}

Krisialdi sozioekologikoaren ebidentziak

2019/09/01 Pascual García de Azilu, Unai - Klima eta Natur Ingurunea / Basque Centre for Climate Change | Zafra Calvo, Noelia - Aldaketa Globala eta Garapen Sostengarriko doktoreaBasque Centre for Climate Change Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazio Batuen IPBES plataforma zientifiko arauemaileak bere azken txostenean adierazi du milioi bat espezie galtzeko zorian daudela planetan; zortzitik bat. Habitaten galera dago biodibertsitatearen galeraren oinarrian, Lurraren azaleraren % 75 aldatu baitugu jada gizakiok kolpeka, deforestazioz, nekazaritza intentsiboz, lurrak urbanizatuz, krisialdi klimatikoa eraginez… Munduko zingiren % 80 eta baso-azaleraren % 32 suntsitu dugu. Ondorioa: espezieen % 20 desagertu da 1900etik hona, eta beste % 13 desager daitezke datozen urteotan. Bitartean, munduko populazioa bikoiztu egin da; barne-produktu gordin globala, laukoiztu; eta nazioarteko merkataritza, produktuak munduko edozein herrialdetara eramatea edo handik ekartzea sustatzen duen hori, hamar aldiz handitu.

Hazkunde ekonomikoaren dogma albo batera utzi behar dela dio txostenak, sistema ekonomiko jasangarri bat izan behar dugula helburu. Baina zein dira krisialdi sozioekologiko horren azpian dauden arrazoi sozioekonomikoak? Zer politika jarri beharko lirateke abian? Eta, agian garrantzitsuena, nola egiten da hori? Ongizatea sakrifikatu beharko dugu?

Galdera horiei erantzuteko eskatu diegu Unai Pascual Garcia de Azilu ekonomialariari eta Noelia Zafra Calvo ingurumen-zientzialariari. Biak, Basque Centre for Climate Change-ko ikertzaileak.

krisialdi-sozioekologikoaren-ebidentziak
Arg. Maxsattana/Shutterstock

“Gobernantza-eredua da krisiaren erantzulea”

Unai Pascual García de Azilu

Ekonomia eta Ingurumen Politikako doktorea. BC3ko ikertzailea

IPBES txostenak krisialdi sozioekologikoa aipatzen du jada. Zein dira, zure ustez, krisialdi honen oinarrian dauden arrazoiak?
Gizakiaren historiari erreparatzen badiogu, bioaniztasun-galeraren tasarik handiena izaten ari da azken bost hamarkadetan, baina IPBESek aditzera eman duen bioaniztasun-galera ez da ikusi behar ingurumenaren arazo soil gisa. Gizartea eta ekonomia daude arazoaren erdigunean. Ebidentzia zientifikoen arabera, hauek dira, hurrenez hurren, galera horren atzean dauden zuzeneko eragile nagusiak: lurraren eta itsasoaren erabilera, natura-baliabideen zuzeneko esplotazioa, klima-aldaketa, kutsadura eta espezie inbaditzaileak.

Zuzeneko bost eragile nagusi horien azpian gizakiaren esku-hartzea dago; hortaz, haien oinarrian dauden hainbat zeharkako eragile identifika daitezke. Hauek dira IPBES txostenak aipatutakoak: gizabanakoen portaeren eta balioen aldaketa, kontsumo- eta ekoizpen-ereduak, nazioarteko merkataritza, dinamika eta joera demografikoa, berrikuntza teknologikoa eta gobernantza-eredua. Faktore horien konbinazioek eragiten dituzte aipaturiko zuzeneko bost eragile nagusiak, zeinak Lurraren hainbat txokotako bioaniztasunaren joera ezkorraren atzean dauden. Argi gelditzen da, beraz, krisi sozioekologikoa dugula aurrean, ez bakarrik ekologikoa:  gizartea bera eta hark sortu eta mantentzen duen gobernantza-sistema dira krisiaren erantzule.

Gizartearen metabolismoaren ikuspuntutik, azken 50 urteotan giza populazioa bikoiztu izanak, barne-produktu gordina lau aldiz handitzeak eta nazioarteko merkataritzaren balioa hamar aldiz handitzeak, izugarri handitu dute natura-baliabideen, lehengaien eta energiaren eskaria. Horrek zuzenean areagotu du lurraren eta itsasoaren gaineko presioa, eta neurri berean handitu da, noski, hondakinen sorrera. Klima-aldaketa da CO2-ak eragindako kutsaduraren adibide bat, eta ezin ahantz dezakegu plastiko-hondakinen uholdea. Txanponaren bi aldeetan aurkitu ditzakegu gizarteak naturari eragindako presioaren zuzeneko eta zeharkako eragileak.

Zer politika jarri beharko lirateke abian?
Faktore sozioekonomiko guztiak politikarekin lot ditzakegu, nola edo hala. Hartara, galdera garrantzitsu horri erantzun ahal izateko, lehendabizi kontuan hartu beharko genuke politika hitzak askotariko esanahi edo aplikazioak dituela gure artean. Denok egiten dugu politika egunerokotasunean, edozein erabaki hartzen dugunean: giza eta naturarekiko baloreak indartzen ditugunean, hezkuntza-sistema jakin bat bultzatuz; nekazaritza-eredu jakin bateko elikagaiak kontsumitzen ditugunean; eguneroko mugikortasun-eredu bat edo beste aukeratzen dugunean; oporretan, nora eta zenbat bidaiatzen dugun erabakitzen dugunean…  Eta badago beste politika-mota bat ordezkari politikoek egiten dutena, non joko politiko horren arauak eta legeak ezartzen dituzten. Arau horiek eragin zuzena dute ekonomian edo gizarte-harremanetan. Giza zientzietan, instituzio deitzen zaie arau horiei. Bada, krisi sozioekologikoaren erdigunean kokatu behar ditugu instituzioak eta legeak. Horiek dira, hain zuzen, krisiaren eragileak.

Baina ingurumenari lotutako arautegiez harago, beste arauek ere badute naturarekiko harreman zuzena edo zeharkakoa. Marko normatibo orok baldintzatzen du gizarteak naturarekin duen erlazio-mota, osasun-, hezkuntza-, kontsumo- eta ekoizpen-ereduak arautzen dituen heinean. Beraz, gobernantza-sistema osoa da berrikusi beharko genukeena. Sektore askoren zeharkako gaia da ingurumena, zeinak harreman estua duen gizartearekin. Hala, ingurumenak zeharkako gaia izan beharko luke gobernu guztietan, bai udalerrietan, baita eskala altuagoetan ere. Hori egiten ez dugun bitartean, ez diogu arazoari benetako dimentsioa emango. 

Hasteko, materialen eta energiaren ekoizpena eta kontsumoa areagotzen duten pizgarri ekonomikoak kendu beharko genituzke. Nazioarteko Energia Agentzien datuen arabera, perbertsoak dira erregai fosiletan 400 mila miloi dolarretik gora ematen diren sariak. Antzera gertatzen da nekazaritza intentsiboa eta ez-jasangarria bultzatzen duten diru-sariekin. Adibidez, ura modu masiboan kontsumitzea ahalbideratzen dutenak, edota erregai fosilen menpe dauden ongarri artifizialen eta bestelako input fitosanitarioen bidezko nekazaritza bultzatzen dutenak. Ezin dugu natura babestu eta, bitartean, atzeko atetik sari ekonomiko horiek sustatzen dituzten instituzioak elikatu. Krisi sozioekologikoaren suari gasolina botatzea bezala da hori.

Ongizatea sakrifikatu beharko dugu?
Ez du zertan. Eredua aldatu beharra dago. Batzuek trantsizio sozioekologiko hitza erabiltzen dute, beste batzuek eraldaketa hitza. Nolanahi ere, mende honetan jarri behar dugu martxan iraultza sozioekologikoa. Hori egin ezean, jai dute bioaniztasunak eta klima-sistemak, hain zuzen, gizateria sostengatzen duten bi faktore nagusiak. Harreman estua dute biek; ezin da bat ulertu bestea kontuan izan gabe. Beroketa-efektuak eragin kaltegarria du bioaniztasunean, eta, era berean, ekosistema osasuntsuak behar ditugu bai CO2-isurketak harrapatzeko (lurzoruan, landare-biomasan eta ozeanoetan), bai eta klima-aldaketaren eraginei modu eraginkorrean egokitzeko. Hala, bizitzaren oinarri sozioekonomikoa berrasmatu behar dugu. Materialki eta energetikoki hazi beharrean, gizarte-metabolismoa murriztuko duen eredua jarri behar dugu martxan. Ongizatea kontsumo material eta energetikoetatik harago dagoela txertatu behar dugu imajinario kolektiboan. Erakargarri bihurtu behar dugu kontzeptu hori. Hori lortzen dugunean argi geldituko da orain egiten ari garena dela sakrifizioa. Egoera aldatu beharra dago. Ez dago beste biderik.

 

“Pertsonak naturarekin birkonektatzea lortu behar dugu”

Noelia Zafra Calvo

Aldaketa Globala eta Garapen Sostengarriko doktorea. BC3ko ikertzailea

IPBES txostenak krisialdi sozioekologikoa aipatzen du jada. Zein dira, zure ustez, krisialdi honen oinarrian dauden arrazoiak?
Funtsean, gure bizi-eredu osoa, kontsumoa baitu ardatz planetako kultura ia guztietan. Ez dago Lurrarekiko errespetuan oinarrituta. Duela milurteko batzuk galdu zuen gizakiak naturarekiko eta Lurrarekiko errespetua; lagun batekiko errespetua izango genukeen bezala, elkar ulertzetik hura kontrolatu nahi izatera aldatu baitzen naturarekiko harremana; alegia, desorekak eragitera.

Gauza asko egiten ditugu: behin bakarrik erabiliko dugun arropa erosi, edota polietilenozko ontzi batean plastikoz bildutako piper bat; eskuak garbitzeko, xaboi-pastilla erabili beharrean ontziratutako esku-xaboia erabiltzea, edo eskuak tonaka paperekin lehortzea; hegazkinez bidaiatzea, trenez bidaia laburrak egin beharrean; sobran geratzen den janaria botatzea edo ez birziklatzea, bereziki haragi gorria denean, zeina ekoiztea oso garesti ateratzen baitzaio Lurrari.

Horrez gainera, inork ez du bere status quo-a aldatu nahi; bereziki onurarik eragingo ez dieten aldaketa sozialak gertatzerik nahi ez dutenek, nahiz eta aldaketa sozial horiek gehiengo bati edo Lurraren biziraupenari abantailak ekarri.

Zer politika jarriko zenituzke abian?
Ekologiaren ikuspegitik, Lurra orekan dagoen sistema bat da. Gizakiak desorekaren bat eragiten duenean sisteman, Lurrak bere burua doitzen du. Adibidez, Lurra berotu egiten da klima-aldaketarekin, eta doikuntzak gertatzen dira sistema atmosferiko eta ozeanikoan, tifoiak eragiten dituztenak eta, haiekin, uholdeak. Natura kontserbatzeko dugun argudio nagusiaren ardatza da doikuntza horiekin guztiekin zenbat gauza galduko ditugun; izan ere, Lurra ez da beti guri gehien komeni zaigun bezala doitzen, edo, are okerrago, ez dakigu zer doikuntza gertatuko diren eta zer arazori egin beharko diogun aurre urteek aurrera egin ahala.

Ni ez nintzateke zentratuko doikuntza horiek eragiten dituzten kalteak arintzeko politiketan; aitzitik, helduko nieke pertsonak Lurraren sisteman integratzeko modua aldatzeko politikei; banakoaren ikuspegitik. Nire ustez, pertsonak naturarekin birkonekta daitezen lortu behar dugu. Pertsonentzat esanguratsua eta hunkigarria den zerbaiten bidez lor dezakegu; adibidez, aiton-amonek landatutako zuhaitza ikustea edota, olatuak sentitzeko, itsasoan igeri egitea… Halaber, garrantzitsua da etorkizuneko ikuspegi partekatu bat eraikitzea, Lurrarekiko eta bizikide ditugun beste pertsona eta izaki bizidunekiko errespetuzko gutxieneko gako batzuk izango dituena.

Ongizatea sakrifikatu beharko dugu?
Nork bere buruari egin behar dio galdera hori. Zeri esaten diogun ongizatea eta zenbateraino gauden egokitzeko prest. Teoriak dionez, nork bere burua egokitu dezake, modu gutxi-asko errazean, bere ongizaterako oinarrizkotzat jotzen ez dituen gaietan. Baina oso erlatiboa da bakoitzak zer jotzen duen oinarrizkotzat. Badira autoz mugitzea funtsezkotzat jotzen dutenak, eta beste batzuentzat, bestalde, supermerkatuan erosten jarraitzea izango da funtsezkoa, nahiz eta hala itsasoak tonaka plastikoz bete. Puntu kritikoa bat hauxe da: nork erabaki dezakeen aldaketa horren inguruan, eta nola gauzatuko den pertsona-taldeei desberdin eragingo dien prozesu bat.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia