Elhuyar zientziaren komunikazioa

"Principia"k 300 urte (1). Isaac Newton, Principia-ren egile

1987/02/01 Duoandikoetxea Zuazo, Javier - EHUko matematika irakaslea | Duoandikoetxea, J. Andoni Iturria: Elhuyar aldizkaria

Badaude Zientziaren historian garrantzi handiko mugarri diren pertsona eta lanak. Horietarikoak dira, zalantzarik gabe, Isaac Newton eta bere Philosophiae Naturalis Principia Mathematica liburua; 1687an argitaratua. Liburu honen hirurehungarren urtea betetzean, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariak artikulu-sail bat aurkeztuko du: lehen honetan Newton nor zen azaltzen da eta hurrengoetan haren ekarpenetara hurbilduko gara.

Lehen urteak (1642-1661)

Isaac Newton Lincolnshire konterriko Woolsthorpe-n (Inglaterran) jaio zen 1642.eko Eguberri egunez, egutegiaren aldaketaren kausaz Kontinentean urtarrilaren 4a zelarik. Ama, (Hannah Ayscough, gainbehera etorritako familia onekoa), espero baino zenbait aste lehenago erditu zen. Aita (Isaac hura ere, bertoko lurjabe analfabetoa) hiru hilabete lehenago ehortzi zuten. Gorputz nimiño hark lehen eguna bizirik iraungo zuela uste ez bazuten ere, 84 urte betetzeraino heldu zen.

Hiru urte pasa orduko, Hannah berriro ezkondu zen, North-Witham-era, bertako Barnabas Smith eliz ministrariarekin. Isaac Woolsthorpe-n gelditu zen ama aldeko amonaren babespean. Gurasorik gabe bizi behar honek betirako markatu zuen Newton-en izaera, bere bizitzan zehar erakutsitako psikosiak eta paranoiak horretan omen zuten sorrera eta. Urte batzuk geroaro (1662) koaderno baten bekatu-zerrenda bat idatzi zuen eta oso adierazgarria den hau agertzen da: Aita eta ama smithtarrak erre nahi eta etxea beraiekin. 1653an, alargundu berria Hannah Woolsthorpe-ra itzuli zen beste alaba bi eta seme batekin, ostera ere egoera ekonomiko onean.

Hurrengo urtean Newton Grantham-eko King's School-era sartu zen. Heziketa arrunta eman zioten eta garai hartan erakutsi zuen meriturik handiena eskulan mekanikoak (erlojuak, haizerrotak, etab.) burutzeko trebetasuna izan zen. Semerik zaharrena izanik, amak familiako ondasunen arduradun nahi zuen, baina Isaac ez zen horretarako gauza eta Hannah-k amore eman eta berriro eskolan jarraitu zuen. Laster, osaba baten ahaleginez, Cambridge-ra sartu zen.

Cambridge-n (1661-1696)

1661.ean sartu zen Newton Cambridge-ko "Trinity College"n, bere ikaskideak baino zaharrago eta ez-ohizko heziera izan ondoren. Hasieran, klasekide dirudun eta katedratikoentzako morroi-lana eginez lortzen zuen mantenua. Cambridge-ko orduko irakaskuntza ofizialean, Europako beste Unibertsitateetan legez, Aristoteles-en filosofia zen artean nagusi; Koperniko, Kepler, Descartes eta Galileo-ren aurrerakuntzak egon arren, eztabaida bizian zeuden artean eta irakasle gutxi batzuek bakarrik bultzatzen zituzten.

Newton ere Aristoteles-en filosofiarekin hasi, baina laster ideia berrietara hurbildu zen; Pierre Gassendi-ren atomismora ere bai. Aldaketaren seinale da utzi zigun esaldi hau: amicus Plato, amicus Aristoteles, magis amica veritas, hau da, Platon-en laguna, Aristoteles-en laguna, baina egia da ene laguna. Besteen aurretik paratzeko estudioetara gogor dedikatuz eta Barrow irakasle handiaren gidaritzapean, 1665.ean "Bachelor of Arts" gradua erdietsi zuen.

Urte hartan Matematika eta Fisikan puntakoa zen; bere aldetiko ekarpenak emateko gertu zegoen. Baina izurritea Inglaterrara heldu eta Unibertsitatea itxi egin zutenez, Newton Woolsthorpe-ra erretiratu zen, bertan urtebete inguru pasatzera. Garai honi annus mirabilis deitzen zaio. Orduan bideratu bait zituen Newton-ek bere hiru emaitza nagusiak: Kalkulu Infinitesimala, Grabitazioaren legea eta argi eta koloreen teoria.

Hurrengo urteetan Newton-en karrera geldiezina izan zen: lehenengo "Trinity"ren kide izendatu zuten (1667), laster, "Master of Arts" gradua eskuratu zuen (1668) eta ondoren "Lucasian professor" izeneko postua. Aparteko mailako postu hau Barrow-rena zen, baina antza denez, Newton-i eman ziezaioten utzi egin zuen. Irakasle moduan urtean ikastaro bat eman behar izan zuen Newton-ek, eta lehen urte hauetan Optika irakatsi zuen; arrakasta handirik gabe hain zuzen.

1669 Newton-ek bere lehenengo isladapen-teleskopioa eraiki zuen eta Charles II. erregeak ikus zezan gortera bidali zuten. Aurrerapausu hau zela eta, 1672an Erret Elkarteko ("Royal Society") partaide aukeratu zuten. Izendapen honek Elkarte aurrean bere lan bat aurkeztera behartu zuen, gogoz kontra bazen ere. Hitzaldiak kolore eta argiaren natura zuen gaitzat eta Hooke-k egin behar izan zuen hari buruzko txostena, bien arteko lehen eztabaidari hasiera emanaz. Ordurarte Newton-en lanen berri oso jende gutxik bazuen, aurrerantzean are eta isilago egongo zen, barnean bi indar kontrajarriak borrokan zituelarik: bere lanagatik miresmena sortu nahia eta kritikarekiko beldurra. Hooke-rekiko eztabaida hori lau urtez luzatu zen eta Huygens, Pardies eta beste zientzilari batzuek ere parte hartu zuten bertan.

Liskar hauen ondorioz, Alkimia eta Kimika, Teologia, Historia eta beste gai desberdin batzuetan ihardun zen. Bere gelan isolatuta, gutxi jan eta gutxi lo eginez, orduak pasatu zituen bere arragoen gainean, esperimentu zaharrak burutzen, tradizio hermetikoa lantzen. Tentsio honen pean, nerbio-atake bat pairatu zuen 1678.ean eta hurrengo urtean suertaturiko amaren heriotzak ere asko hunkitu omen zuen.

Aspalditik alde batera laga zituen Dinamika-ikerketei berrekin zien 1679.an. Ondorioz, Hooke-rekin beste eztabaida bati hasiera eman zion; grabitazioaz oraingoan. Ostera alde batera utzi zituen lan hauek, eta 1684.ean itzuliko zen beraietara, Edmond Halley-ren galdera bati erantzutearren. 1682an agertu zen kometarik famatuenari izena eman zion astronomo honi emandako erantzuna, "De Motu" (Higiduraz) deritzon liburuxkan gauzatu zen.

Hauxe izan zen bi urte geroago burutu zuen Philosophiae Naturalis Principia Mathematica liburuaren abiapuntua; 1686an Royal Society-n aurkeztua eta hurrengo urtean argitaratua, Halley-ren arretaz. Hooke-k plagioa salatu zuen, grabitazioaren legea berarengandik hartua zela aldarrikatuz; zentzu handirik gabeko plagioa izan ere. "Principia"n aurkitzen dira Fisika modernoaren oinarriak, eta argitaratuz gero, Newton-en izena mundu osoko zientzilarien gailurrera iritsi zen, Inglaterrako gazteen buru bilakaturik.

Handik aurrera ez zuen ia ikerketa zientifikorik egin. Aldiz, saio alkimikoak eta estudio erlijioso-teologikoak ugariagotu egin zituen. Erlijio-kontuan Hirurtasun Saindua ukatzen zuen, hots, Arrio heretiko ezagunaren doktrinari jarraitzen zion, eta hau isilpean gordetzen zuen arren, Inglaterra kotoliko bihurtzeko James II.aren zioaren aurka agertu zen publikoki. Lehenago ere, katedra mantentzeko zina egin beharraren beldur, apezgoari uko egiteko baimena lortu zuen erregearengandik, ohitura hautsiz. William III.a errege izendatu zutenean, 1689.ean, Parlamenturako hautatu zuten Unibertsitatearen ordezkari.

1693. urteari "urte beltza" esan zaio: alde batetik, Fatio de Duillier suitzarra, Newton-en lagun kuttuna, Londres-etik Suitzara joan zen, honek egin zion berarekin Cambridge-n bizitzeko gonbiteari uko eginez; bestetik, laborategian etengabeko lana egiteagatik ia lorik egin gabe egon zen denbora luzez (hamabost egunez ordu bana eta beste hurrengo bost egunetan bat ere ez, aitortu zuenez). Guzti honek buruan kalte egin zion eta udazkenean erotu egin zen, Samuel Pepys, John Locke eta beste lagun batzuekiko erlazioak hautsiz. Hilabete batzuk geroago, zoramena gainditu zuen eta ezagunei barkamen-eske hasi zen. Cambridge-tik aldegiteko unea heldu zitzaion.

Londres-en (1696-1727)

Unibertsitateko lana utzita, 1696.ean Londres-era joan zen Moneta-etxeko begirale bezala. Postu hau lortzeko Lord Halifax-en laguntza izan zuen. Hau Newton-en loba zen Catherine Barton-en edertasunaz liluraturik bait zegoen. Diru-faltsifikatzaileen kontrako pertsekuzio gogorrean hasi zen eta hemeretzi urkaerazi zituen. 1700. urtean Zuzendari izatera iritsi zen.

"Royal Society" ere hurbilago zuen eta 1697an bertako Kontseiluko partaide izendatu zuten, eta 1703an, Hooke hil zen urte berean, lehendakari. Bitartean Paris-eko "Académie des Sciences"en atzerriko partaide modura hartu zuten. 1705.ean Anne erreginak "Sir" egin zuen; zientzilari batek lehenengoz lortu zuen izendapena. Hau zela eta, "College of Heralds" delakoarentzat bere genealogia idatzi zuen, gezurrez beterik: gurasoen ezkonteguna esaterako, aurreratu egin zuen, garaiz leheneko jaiotzagatik susmo txarrik atera ez zezaten.

Garai horretan petsonaia ezaguna zela eta, handikien artean bizi zen. Ez zuen, hala ere, boterea aspaldiko adiskideei laguntzeko erabili: Fatio bere ideia erlijiosoengatik kartzeleratua izan arren, Newton-ek ez zuen ezer egin. Bai ordea, bere interesen alde aritzeko: John Flamsteed, Greenwich-eko Erret astronomoak hainbat urtetan zehar bildutako datuak eskuratu nahirik, bere "Royal Society"ko lehendakaritzaz baliatu zen eta Halley-ren laguntzaz datuok inprimaerazi egin zituen, nahiz eta Flamsteed azkenean garaile atera eta liburuak banatu aurretik erre.

Bitartean beste eztabaida luze batean sarturik zegoen Newton: oraingoan bere mailako filosofo eta matematikari zen Leibniz germaniarrarekin, Kalkulu Infinitesimala asmatzearen lehentasunaz. Gaur egun biei aurkikuntza independentea aitortzen zaien arren, orduan borroka sutsua gertatu zen bien aldetiko plagio-salaketak amaigabeak izanik; Leibniz hilda ere (1716), Newton-ek erasoari ekin zion.

Gaztaroko lanetan oinarritzen zen argiaren teoria urte luzez gordeta eduki eta 1704.ean argitara eman zuen; Hooke hil eta hurrengo urtean. "Opticks"en edizio hau ingelesez azaldu zen, ohituraren kontra, bi urte geroago latinezkoa agertu zelarik. Ondoko urteetan "Principia" eta "Opticks"en argitalpen berriak prestatu zituen eta beste lan ezezagun batzuk plazaratu: "Arithmetica Universalis" eta 'De Analisi", adibidez. Newton hil eta gero argiataratu zen "The Chronology of the Ancient Kingdoms Amended", non aintzinako erregeen kronologia bat proposatzen duen, eta "Observations upon the Prophecies of Daniel and de Apocalypse of St. John", non bere sinismen heretikoak lehen aldiz erakusten diren.

1725.ean behazun-harrien gaitzak jota, birikak gaixotuta, Kensington-era abiatu zen, bizitza soziala utzirik, aire fresko eta garbiaren bila. Heriotza gertu zuelarik ere ekin zien Moneta-etxeko ardura eta "Royal Society"-ko lehendakaritzari, Catherine bere loba eta beronen senar zen John Conduitt-en konpainiaz gozatuz. Bere bizitzako azken egunetan, paperak, eskuizkribuak eta zenbait eskutitz erre egin zituen. 1727.eko Martxoaren 20an hil zen, aberats, Fisikaren berriaren aintzindari gisa. Mende orotan zeharreko zientzigizonik gorenenaren gorpua Westminster abatetxeko zutoiartean ehortzi zuten, 84 urte zituela.

"Principia"ren edukia

"Principia" liburua Dinamikaz ari da gehienbat. Lehen partea Kalkulu Infinitesimalaren laburpen batez hasten da, baina ez du ia erabiltzen liburuan zehar. Berak erresultatuak lortzeko erabili arren, liburuaren aurkezpenean grekoen metodoa aplikatu zuen. Horregatik esan ohi da grekoek idatz zezaketen liburua dela.

Zenbait definizio eta higiduraren hiru lege oinarrizkoak eman ondoren, hiru "liburu"tan zatitzen du bere lana. Lehenengoan gorputzen higiduraz ari da: indar desberdinek zernolako higidura-motak ateratzen dituzten eta higidura desberdinei zein indar-mota dagokien. Halaber, esfera baten erakarpen-indarra masa zentruan bailegoen gertatzen dela erakusten du; buruhausteak ekarri zizkion arazoa berau.

Guzti hori higidura hutsean gertatzen dela suposatuz egiten duenez, bigarren partean ingurunearen oztopoa kontsideratzen du, liburuko parterik pobreena osatuz. Hirugarren atalari "Munduaren sistema (matematikoki)" deitu zion eta bertan Grabitazioaz dihardu. Zenbait astroren higidura aztertu eta gero, zera ondorioztatzen du: indar bakar batek azaltzen ditu Ilargiaren higidura, Jupiter-en sateliteena, planetena Eguzkiaren inguruan, kometena, Lurrera jausten diren gorputzena eta itsasoaren mareak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia