Labar-artearen adinaren bila
2013/09/01 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia | Zubia Gallastegi, Bego - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hitzez baliatu ohi gara pentsatzen duguna esateko, baina askotan hitzak ez dira nahikoa. Keinuak, laztanak, apaingarriak, jantziak... Modu asko daude sentimenduak, nahiak eta usteak adierazteko eta artea da horietako bat. Historian milaka urte atzera eginez gero ere, arte-adierazpenak aurkituko ditugu. Baina noiz ekin zion gizakiak bere barne-barneko nahi horiek era horretan adierazteari? Nazioarteko ikertzaile talde batek egindako ikerketa baten arabera, uste baino milaka urte lehenago. Kantabriako El Castillo leize-zuloan Europako labar-pintura zaharrena datatu dute, gutxienez 40.800 urte dituen disko-segida bat da.
El Castillo koba Kantabriako Puente Viesgo herrian dago kokatuta. Leize-zuloa gizateriaren ondare da eta gizakiaren historiaren lekuko diren 275 pintura daude han. Horietako margolan bat da Europan datatu den artelan zaharrena; gutxienez 40.800 urte ditu eta pigmentu gorriz marraztutako puntu edo disko handi bat da. Orain arteko datazioen arabera, zientzialariek margolan horri 30.000 urteko aintzinatasuna egozten zioten. Datu berriek ordea, uste zena baina 10.000 urte zaharragoa dela azaldu dute.
"Labarretako arteari adina jartzeko beharra zegoela uste genuen, horregatik abiatu genuen ikerketa", azaldu du Marcos García Díez zientzialariak. Marcos García Díez EHUko Geografia, Historiaurre, eta Arkeologia departamentuko irakaslea da, eta ikerketa horretan parte hartu duten lau zientzialarietako bat. Berarekin batera, Southampton Unibertsitateko Alister Pike ikertzailea, Burgoseko Giza Eboluzioaren ikerketa zentroko (CENIEH) Dirk Hoffman zientzialari alemaniarra eta Kataluniako Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Institutoko (ICREA) João Zilhão ikertzaile portugaldarra ari dira lanean. Beren ikerketaren lehen emaitzak Science aldizkarian jaso zituzten.
"Orain arte hipotesiaren munduan lan egiten zen, estiloaren araberako datazioa eginaz, zenbaki errealik gabe", argitu du García Díezek. Zientzialariek tradizionalki bi datazio sistema erabili ohi dituzte labar-artea datatzeko, biak ere mugatuak: karbono 14aren teknika eta pinturaren estiloan oinarrituta egiten dena. Karbono 14aren sistemarekin pinturetan dauden osagai organikoak aztertzen dira, egur-ikatza, alegia. Baina, García Díezen arabera teknika hori margolan gutxitan erabili daiteke. Izan ere, "pinturen % 15-20 inguru soilik dago gai organikoz, egur-ikatzez, egina; horregatik, orain arte margoen % 80 inguru metodo enpirikoen bidez datatu gabe geratu da".
Horixe da Kantabriako margolan gehienen kasua. Karbonorik ez dutenez, estiloaren araberako datazio-sistema erabili izan da artelan hauen adina zehazteko."Kasu horietan funtsean margo bat beste batzuekin konparatuz datatzen da, ez era independientean --jakinarazi du Dirk Hoffman ikertzaileak--. Hortaz, sistema hori erlatiboa da, ez da datazio zuzena egiten eta uste batean oinarritua dago. Labar-artearekin lan egiten duen jendeak benetako premia du datazio zuzenak egiteko, adina zuzenean neurtzeko".
Uranio/torioaren teknika
El Castillo kobako Eskuen Panela deritzon margo-multzoa Europa osoko labarretako artearen gune garrantzitsuenetako bat da, irudi kopurua, teknika eta gai aniztasunagatik. Harrizko pareta borobilduetan bisonteen margolanak, zeinuen marrazkiak, eta ezohikoagoak direni rudiak ikus daitezke: besteak beste, pigmentu gorriz marraztutako giza-eskuak.
Nazioarteko ikertzaile-taldeak panel horretan uranio/torio teknikaz baliatu dira labar-artea datatzeko. Teknika horren erabilera ez da batere ohikoa izan pinturen datazioan.
Uranio/torio teknikaren bidez ez da zuzenean artelana datatzen, haren gainean sortu den kaltzita-geruza baizik. "Hormetara begiratzen badugu, gune batzuetan kaltzita metaketak ikusten ditugu --nabarmendu du García Díezek--; horman behera erori izan den uragatik sortu dira".
Pinturen gainean kaltzita-geruza ezberdinak daude metatuta, eta geruza horien laginak aztertzen dituzte ikertzaileek. "Margolana ez da ukitzen. Metodo honek ez du pintura kaltetzen", azpimarratu du García Díezek. "Guk poliki-poliki kaltzita harraskatzen dugu, eta sakonera ezberdinetako laginak hartzen ditugu. Horrela, ez dugu datazio bakar bat izango, datazio sorta bat baizik".
Helburua geroz eta sakonera handiagoko laginak jasotzea da, pinturaren lehen arrastoak ikusten diren arte. Hortxe uzten diote arraspatzeari. "Kaltzita, labar-pinturaren gainean kokatuta badago, pintura han zegoen kaltzita metatu aurretik --zehaztu du Hoffmanek--; badakigu, pintura zaharragoa dela guk harraskatu dugun kaltzita baino". Horrela, kaltzita datatuz, pintura horien gutxieneko adina lortzen dute.
CENIEH-ko laborategian
Lagin-bilketarekin abiatu duten prozesuak laborategian du jarraipena. Burgosko Giza Eboluzioaren ikerketa zentroan aztertzen da kaltzita-lagina.
Uranio/torioaren teknika ez da berria, 40 urte inguru ditu. Baina, azken hamabost urteetan masa espektrometro aparailuek teknologikoki garapen nabarmena izan dute, eta horri esker, orain oso lagin txikiekin egin daiteke lan. "Teknika alfa espektrometria da, hau da, uranioaren desintegrazioaren produktuak detektatzen dira. Gaur egun, neurketarako behar dugun masa orain urte batzuk baino 10.000 aldiz txikiagoa da. Horri esker, orain posible da kobara joan eta kaltzita-gune txiki horietatik hartutako laginak aztertzea. Duela 10 urte ez zen posible horiekin lan egitea", azaldu du Hoffmanek.
Laborategi garbian kaltzitaren elementu kimikoak bereizten ditu Hoffmanek. "Laginaren % 99,9 kaltzita da, eta guk ez dugu hori nahi, uranioa nahi dugu eta horren kontzentrazioa oso txikia da: gramoko nanogramo ehundaka gutxi batzuk". Bereizketa horren emaitza disoluzio bat da eta han uranioa eta torioa daude. Masa espektrometriaren bitartez bi elementu horien ratioak neurtzen dituzte.
Denboraren poderioz, naturan dagoen uranio-238 isotopoa torio bihurtzen da. Transformazio horretarako behar den denbora jakina denez, laginetan aurkitzen den torio kopuruak laginaren adina zehazten du. Hau da, analisiak torio bilakatu den uranioaren portzentajea zehazten du eta horrela, kaltzita hori zer urtetan sortu zen argitu.
Uste baino zaharragoak
Analisi horien emaitzek datu esanguratsuak kaleratu dituzte, uste baino datazio zaharragoak lortu baitira azterketa batzuetan. Asturiasko Tito Bustillo koban adibidez, aintzinako giza irudi bat datatu dute lehen aldiz. Pigmentu gorriz marraztutako pertsona-itxura duen margolan bat da, eta 35.000 eta 29.000 urte artean datatu dute. Pinturaren azpialdeko eta gainaldeko kaltzita datatu denez, pintura zein daten artean egin zen zehaztu da. "Historiaurreko artearen ikerketan ez dago antzinako giza irudi baten datazio bat bera ere --dio García Díezek--; horregatik da hain esanguratsua".
Altamirako leize-zuloko bisonteen sabai handian ere hartu dituzte laginak. Kobako gune garrantzitsuenetako bat da: bisonte, zaldi, orein eta zeinuz apaindutako zerua. Zehazki, triangelu itxura duten zenbait zeinuren adina zehaztea lortu dute, eta azterketa horien arabera gutxienez 36.000 urte dituzte margolan horiek. "Orain urte batzuk Altamirako kobako pinturen inguruan eztabaida zabaldu zen. Bisonteen sabaia epealdi labur batean edo zabal batean egin ote zen eztabaidatzen zuten zientzialariek. Hau da, margolanak 20.000 eta 12.000 urte artean egin ote ziren edo epealdi zabalagoan", aditzera eman du García Díezek. "Guk kaleratutako datuarekin eztabaida argitu da. Gaur ziurtatu daiteke Altamiran duela 36.000 urtetatik 12.000 urte arte gizakiek margolanak egin zituztela. Altamirako koba milaka urtean zehar labar-artea egiteko erabili zen. Nolabait esateko, egungo katedralak mendeetan zehar erabili izan diren moduan".
Datazio zaharrenak aldiz, Kantabriako El Castillo koban egin dira. Leize-zuloan aurkitutako giza eskuen irudietako batek, adibidez, gutxienez 37.300 urte ditu. Gainera, Europako pintura zaharrena datatu dute han. Pigmentu gorriz marraztutako disko batek gutxienez 40.800 urte dituela baieztatu izanak hipotesi berriak jarri ditu mahai-gainean. "Emaitzak kasu honetan ez dira bakarrik esanguratsuak izan, apartekoak izan dira, pintura horien egileen inguruko eztabaida zabaldu baitute. Margolan ez-figuratibo horiek neandertalek egin ote zituzten jarri da zalantzan", nabarmendu du García Díezek.
Irudi horiek gutxienez 40.800 urte dituzte, eta hortxe dago ikertzaileen arabera neandertalen eta gizaki modernoen arteko muga. Zientzialariek interpretazio edo irakurketa ezberdinak egiten dituzte, baina 39.000 eta 42.000 urteren artean egon daiteke bi gizakien arteko muga. "Datazioetan denboran piska bat atzerago iritsi izan bagina, eztabaida guztiz itxita egongo zen", gaineratu du ikertzaileak.
Datozen hilabeteetan zientzialariek Andaluzian, Frantzian, Asturiasen eta Kantabrian azterketa berriak egingo dituzte. Irudi ez-figuratiboetan jarriko dute arreta, horiek baitira datazio zaharrenak ematen dituztenak, egileen inguruko eztabaidan datu berri esanguratsuak lortzeko bidean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia