditugun espezieetako batena ere. Aranzadi Elkartera jo genuen, bertan espezie ugariren hezurren erreferentziazko bilduma bat baitute, eta bertan topatu genuen Macaca sylvanus dela".

Orain, aurkikuntza hori Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu dute. Giza fosilen ikerlanak ez ezik, gizakiaren testuinguru ebolutiboarekin zerikusia duten ikerlanak ere biltzen ditu aldizkari horrek. "Joxe Miel Barandiaranek Lezetxikin Homo Heilderbergensis en humero bat aurkitu zuen. Hango giza taldeak eta makakoak garai berean bizi izan ziren gutxi gorabehera".

Hala ere, EHUko ikertzaileek ez dute uste gizakiak jaten zuenik makakorik. "Karraskari asko topatu genuen laginketa berean. Horrek pentsarazten digu harrapariren batek ehizatuko zuela makakoa, eta aurkitu dugun hezurra laga zuela. Beharbada hegazti handi bat izango zen; hontz bat, adibidez", dio Villaluengak.

1
276
2011
6
015
Paleontologia; Eboluzioa
Albisteak
24