}

Kenyako loreen arantzak

2002/06/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur ospitalera noa, gaixo dagoen izebari bisita egitera. Bihar, berriz, lagunaren haur jaioberria ezagutuko dut, eta bi aste barru, nire senargaiaren urtebetetzea da. Zer oparituko diet? Badakit: loreak!

Garai batean, loreak egun jakinetan besterik ez ziren oparitzen, eta ia beti emakumezkoak izaten ziren hartzaileak. Gerora, ordea, asko zabaldu da loreak oparitzeko eta erosteko ohitura, eta gaur egun kontuan izateko moduko diru-pila mugitzen da lore-salerosketan.

Gehien saltzen den produktua moztutako lorea da (arrosak eta krabelinak, batez ere), eta atzetik lore-ontziko landareak datoz, bai loratzen direnak bai berdeak.

Loreen negozioak 70-80ko hamarkadetan gorakada handia izan ondoren, azken urteotan moteldu egin da. Hala ere, garatze-bidean dauden herrialdeetan kontsumoak gora egingo duela aurreikusten denez, etorkizun oparoa izango duela uste da. Gaur egun, kontsumitzaile handienak AEB, Japonia eta Mendebaldeko Europa dira. Ekoizle nagusiak, berriz, AEBak, Japonia eta Herbehereak dira hurrenez hurren, eta hiruen artean munduko ekoizpenaren % 50 kontrolatzen dute. Hala ere, aipatzekoa da Herbehereak, munduko hirugarren ekoizlea izanik, esportaziotan lehena dela, beste herrialdeei erositako loreak bertatik saltzen baitira.

Gosearen aurka, loreak

Dena dela, Hego eta Erdialdeko Amerikako, Afrikako eta Asiako herrialdeek gero eta gehiago ekoizten dute, eta han sortutako loreek bide jakina egiten dute: Hego eta Erdialdeko Amerikakoak Ipar Amerikara eta Europara doaz; aldiz, Asiakoek eta Afrikakoek Europa dute helmuga. Azkenean, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) dioen bezala, loreak ia inork jaten ez baditu ere, jende asko bizi da lore-hazkuntzatik garatze-bidean dauden herrialdeetan.

Lore-hazkuntzak turismoak adinako garrantzia du Kenyan.

Lore-esportatzaile berrien artean dago Kenya. Herrialde horretan lore-hazkuntzak zenbaterainoko indarra hartu duen ikusteko, nahikoak dira pare bat datu: 1972. urtera arte ez zen esportatzeko loreak ekoizten hasi; orain, berriz, esportaziorako produktu tipikoekin (tea, kafea eta turismoa) lehiatzen dute loreek. Ekoizten diren loreen ialaurdenak arrosak dira eta ekoizpen osoaren laurdena Herbehereetara esportatzen da.

Zenbaki handiak alde batera utzita ere, lore-hazkuntzak garrantzi handia du Kenyako gizartearen garapenean. Hain zuzen, langile gehienak emakumeak dira eta irabazien zati handiena seme-alabak heztera eta zaintzera bideratzen dute.

Baina lore batzuek arantzak dituzten bezala, jarduera horrek ere baditu bereak. Merkatuak itxura perfektua duten loreak besterik ez ditu onartzen, beraz, produktu hobezinaren bila, pestizida eraginkorrenak erabiltzen dira. Gainera, duela gutxi arte lore-hazkuntzarako arauak ez ziren nekazaritzan ezartzen direnak bezain zorrotzak. Horregatik, izurri-mota guztiei aurre egiteko ahalmen handia duela eta, bromometanoa erabili ohi da.

Pestizida da arantza

Loreen merkatuak eragin zuzena du haurren bizitza-kalitatean.

Bromometanoak ez du usaintzen ezta narritadurarik eragiten ere, baina horrek ez du esan nahi kalterik eragiten ez duenik. Antzematen zaila denez, negar-eragile batekin nahasten da, langileak intoxikatzeko arriskua gutxitzeko asmoz. Izan ere, ikaragarri toxikoa da; beraz hobezina da onddoei, bizkarroiei eta infekzio-eragileei aurre egiteko. Baina, era berean, lur horiek lantzen dituztenen osasuna hondatzen du. Batez ere, nerbio-sisteman eta zirkulazioan eragiten du, eta shock-egoerara eraman dezake intoxikatutakoa.

Ingurumenari dagokionez, lurretik uretara iristen da, eta, noski, handik beste bizidun guztietara. Eta hori guztia gutxi balitz, berotze globala areagotzen du, ozono-geruzari eragiten baitio.

Bromometanoak ingurumenean duen eraginaren adibideak aurkitzea nahi baino errazagoa da. Esate baterako, Kenyan bertan, lore gehien ekoizten den eremua ur gezaz hornitzen duen laku baten ondoan dago, Naivasha lakuaren inguruan hain justu. Urte askoan bromometanoa neurriz kanpo erabili ondoren, orain ikusi da lakuaren oreka arriskuan dagoela, eta kalte nabarmenak eragin dizkie bertan bizi diren hipopotamoei.

Pestiziden eraginez, Naivasha lakuko hipopotamoak arriskuan daude.

Nolanahi ere, ez pentsa gero pestizida hori Afrikan bakarrik erabiltzen denik, ezta berria denik ere. Gutxi gorabehera, 1965. urtean hasi ziren erabiltzen, eta AEBetan, Mexikon, Japonian, Italian, Israelen, Espainian, Frantzian eta Brasilen kontsumitu da gehienbat. Alabaina, 1999an Montrealgo Protokoloan bromometanoa gero eta gutxiago erabiliko zutela hitzartu zuten 167 herrialdek. Horren arabera, garatze-bidean dauden herrialdeek 2015era bitarteko epea dute hitzarmena betetzeko, hau da, herrialde garatuak baino hamar urte gehiago.

Hala eta guztiz ere, bromometanoa ordezkatzea ez da batere erraza, beste pestizida asko baino hamaika aldiz eraginkorragoa baita. Bestelako metodoak erabili nahi izanez gero, konbinatu egin behar dira, bakarka ez baitute nahi adina indar. Beraz, osoko irtenbidea bilatu behar da, eta, ildo horretatik, FAOk eta Ingurumenaren Nazio Batuen Egitasmoak laguntza-programa bat sortu dute ekoizpen garbia eta izurriteen aurkako borroka uztartzeko asmoz.

Kontuan izan behar da, bestetik, AEBetako eta Europako ekoizleek beren gobernuak bultza ditzaketela bromometanoa erabiliz ekoiztutako produktuak galarazteko. Argi dago Kenyako ekoizleak pestizida hori baztertzera behartuta daudela; zalantzarik gabe, biztanleen eta ingurumenaren osasunaren mesedetan izango da. Ea hain diru iturri garrantzitsua den jarduerari eustea lortzen den aldi berean.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia