}

Iruzur kimikoaren gerra eta eboluzioa

2008/01/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Maculinea alcon tximeletaren eta Myrmica generoko inurrien arteko elkarrekintza iruzurrean oinarrituta dago. Tximeletaren beldarrek iruzur egiten diete inurriei, haien beldartzat aurkeztuta. Horretarako, inurrien azalaren kimika imitatzen dute.

Tximeleta horretan dago espezializatuta; zenbat eta simulazio hobea izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango du. Iraun nahi badu, nahitaez engainatu behar du inurria. Baina inurriarentzat tximeleta bizkarroia da, eta, beraz, bi beldar-motak bereizi egin behar ditu. Horretarako, inurrien azaleko kimika aldatu egiten da.

Gerra kimikoa da; tximeletak inurriaren kimika imitatzen du, eta inurriak aldatu egiten du, tximeletarengandik bereizteko. Eta, horrela, pixkanaka, elkarrekin eboluzionatzen dute. Kopenhageko unibertsitateko zoologo-talde batek harreman hori ikertu du, eta ikerketaren emaitza Science aldizkarian argitaratu du. Beste zoologo batzuen ustez, ikerketa garrantzitsua da, espezieen koeboluzioaren teoria asko garatzen ari direlako. Dena den, praktikan ez dira kasu asko ikertu.

Argazkia: David Nash

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia