Lehen hiztunaren bila
2013/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uztailean argitaratu zuten Max Planck Institutuko bi ikertzailek, Dan Dediuk eta Stephen Levinsonek, mintzamenaren sorrerari buruzko eztabaida berpiztu duen artikulua. Izenburu esanguratsua du: On the antiquity of language: the reinterpretation of Neandertal linguistic capacities and its consequences . Hain zuzen ere, horixe egin dute artikuluan bi ikertzaileek; alegia, neandertalen hitz egiteko ahalmenari buruzko datuak eta ikerketak bildu, aztertu eta interpretatu dituzte, eta ondorioak ere atera dituzte.
Haien ondorio nagusia da hizkuntza modernotzat jotzen duguna ( "recognizable modern language" , haien hitzetan) ez zela gizaki modernoarekin batera jaio, askoz ere lehenago baizik. Homo generoaren ezaugarria dela proposatzen dute, eta, gutxienez, neandertalen eta gaurko gizakiaren arbaso komunak bazuela hitz egiteko gaitasuna. Hala, haien arabera, duela 500.000 urte inguru sortu zen hizkuntza modernoa, eta ez duela 50.000-100.000 urte, orain arte gehienek onartu izan duten bezala.
Ondorio horretara iristeko, arrazoi linguistikoak, genetikoak, paleontologikoak eta arkeologikoak eman dituzte artikuluan; horien artean, Ignacio Martinez Mendizabal Atapuercako ikertzaileak egindako lan bat ere aipatu dute.
Hiztuna, entzule
Martinezen ikerketa hura 2004ean argitaratu zen PNAS aldizkari ospetsuan, eta berritzailea izan zen, mintzamena ikertzeko bide berri bat ireki baitzuen. Martinezek berak kontatu du nola: "Hitzak ez dira fosil bihurtzen, ezta haiek ahoskatzeko erabiltzen diren ehunak ere. Hortaz, duela 500.000 urte Atapuercan bizi ziren hominidoek hitz egiten ote zuten jakiteko, beste bide bat topatu behar genuen".
Izan ere, Martinezek gogorarazi duenez, aurretik, beste ikertzaile batzuk saiatu ziren ondorioak ateratzen garezurren barrualdeko itxura aztertuta, eta laringea ikertuz ere ahalegindu ziren beste batzuk. "Baina ez zuten baliozko emaitzarik lortzen. Orduan, barne-belarriko hezurrak ikertzea bururatu zitzaigun guri; hain zuzen ere, hezur horiek gure ahotsa, gure hitzak, entzuteko egokituta daude."
Martinezen taldeak egindako lanaren arabera, ahozko hizkuntzak funtsezko informazioa ematen du 2 Hz-tik 4 kHz-ra doan maiztasun-tartean, eta gure entzumenak sentiberatasun berezia du tarte horretan. Txinpantzeek eta beste antropoide gehienek, ordea, ez omen dute berezitasun hori. Horrenbestez, alde hori kontuan hartuta eta eredu fisikoak erabilita, barne-belarrien anatomia eta entzumen-gaitasuna ikertu zituzten Atapuercako Hezurren Osineko hominidoen fosiletan. Eta ondorioztatu zuten garai hartako hominidoek gaur egungo gizakien antzeko entzumena zutela.
Fosil haiek Homo heidelbergensis espezieko banako batzuenak ziren. Orain arte onartutako hipotesien arabera, espezie hori neandertalen arbasoa da, baina ez gaur egungo gizakiarena. Beraz, Ignacio Martinezek eta bere taldekideek duela ia hamar urte proposatu zuten orain Max Planckeko ikertzaileek esan dutena.
Nolanahi ere, Max Planckekoek bere lana aintzat hartu izana aitortza moduko bat da Martinezentzat: "Gure ikerketa argitaratu genuenean, ez zetorren bat orduko paradigmarekin. Batetik, aditu entzutetsuenek ondorioztatu zutelako paleontologian oinarrituta ezin zela ezer frogatu. Eta, bestetik, gehiengoak onartzen zuen hitz egiteko gaitasuna zuen espezie bakarra gizaki modernoa zela. Are gehiago: gure espeziean ere duela 40.000 urte agertu zela uste zen".
Martinezen iritziz, ideia horren atzean argudio hau zegoen: erregistro paleontologikoa alde batera utziz gero, erregistro arkeologikoa baino ez da geratzen, eta erregistro arkeologikoan pentsamendu sinbolikoa ondoen erakusten duen aztarna horma-artea da. "Eta duela 40.000 urte hasi zen gizakia hormak margotzen, ez lehenago", gogorarazi du Martinezek.
FOXP2 genearen aldaera berbera
Dena den, aditu guztiak ere ez zeuden ados horrekin, eta, azken urteotan, neandertalak hobeto ezagutzeko datuak izan ahala, orduan eta aditu gehiagok onartu dute haiek ere bazirela nolabaiteko pentsamendu sinbolikoaren jabe. Baina horrek hitzaren jabe ere egiten ditu? Martinezek oso litekeena dela uste du.
"Gure ikerketa kaleratu eta urte gutxi batzuk geroago, FOXP2 geneari buruzko artikulua argitaratu zuen Krauseren eta Lalueza-Foxen taldeak. Artikulu hartan [The derived FOXP2 variant of modern humans was shared with Neandertals] , neandertalek eta guk genearen aldaera berbera dugula erakutsi zuten. Ordutik, lehen ezezkoan zeudenetako batzuk neandertalek gure antzera hitz egiten zutela pentsatzen hasi ziren", dio Martinezek.
FOXP2 genea mintzatzeko ahalmenarekin erlazionatutako geneetako bat da, eta Dediu eta Levinson Max Planckeko ikertzaileek ere aipatzen dute ikerketa hori beraiek argitaratutako lanean, beste ikerketa genetiko berriago eta zabalago batzuekin batera. Guztiak aintzat hartuta, ondorioztatzen dute "berdinak ez izan arren, neandertalak, denisovarrak eta gaurko gizakiak oso antzekoak" zirela.
Hala eta guztiz, onartzen dute agian neandertalek eta denisovarrek bazituztela hizkuntza modernoaren zutabe genetikoak, baina balitekeela "gizaki modernoak haiei aurrea hartu izana parametro jakin batzuetan: hitz egiteko erabilitako soinu-sortan, hizketako abiaduran, sintaxiaren konplexutasunean, hiztegiaren neurrian..."
Elkarreraginaren ondorioak
Dena dela, anatomiako eta genetikako datuak ez ezik, beste alderdi askotako datuak ere bildu eta aztertu dituzte Max Planckekoek, hala nola kultura eta bizimodua, populazioa eta giza taldeen neurriak, auzi linguistikoak... Azkenean, puzzle baten piezak balira bezala elkarrekin jarrita, ondorioztatu dute neandertalek eta guk "antzeko hizketa eta hizkuntzak" genituela.
Horren barruan, lau balizko egoera irudikatu dituzte. Lehenengoaren arabera, guk neandertalen hizkuntzak hartu ditugu. Aukera horri ez diote sinesgarritasun handirik eman, bestela Afrikako eta gainerako hizkuntzen artean eten handia egon beharko bailuke. Bigarren egoera da neandertalek elkarrekintza txikia izan zutela gurekin, eta, izan zutenean, gure hizkuntza hartu zutela. Hirugarrengoan, hizkuntza berri bat jaioko litzateke bien arteko elkarreraginetik, baina hori ere baztergarria iruditu zaie.
Laugarrena, ordea, gerta zitekeelakoan daude. Haien iritziz, bi taldeak denbora luzez egon ziren elkarrekin leku eta garai batean baino gehiagotan; horren seinale lirateke Ekialde Hurbileko arrasto ugariak. Tarte horietan, teknologiaren eta materialen trukea, batez ere, norabide bakarrekoa izan zen; gizaki modernotik neandertaletara, hain justu. Baina beste leku batzuetan, Melanesian esaterako, trukea bi norabideetan izan zen, eta, seguru asko, horrekin batera, hizkuntza ere trukatu zuten.
Horrez gain, beste ikertzaile batzuen lanetan oinarrituta, iradoki dute litekeena dela Papua eta Australia aldeko hizkuntzen ezaugarri batzuk hango gizaki modernoek denisovarrekin izan zuten harremanetik eratorritakoak izatea. Eta austronesiar hizkuntzen sinplifikazioa, berriz, Homo floresiensis gizakiarekin izandako elkarreraginaren ondorio.
Erantzuna eta erremedioa
Martinezentzat Max Plankeko ikertzaileek egindako lana goraipagarria den arren, kritikak ere jaso ditu. Bat, argitaratu duten lekuan bertan, Frontiers in Psichology aldizkariaren webgunean. Neanderthal language? Just-so stories take center stage izenburua du kritikak, eta egile nagusia Massachusetts Teknologia Institutuko (MIT) Robert Berwick ikertzailea da.
Berwickek beste bi ikertzailerekin batera sinatutako artikulua ez da luzea baina bai zorrotza. Hasieran diotenez, "Dediuk eta Levinsonek ohiz kanpoko bi aldarrikapen deigarri batu dituzte". Batetik, gizaki modernoak eta neandertalak espezie bera eta bakarra zirela; eta, bestetik, hizketa eta hizkuntza antzinakoak direla, eta neandertalen eta gizaki modernoaren arbaso komuna haien jabe zela, duela 500.000 urte.
Alabaina, Berwick eta haren lankideak ez dute bat egiten Max Planckekoen interpretazioarekin, eta hiru akats leporatu dizkiete ondorio horietara iristeko egindako bidean: "azterketa hautakorra, interpretazioan zalantzazko frogak erabiltzea behin betiko oinarri gisa, eta ebidentzia ebolutiboen gabezia" gaitasun linguistiko modernoak azaltzean.
Hortik abiatuta, kritikaren egileek hiru akats edo hutsune horietan sakondu dute, eta, azkenik, ondorio honetara iritsi dira: "Laburbilduz, Dediuk eta Levinsonek egindako adierazpen apartak ez dira oinarritzen aurkeztu dituzten frogetan. Are gehiago, zalantza egiten dugu ba ote dagoen inolako frogarik adierazpen horiek babesteko". Esaldi honekin amaitu dute Max Planckeko ikertzaileen lanari erantzunez argitaratutako artikulua: "Oraingoz, espekulatzeari uko egitea izan daiteke erremediorik onena".
Komunikazioa ez da hizkuntza
Hain zuzen, horixe da Itziar Laka Mugarza EHUko hizkuntzalariak erabili duen hitza Max Planckeko ikertzaileek argitaratutako lanari buruz iritzia eskatuta: "Espekulazio hutsa iruditu zait".
Zergatia azaltzean, neurri handi batean, bat etorri da Berwicken eta beste bi lagunen erantzunarekin: "Nire iritziz, ematen dituzten frogetatik ezin da ondorioztatu haiek aldarrikatzen dutena. Adibidez, FOXP2 ez da hizkuntzarako ebidentzia. Inork ez du eztabaidatuko guk eta neandertalek FOXP2 genearen mutazio berbera dugula, eta lehenagotik datorrela. Eta badakigu soinuak ahoskatzeko abiadurarekin duela zerikusia. Baina hori ez da hizkuntza. Gauza bat da hizkuntzarako ezinbesteko baldintza izatea, eta beste bat, hori aski izatea hizkuntza izateko. Eta ez dakit ezta ezinbestekoa denik ere, ez baitakit zer zeregin duen FOXP2 geneak keinu-hizkuntzan. Gainera, badira beste gene batzuk hizkuntzarekin lotura zuzenagoa dutenak, bereziki ASPM genea, eta horiei buruz ez dute ezer esan".
Barne-belarriaren frogarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste du Lakak: "Eduki dezakezu belarria egituratuta maiztasun jakin batzuk bereziki ondo entzuteko, baina horrek ez du esan nahi, ezinbestean, hizkuntza bat duzula eta maiztasun horietan ahoskatzen dituzula hitzak. Izan ere, giza hizkuntza entzumenaz askoz harago doa; badira entzumenik ez baina hizkuntza baduten gizakiak. Berriz ere, beharrezko baldintzatzat har liteke gehienez, baina ez da baldintza nahikoa".
Egiten dituzten beste aldarrikapen batzuk ere ebidentzia sendoan oinarritu gabeak direlakoan dago Laka, adibidez, Homo sapiens espeziea Afrikatik atera eta gero izandako aldaketez: "Esan esaten dute, baina zertan oinarrituta?".
Nolanahi ere, hutsunea hizkuntza zer den itxuratzean bertan dagoela uste du: "Hizkuntzaren fenotipoa gehienek uste dutena baino zaharragoa dela esaten dute. Oso ongi. Baina zein da hizkuntzaren fenotipoa? Hortik hasi beharko genuke. Izan ere, alde batetik komunikazioa dugu. Komunikatzeko ez dago hitzen beharrik; espezie asko komunikatzen dira hizkuntzarik gabe. Eta beste alde batetik dugu hizkuntza".
Lakak azaldu duenez, giza hizkuntza guztiek dituzte hitzak, fonemak, perpausak, sintagmak... "Hori da hizkuntzaren fenotipoa, eta ez da soinuak azkar egin ahal izatea. Horrek laguntzen du, ados, eta hizkuntza, garunean, beste hamaika gauzarekin dago erlazionatuta, baina gauza horiek beharrezkoak izateak ez du esan nahi horiekin nahikoa denik". Keinu-hizkuntzaren adibidea erabiltzen du berriro: "Ahozko hizkuntzaren egitura guztiak ditu, eta ez da ahoskatzen; hortaz, FOXP2a ez da fenotipoaren erdigunea".
Onartu du, dena den, artikuluak erakusten duela hizkuntza izateko behar diren aurrebaldintzak aspalditik zeudela. "Ez dago ebidentziarik, ordea, esateko hizkuntzaren jabe zirela. Gainera, badaude hizkuntzarekin estu lotutako beste aldaera genetiko batzuk, eta horiek gerora sortu dira, eta gure espeziearenak bakarrik dira".
Lakaren iritziz, eztabaida guztiaren atzean bi ikuspuntuen arteko talka dago: batetik Chomskyrena, eta bestetik Max Planckeko bi ikertzaile horiena. Chomskyren arabera, neandertalek ez zuten guk bezala hitz egiten; hain zuzen, gure espeziea duela 100.000 urte inguru egin zen hizkuntzaren jabe, eta gaitasun hori bat-batean agertu zen gugan. Aitzitik, Max Planckekoek uste dute hitz egiteko gaitasuna pixkanaka joan zela agertzen, aldaketa genetikoen eta kulturalen metaketa baten ondorioz, eta askoz ere lehenagotik, duela 500.000 urtetik, hominidoek bazutela hizkuntza.
"Niretzat, hor dago eztabaida honen guztiaren gakoa", dio Lakak. "Eta kontua da oraingoz ez dugula ebidentzia nahikorik egia ezagutzeko". Noiz amaituko da eztabaida? Hau da Lakaren erantzuna: "Genetika molekularraren bidez hizkuntzaren mapa genetikoa osatutakoan. Baina hori lortzetik oso urrun gaude oraindik".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia