Intsektuen dibertsitatea aztergai
2002/02/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
![](images/T020219-01a.jpg)
Betidanik, naturaren ezaugarria izan da biologoentzat intsektu-espezieen kopuru handia. Eboluzioak milioika urte izan ditu animalia horiek guztiak diseinatzeko, baina hain dibertsitate handia lortzea ez da denbora-kontua bakarrik.
American Association of Advancement of Science erakundeko urteko bilera nagusian aurkeztu da gai horri buruzko gogoeta bat. Ron Galant eta Sean Carroll biokimikari estatubatuarrek gene homeotikoen ( Hox geneak) ekarpena aztertu dute. Hox geneek izaki baten organoek eta gorputz-zatiek non hazi behar duten kontrolatzen dute. Adibidez, begiak buruan (eta ez abdomenean) kokatu behar direla zehazten dute.
Zientzialariek Ultrabithorax ( Ubx ) izeneko Hox geneak erabili dituzte esperimentuetan. Ubx geneek intsektuaren gorputz-adarrak non lotzen diren kontrolatzen dute, eta, lan horren emaitzen arabera, ez dira guztiz ezberdinak espezie batetik bestera. Biokimikariek ozpin-euliaren eta beste lau intsekturen Ubx geneen zati bat berdina dela aurkitu dute. Aldiz, onikoforoarena oso ezberdina da. Onikoforoak artropodoen eta harren ezaugarriak ditu, eta ez du gorputza zatitan banatuta.
![](images/T020219-01b.jpg)
Ozpin-euliaren Ubx geneak onikoforoari txertatu zizkiotenean, azken horrek gorputz-zatiak garatu zituen, hau da, intsektuen ezaugarriak garatu zituen. Horrek esan nahi du ADN-zati txikiek eboluzioaren aldaketa handiak kontrola ditzaketela. Gainera, morfologia aldatzeak kasu askotan funtzio biologikoak aldatzea ekar dezake.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia