}

Klima-aldaketa: guztion ardura

1995/05/01 Nuñez-Betelu, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-aldaketa hitzetik hortzera darabilkigu eztabaidagai maiz, bai lagunen artean, baita komunikabideetan ere. Askoren iritziz dagoeneko Euskal Herria “tropikalizatu” egin zaigu, eta neguak ez dira negu, gaztaroan gure kaleetan elurra maizago ikusten genuen eta horrelakoak entzuten dira. Antzera esaten da munduko toki gehienetan, baina hala eta guztiz ere, zenbait zientzilarik zalantzan jartzen du dagoeneko klima-aldaketa baten aurrean gaudenik. Hori bai, ikerketa askoren arabera atmosferako zein ozeanoetako tenperaturak igo egin dira azken urteotan.

Baina klimek berez fluktuazioak betidanik izan dituztenez tenperatura-igoera hauek normalak izan zitezkeen. Gure planetako klimak benetan aldatzen ari ote diren jakiteko oraindik datu eta ikerketa gehiago behar dira. Hala ere, zientzilari askoren ustetan gizakion eragina atmosferan oso nabarmena da eta horrek ekar ditzakeen aldaketen artean berotegi-efektua dago. Berotegi-efektuaren ondorioz bestalde, klimak epeldu egingo lirateke.

Dena den, kausa asko direla medio, klimek etengabe aldaketak jasan dituzte. Esaterako, azken bi milioi urteotan, Holozenoan zehar, hainbat glaziazio gertatu da munduan, azkena duela hamar mila urte inguru amaitu zelarik. Orduan Aralarren, Aizkorrin, Anboton eta Euskal Herriko beste zenbait menditan glaziarrak zeuden, Euskal Herriko batezbesteko tenperatura gradu bakan batzuk hotzago zelarik.

Garai hartan itsas maila beherago zegoen eta, beraz, kostaldea urrunxeago zegoen. Azken glaziazioaren ondoren klima epeldu egin zen, eta duela 5.000 urte egungoa baino epelagoa izatera ere iritsi zen. Dena den, eta azken glaziaziotik hona klima epeldu egin bada ere, mendetik mendera berezko fluktuazio nabarmenak eman dira. Horregatik, klima aldatzen ari ote den jakiteko urte askotako datuak behar dira.

Klima berotzearen ondorioak

Ikerketa sakonago eta luzeagoak egin behar badira ere, hainbat eredu matematikok gizakion eraginez klima berotu, eta berotze-prozesua bizkortu egin dela, ondorioztatzen du. Berotze honek, klima-aldaketa sakonak sor ditzake, gizakiontzat oso ondorio kaltegarriak ekar ditzakeelarik. Zientzilarien artean oso maiz erabiltzen den eredu matematiko batetik hurrengo urteetan udako batezbesteko tenperaturak 2 eta 4 ºC artean igo daitezkeela ondorioztatzen da.

Klima beroagoek, beste aldaketa askoren artean, goi-latitude eta mendietako izotzen urtzea ekarriko lukete eta honekin batera itsas mailaren igoera, itsasoek hainbat hiri eta populatutako kostalde urperatuko lituzketelarik. Honek populazio-migrazio handiak eragingo lituzke, arazo politiko eta ekonomiko neurtezinez gain. Izotz kapeluak eta glaziarrak urtzeak lurrazalaren albedoa jaitsiaraziko luke, eta ondorioz lurrazala berotuko litzateke.

Klima berotzeak ere eritasun tropikal askoren barreiaketa ekar lezake, eritasun hauek kutsatzen dituzten intsektuak beroarekin asko hedatuko bailirateke. Hori horrela malaria, eskistosomiasia, filariasia, sukar horia eta beste hainbat gaixotasunek bortizki joko lukete herri tropikaletan eta egun gaixotasun horietatik libre dauden munduko leku askotara ere zabalduko lirateke. Halaber, gizakion aktibitateek klima-aldaketa azkarra eragingo balute eredu matematikoek jende asko hilko lituzketen “bero-uhinak” eta “hotz-uhinak”, tifoi eta urakan izugarriak, lehorte zein eurite bortitzak eta beste hainbat fenomeno meteorologiko aurrikusten dituzte. Hau guztia gerta liteke, eta agian jada hasi da gertatzen.

Klima beroagoek, beste aldaketa askoren artean, goi-latitude eta mendietako izotzen urtzea ekarriko lukete eta honekin batera itsas mailaren igoera, itsasoek hainbat hiri eta populatutako kostalde urperatuko lituzketelarik.
J. Terés

Baina badaude, batzuen ustez bederen, klima beroagoek ekar lezaketen hobekuntzak ere. Horrela klima berotzearen ondorioz gaur egun klima arktiko eta subarktiko duten lurraldeek, Kanadako iparraldeak eta Siberiak esaterako, nekazaritzarako erabil ahal izango dira. Zoritxarrez, bertako lurzoruek oso garapen txikia dute eta ez lirateke batere emankorrak izango. Bestalde, eskualde hauetako permafrosta urtzean metanoa kantitate handitan isuriko litzateke atmosferara, eta gogoratu metanoa oso berotegi-gas indartsua dela.

Areago oraindik, glaziarreak agerian utzitako eskualdeak basamortu bihurtuko lirateke, ez baitago bertan lurzoru biologikorik, eta horren bilakaerarako ehundaka zein milaka urte beharko lirateke. Klima-aldaketa natural batean, aurretik izotzak estalitako eskualdeetako lurzoruak eratzea posible izaten da, klima-aldaketa ez baita oso arin gertatzen, baina gizakiok eragindako klima-aldaketa oso azkarra izan daiteke, eta ondorioz ez litzaioke moldatzeko astirik emango.

Atmosfera eta klima-aldaketak

Aldaketa klimatikoen kausa astronomian zein geologian dago eta betidanik gertatu izan dira gizakion eraginik gabe. Baina munduko populazioaren hazkundea dela eta, teknologia berrien bilakaerarekin batera, gizakiok gero eta gehiago isurtzen dugu ingurura, atmosferara. Aktibitate organiko zein inorganikoen ondorioz hainbat gas atmosferara jaurtitzen da. Hala ere, orain dela gutxi arte atmosferak nolabaiteko oreka mantendu ahal izan du eta bertara isuritakoa atmosferak berak liseritzen zuen, bere osaketa ezer gutxi aldatzen zelarik, edo poliki-poliki aldaketa txikiak jasaten zituelarik.

Ozeanoek, beste konposatu askoren artean, karbono(IV) oxidoa kantitate handitan zurgatzen dute karbonatuak eratzeko, horrela atmosfera garbituz. Finkatutako karbono horren bidez arrezifeak eraiki izan dira betidanik, eta gero kararri eta dolomia bihurtuko diren sedimentuak pilatu izan dira. Baina atmosferaren eta ozeanoen ahalmen garbitzaileak bere mugak ditu eta bertara gehiegi isurtzen bada ahalmen horrek gainezka egiten du. Horrek ordurarteko oreka bortizki apurtzen du eta ondorioak aurrikustea zaila izaten da.

Berotegi-gasen pilaketa atmosferan

Klima berotzeak ere eritasun tropikal askoren barreiaketa ekar lezake, eritasun hauek kutsatzen dituzten intsektuak beroarekin asko hedatuko bailirateke.

Beroa mantentzen duten hainbat gas, berotegi-gas izenekoak, atmosferan berez daude eta hauei esker da posible Lurreko bizitza, bestela bertako batezbesteko tenperatura zero azpikoa izango baitzen. Aktibitate orogeniko eta bolkanikoetan, esate baterako, karbono(IV) oxidoa kantitate handitan askatzen da, eta hauek klima-aldaketa naturalak eragiten dituzte.

Beraz, gizakiok berotegi-gasen kontzentrazioa igotzen badugu, eta dagoeneko igo egin dugu, bero gehiago metatuko da atmosferan, eta ondorioz klima alda dezakegu. Hau horrela, Iraultza Industrialak errekin organikoen erabilpena berarekin ekarri zuen, ikatza eta hidrokarburoak errez eta, beste berotegi-gas askoren artean, karbono(IV) oxidoa atmosferara isuriz. Ordutik hona gas honen kontzentrazioa atmosferan asko igo da, % 25 azken 50 urteotan, igoera mende honen bukaeran azkartu egin delarik.

Gizakion eraginez berotegi-gasen kontzentrazioa atmosferan dagoeneko igo egin dela inork ez du ukatzen, baina jadanik gas horien eraginez klima aldatzen ari dela esateko oraindik goiz izan daiteke, lehen esan dugunez klimak berezko aldaketak izan baititu betidanik. Egungo zientzilari zein agintarien artean hiru jarrera dira nagusi. Batetik, dagoeneko klima aldatzen ari dela uste dutenena, bigarrenik, klima benetan aldatzen ari ote den jakiteko itxarotea eskatzen dutenena, eta azkenik gizakion aktibitateek klima inoiz ez dutela aldatuko uste dutenena.

Lehenengoek eta bigarrengoko zenbaitek, jakina, dagoeneko klima-aldaketei aurre egiteko neurriak hartzea proposatzen dute, baina gainerakoek itxarotea eskatzen dute. Zoritxarrez, lehenengoek arrazoia baldin badute, eta ez bada ezer egiten, guztiok konbentzituta egon gintezkeenerako beranduegi izan liteke, ondorio katastrofikoak paira genitzakeelarik.

Azken urteotako aldaketak

Azken hogei bat urteotan airearen tenperatura batezbeste 0,7º igo omen da, itsasoetako tenperatura ere zertxobait epeldu egin da, eta itsas maila bera ere, urtean gutxienez milimetro bat gorantz doa. Epe berean ere inoiz baino tifoi, urakan, “hotz-uhin”, “bero uhin”, lehorte eta eurite bortitzagoak ezagutzen ari gara, eredu klimatikoek aldaketa klimatiko azkar baten bidez gerta litezkeela aurrikusia dutenen antzekoak. Are gehiago, goi-latitudeetan ere aldaketak gertatzen ari dira jadanik, eta esaterako, Ipar Poloko urak epeldu egin omen dira itsas izotza mehetuz.

Bestalde, Antarktikako izotz plataforma ozeanikoak, milaka urte bertan izoztuta egon ondoren urtzen eta zatitzen hasiak dira, orain dela gutxi Araba bezain handia den izeberga bertatik askatu delarik. Baina atmosferara gizakiok isuritako gasek klima berotzeaz gain badituzte beste ondorio batzuk. Ondorio hauek ez dira, klima aldaketarekin gertatzen ari den bezala, zalantzan jartzen, dagoeneko gertatzen eta pairatzen ari baikara. Horien artean euri azidoa eta ozono zuloa ditugu. Herri industrializatuetan euri azidoak, beste zenbait ondorioren artean, basoak hil eta uztak gutxiagotu egiten ditu, kalte ekonomiko eta ekologiko handiak eraginez.

Iraultza Industrialak errekin organikoen erabilpena berarekin ekarri zuen, ikatza eta hidrokarburoak errez eta, beste berotegi-gas askoren artean, karbono(IV) oxidoa atmosferar isuriz.

Bestalde, ozono zuloa Hego Hemisferioko goi-latitudeetan dagoeneko urtero udan agertzen da eta hasia da Arktikoan ere zabaltzen. Ozono zulotik eguzkiaren izpi ultramoreak iristen dira lurrazaleraino, minbiziak eta aldaketa genetikoak eraginez. Dagoeneko Argentinako Patagoniako Usuaia hiria ozono zuloaren parean aurkitzen da udarero eta, ondorioz, bertako biztanleek oso babes neurri zehatzak hartu behar izan dituzte osasuna zaintzeko. Antzeko neurriak Australian eta Zeelanda Berrian hasiak dira hartzen, bertan arriskua gero eta handiagoa baita.

Hartu beharreko neurriak

Klima-aldaketa gertatzen ari ote den seguru egon barik ere, hobe dugu neurriak hartzea, behin gertatuz gero egoerari buelta ematea oso zaila, ala ezina, izan daiteke eta. Klima faktore askoren konbinaketaren ondorioa da, eta gure planetako ozeanoen zein atmosferaren ezaugarrien menpe dago. Klima moldatzen duen sistema horren handia denez, inertzia handia du eta, beraz, behin aldaketak sortatuz gero oso zaila da norabidez aldatzea.

Aurtengo ekainean hiru urte beteko dira klima-aldaketa posible bati aurre egiteko hainbat gobernu Rio de Janeiron bildu zirela. Bertan zenbait erabaki hartu ziren ingurua zaintzeko, baina praktikara eramateko unean erabaki horiek zailtasun handiekin egin dute topo. Aurtengo martxoaren 28ko Berlingo Bilera proposamen zehatzak aurkezteko helburuarekin ipini zen, bertan hainbat proposamen eztabaidatu zirelarik. Horrela, klima aldaketa posible baten aurrean, Danimarka eta Alemaniak beren karbono(IV) oxidoaren isurketak murriztu egin nahi dituzte energia alternatiboak bultzatuz.

Antarktikako izotz plataforma ozeanikoak, milaka urte bertan izoztuta egon ondoren urtzen eta zatitzen hasiak dira.

Bestalde, Estatu Batuek, Britainia Haundiak eta Japoniak isurketa-maila berean mantentzea dute helburu, eta Espainiak zein Frantziak portzentaia txikietan areagotzea. Baina herri garatuek isurketak kontrolatzea proposatzen duten bitartean, garatzeko bidean dauden hainbat herri isurketak ez murrizteko proposamenak bultzatzen dituzte, beren ekonomiak horrelako neurriak hartuz gero sufri dezaketela eta.

Dena den, klima-aldaketa posible baten arazoa guztiona da. Gobernuek, duten erantzukizuna dela eta, erabakiak hartu behar dituzte zalantzarik gabe. Baina oinezkook ere ingurua zaintzeko neurri asko har ditzakegu. Gure eguneroko eginkizunek inguruan eragin zuzena dute eta neurri batean eragin horien norabidea guk aukera dezakegu. Gure ohiturak kontzienteki alda ditzazkegu inguruarekin harmonian dauden jokamoldeak hartuz. Eztanda-motoreko garraioak esaterako asko poluitzen dute, beraz garraio kolektiboa zein bizikletak eta oinak maizago erabiliko bagenitu ingurua hobeto zainduko genuke.

Bestela, kotxea hartu behar badugu ekologikoki gida genezake; hau da, “abiadura ekologikoa” (90 km/h, erregai-kontsumoa arrazionalizatzeko asmoz) erabili, azelerazio zein balaztaketa mantsoak egin, ahal denean kotxea lagunez bete (horrela kotxe gutxiago zirkulatuko lukete), etab. Bestalde gure erosketak ere inguruarekiko solidarioak izan daitezke eta, beste gauza askoren artean, ozonoa hondatzen ez duten produktuak eros ditzakegu. Beraz, gure bizimodu erosoa pittin bat aldatuz guk ere zain dezakegu ingurua eta Lurra, eta horrela klima-aldaketa eragotzi, azken batez kolokan guztion etorkizuna baitago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia