}

Larruazaleko biodibertsitatea, agerian

2009/06/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Gorputzeko zelula guztiak halako hamar bakterio ditugu gorputzean: hesteetan, ahoan, baita larruazalean ere. Bakterioak dira, esate baterako, izerditzen garenean gure besapeei usain bereizgarria ematen dietenak.
Besaurreak dira bakterioen pot-pourri handiena duten larruazal-zatiak (Argazkia: Tom Purves) .

Galdetuko bagenu larruazalean zehazki non dauden bakterio-espezie gehien, askok eta askok besapeen alde egingo lukete apustua, ziur. Bada, horiek guztiak oker leudeke. Ikerketa berri baten arabera, besaurreak dira bakterioen pot-pourri handiena duten larruazal-zatiak.

Orain arte inork ez zuen hartu larruazalaren gune batzuetako eta besteetako bakterio-dibertsitatea konparatzeko lana. Marylandeko Giza Genoma Ikertzeko Institutu Nazionalean egin zuten, eta hamar boluntario aukeratu zituzten larruazala aztertzeko.

Denera 1.000 bat espezie aurkitu zituzten larruazalean, eta, esanda bezala, ikusi dute bakterio gehien besaurrean biltzen dela. Gutxien, berriz, belarriaren atzealdean. Gainera, ikusi dute gorputz-atal koipetsuetan, hala nola kopetan, lehorretan baino bakterio-espezie gutxiago hazten dela.

Gorputzeko zelula guztiak halako hamar bakterio ditugu gorputzean: hesteetan, ahoan, baita larruazalean ere (Argazkia: Rocky Mountain Laborategiak)

Teknika aurreratuak erabilita

Larruazalean dauden bakterio-espezie guztiak identifikatzeko, ez zuten ohiko tekniketara jo zientzialariek. Tradizioz, larruazaletik laginak hartu, laborategiko kondizioetan hazi, eta hazitako horiek aztertuz identifikatzen zituzten. Oraingoan, berriz, geneen sekuentziaziora jo dute.

Hala, bakterio guztiak aztertzen dituztela bermatu dute zientzialariek. Izan ere, laborategian hazitakoak aztertzen zituztenean, ezin zuten ziurtatu benetan zeuden bakterio guztiak aztertzen ari zirela, bakterio batzuk besteak baino errazago hazten direlako laborategiko kondizioetan.

Aztertzen hasi aurretik, aukeratutako hamar boluntarioei eskatu zieten astebetez xaboi jakin batekin garbitzeko. Gero, egun oso bat bainatu gabe eman behar zuten, eta, orduan, gorputzaren hogei lekutatik hartu zizkieten laginak; besteak beste sudurzuloetatik, zilborretik eta ipurdi-erretenetik.

Hartutako laginetan ez zituzten genomak aztertu; hau da, ez zuten zuzenean bakterioen DNAra jo. Aitzitik, RNA erribosomikoa aztertu zuten, alegia, geneetan gordeta dagoen informazioa proteina bilakatzeko prozesuan parte hartzen duen sistemaren zati bat. Espezie batetik bestera RNA horretan dauden desberdintasunetan oinarrituta, aipatutako 1.000 espezieak bereizi zituzten.

Lortutako emaitzek argi utzi dute giza larruazala ez dela ingurune homogeneo bat bakterioentzat, hau da, bakterioei ez zaiela berdin larruazalaren gune batean edo bestean egon.

Tradizioz, larruazaletik laginak hartu, laborategiko kondizioetan hazi, eta hazitako horiek aztertuz identifikatzen zituzten bakterioak.

Ikertzaileek, dena den, ez dakite zergatik diren alde batzuk besteak baino aberatsagoak espezie-kopuruan. Uste dute, adibidez, larruazalaren ile-kantitateak eta koipetsua izateak edo ez izateak eragin handia izan dezaketela bakterioek gorputzaren alde jakin bat bizileku apropos jotzeko orduan.

Larruazalaren alde batzuek eta besteek bakterioei eskaintzen dizkieten konfort-kondizioez gainera, adituek uste dute logikoa dela bakterio-aberastasun handiena gorputzetik kanpoko bakterioekin kontaktu handiena duten aldeetan egotea. Askotan eskuak adina bakteriorekin egoten dira kontaktuan besaurreak, baina askoz maizago garbitzen ditugu eskuak xaboiarekin besaurreak baino. Edo eskuak garbitzen dituzun aldiro xaboitzen dituzu, halaber, besaurreak?

Hala, aipatutako arrazoi horiek konbinatuta, gure gorputza bakterioentzako askotariko ekosistema bihurtzen da, eta, besaurreak, ekosistema horretan lur hartzeko leku hobezinak.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia