Elhuyar zientziaren komunikazioa

Longitudean galduta. Nabigazioaren arazo larria mendeetan zehar

2004/03/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bidea ez asmatzea arazoa da. Eta, lehorrean arazoa bada, pentsa zenbatekoa den itsasoan. Zorionez, hori ez da askotan gertatzen, galtzeko arriskua dutenek GPSa eta nabigazio-kartak eramaten dituztelako ontzian. Baina GPSa asmakuntza modernoa da.

Noiz arte egon behar zuen gizakiak longitudean galduta?
Garai bateko itsasgizonak, kostaldea bistatik galtzen zutenean, ezjakintasunaren erreinuan murgiltzen ziren. Bidaia motza baldin bazen, eta eguraldiak eta itsasoak berak traba asko jartzen ez bazituzten, ez zuten orientatzeko arazo handirik izaten. Baina itsasoan sarritan izaten dira ekaitzak, eta ur-lasterrek erraz bultzatzen dituzte ontziak hasierako norabidetik urrutira. Nabigatzeko, konponbide bakarra posizioa maiz kontsultatzea da. Longitudea eta latitudea baieztatzea, alegia.

Latitudea neurtzeko sistema antzinako grekoek proposatu zuten. Horretarako, astroen posizioa aztertzea proposatu zuen Hiparkok, iparraldetik eta hegoaldetik ikusita aldatu egiten baitira posizio horiekLurra esferikoa den seinale. Jakina, metodo hori erabiltzeko Lurraren tamaina zenbatekoa den jakin behar da. Arazo hori hirurogeita hamabost urte geroago konpondu zuen Eratostenesek, Lurraren erradioa neurtu zuenean. Beraz, Lurraren dimentsioak ezagututa eta Eguzkiak ekuatorearekiko duen angelua neurtuta, latitudea kalkula daiteke. Erraza, ezta? Agian, ez; baina hobe horretan saiatu itsasoan galdu baino.

Itsaso zabalerantz abiatzea abentura bihurtzen zen kostaldea bistatik galtzen zenean.

Latitudea neurtu ahal izateak asko erraztu zuen nabigazioa; angelu bat neurtu hutsarekin jakin zitekeen iparralderantz edo hegoalderantz abiatu behar zuten. Longitudea, ordea, arazo larria izan zen, XVIII. mendera arte gutxienez. Ez zegoen modurik jakiteko zenbat nabigatu behar zuen ontzi batek ekialderantz edo mendebalderantz. Eta ezin zuten distantziarik kalkulatu bidaiak eginda. Esate baterako, Europaren eta Amerikaren artekoa ezin zuten zehaztu. Izarrei edo Eguzkiari begiratuta ere ezin da longitudea kalkulatu, Lurraren errotazioa dela eta, lehenago edo geroago astro berberak ikusten direlako Bilbotik nahiz Bostondik gertu egon.

Longitudea neurtzea ez zen nabigazio-arazoa bakarrik. Arazo politikoa ere izan zen askotan. Horren adibiderik esanguratsuenetako bat Kolon Amerikatik itzuli ondoren gertatu zen. Lurralde aurkitu berrien jabetza jokoan zegoen. Gaztelak eta Portugalek, garai hartako Europako indar militar handienak, eztabaidan hasi ziren lur horiek eskuratzeko.

1494ko ekainaren 7an, bi herrietako agintariek Tordesillasko Ituna sinatu zuten. Itun horren arabera, mundua 'bitan banatu' zuten. Muga batetik mendebaldera aurkitutako lurralde guztiak Gaztelarenak izango ziren, eta mugatik ekialderakoak, berriz, Portugalenak. Baina muga horrek longitude jakin bat izan behar zuen, eta ez zuten hori zehazteko teknika fidagarririk. Eztabaida biziagotu egin zen.

Tordesillasko Itunaren banaketak eman zien Brasil portugaldarrei.

Tordesillasko Itunean zehaztu zuten muga hori Cabo Verde uharteetatik 370 legoara egongo zela mendebaldera (370 legoa 2.055 kilometro dira, gutxi gorabehera). Jakina, testu horrek hainbat arazo ekartzen zituen. Alde batetik, testuan ez zuten zehazten Cabo Verdeko zein uharte izango zen erreferentzia; artxipelagoa 300 kilometro zabal da mendebaldetik ekialdera, eta, beraz, uharte batetik neurtu edo beste batetik neurtu, alde handia dago. Beste alde batetik, itunak ez zuen zehazten 370 legoa horiek Cabo Verdeko latitudean edo ekuatorean neurtu behar ziren. Azkenik, lehen esan bezala, praktikan ez zuten teknologiarik distantzia hori neurtzeko, hau da, lurralde berria aurkituz gero, ezin zuten jakin zer aldetan zegoen.

Agintarientzat oso garrantzitsua zen longitudea neurtzea, eta, horregatik, diru asko erabili zuten ikerketa horretan. Astronomoei, geografoei eta nabigatzaileei diru asko eskaini zieten arazo horri konponbidea emateko. Eta ikertzen dirua inbertitzeaz gain, sariketak antolatu zituzten. Sari horietatik ezagunena gobernu britainiarrak eman zuen 1714an. Hamar mila liberako saria eskaini zuen ontzi baten longitudea gradu bateko zehaztasunez ematen zuen teknikaren asmatzailearentzat, hamabost mila liberakoa 40 minutuko zehaztasunez ematen zuenarentzat eta hogei mila liberakoa gradu-erdiko zehaztasunez ematen zuenarentzat.

Astrolabioak lagundu egiten zuen astroak behatzeko garaian, baina horrek ez zuen longitudea zehazteko balio.

Irtenbidea astroetan egoteko itxaropenarekin, izarren katalogo zehatzak egiteari ekin zioten gehienek. Latitudea neur zitekeen horrela. Baina ez longitudea. Irtenbidea, ordea, zehaztasun handiko erloju bat egitea zen; itsasontzi baten une bateko posizioa zehazteko, bi orduen arteko diferentzia kalkulatu behar da, abiatu den portukoa eta posizio horretakoa, biak une berean. Horrekin longitudea zehaztu.

1761ean, John Harrison britainiarrak lortu zuen erloju hori egitea, malgukietan oinarrituta. Erloju horren bitartez, longitudea gradu-erdia baino zehatzago kalkula zitekeen; eta, hala ere, sariaren erdia besterik ez zioten eman, sariketaren antolatzaileek ez zutelako sinesten longitudea behaketa astronomikorik egin gabe kalkula zitekeenik. Azkenik, hamabi urte geroago eskuratu zuen sari osoa.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia