Elhuyar zientziaren komunikazioa

II. Birologi batzar nazionala

1990/07/01 Gonzalez, Edorta Iturria: Elhuyar aldizkaria

Valladolideko Medikuntz Fakultatean arrakastaz burutu zen apirilean Estatu-Mailako II. Birologi Batzarra. Birologoen artean Europa nahiz Estatu Batuetatik etorritako adituak izan ziren, erabiltzen dituzten baliabideak ederki eta dotoreki —maila oso espezializatua izan arren— azaldu zituztelarik.

B hepatitisa sortzen duen birusa: HBV, partikula zuriak dira.

Batzarraren atsedenaldietan partehartzaileok zenbait enpresak —multinazional farmazeutiko nahiz laborategi edota diagnostikoan lan egiten dutenek— antolaturiko erakusketa zientifiko txit interesgarria ikusi ahal izan genuen. Stand haietan gaur egun dauden tresneria, teknika eta produktu farmazeutiko antibiralik egokienak ikusteko tenorea izan genuen.

Batzarrak lau egun iraun zuen eta oro har bi motako iharduerak izan ziren: hitzaldiak (aldibereko itzulpena zegoen ingelesez buruturikoetan) eta komunikazioak (hormiruditan egiten ziren, irakurritakoan edonork galderak eta iruzkinak zuzentzen zizkien ikerleei, mahainguru informala izanik).

Batzarra apirilaren 17an hasi zen, M.G. Rossmann-ek (EEBBetako biologoak) birusen egituraz emandako hitzaldiarekin. Pikornabirusen egitura tridimentsionala erakutsi zuen. Sakontasun teknikoetan sartu gabe, aipatu baino ez dugu egingo zientzilari honek erabilitako tramankulua (edo jostailua, berak zioen bezala) sinkrotroia alegia. Tresna hau azeleragailua da eta birusa zatiki azpiatomikoz bonbardatuz, bere egitura kristalizatua ikus daiteke. EEBBetan hiru baino ez daude eta Europan bizpahiru, Frantzia eta Suitza arteko mugan eraikitzen ari dena barne. Tresneria honekin, ezbairik gabe, aurrerapauso handiak eman daitezke.

Hurrengo egunean, 18an, goizeko saioan, erreplikazio birikoaren mekanismoak aztertu ziren. Lehen symposium internazional honetan genetika jaun eta jabe izan genuen. Birus desberdin batzuetan (bakteriofago Ø 29, SV 40, , eta adenobirusetan) beren informazio genetikoa nola errepikatzen eta zein faktorek eragiten duten erakutsi zuten aditu amerikar, holandar eta espainiarrek. Maila zientifikoa oso altua izan zela esatea motz gelditzea litzateke; genetika-ikerle espezializatu gutxi batzuek aparte, entzulegoaren erdiak baino gehiagok ideia orokor batzuk besterik ez bait zituen antzeman.

Bazkal aurretik (Fakultatean bertan, minutu bat bera ere galdu gabe ibili behar zen eta) hirugarren estaian zeuden hormirudietan komunikazioak ikusteko eta komentatzeko aukera izan genuen. Birologoek (gehienbat espainiarrak ziren eta haien artean madrildarrak erabat nagusi) buruturiko ikerlanak paper moduan ikusi genituen. Ondoren ordubeteko saioan, denbora laburregia egia esan, mahainguru mamitsua egiten zen, galderak, iruzkinak eta birologoen arteko eritzi-truke interesgarria egoten zirelarik.

Komunikazioak hiru gelatan egin ziren, hiru arlo desberdin aztertuz: lehenik egitura, biologia molekularra eta kimioterapia, bigarrenik birologia klinikoa eta azkenik birus begetalak. Biologia molekularrean aipatzekoak dira zenbait ikerlan txerri-izurrite afrikarra, poliomielitisa, gripea eta HIESa sorterazten dituzten birusen jokaera biologikoaz. Esate baterako, gripearen aurka ezer gutxi egin daiteke. Izan ere, txertoa aurtengo birusaren kontra prestatzen badugu, erabilgarri izango da, baina mutazioak oso arin gertatzen direnez hurrengo urterako edo hilabeteetarako beste birus berri baten aurrean aurkituko gara.

Arratsaldeko saioan, bi mahainguru aukera genitzakeen: genoma birikoaren eboluzioa alde batetik eta infekzio birikoetan diagnostiko serologikorako estrategiak, bestetik. Azken hau aukeratu nuen erakargarriagoa zelakoan eta beste ikerleekin egindako elkarrizketen arabera zuzen nengoen. Infekzio birikoak diagnostikatzeko azken bi hamarkadetan antigorputz espezifikoak —Inmunoglobulina M motakoak— erabiltzen ziren. Egun, fase solidoan buruturiko metodoek, batipat inmunoentzimatikoek, aurrerapen handia suposatu dute diagnostiko arina eta tresneria garestirik gabe egin ahal izateko.

T zelula HIV birusak (eskfera txikiak) infektatua. Ekortze-mikroskopioa elektronikoz egindako mikrografia (X 20.000).

Gaur egun antigorputzak eta birusak odolean edo plasman detekta daitezke. Posible da beste jariakinetan detektatzea ere, listua esate baterako, oso erabilia da adin txikiko umeengan jaio ondoko errubeola, elgorri eta parotiditisa diagnostikatzeko. Bestetik, arnas infekzio birikoetan jariakin nasofaringeoak jasotzen dira. Nerbio-sistema zentralean ager daitezkeen infekzio birikoak diagnostikatzeko likido zefalorrakideoa aztertzen da.

Ondorengo bi hizlariek hepatitisari buruz hitz egin zuten. Jakina denez, hepatitisa erraz asko —HIES beldurgarria baino askoz ere arinago— kutsatzen da. Datu izugarria aipatu zen: 200 milioi hepatitis eramale dago munduan; batez ere herri pobreetan. Gaur egun bost hepatitis-mota dugu: A, B, D eta lehen ez A ez B deiturikoa, gaur C eta E taldeetan banatua.

Hepatitisaren diagnostikorako antigorputzak erabilgai ditugu (batez ere antigorputz monoklonalak) eta haiei esker jakin daiteke ea gaixotasuna kroniko bihurtu den eta pertsona une hartan sintomatiko ala asintomatikoa den. 12 de Octubre ospitalekoek egindako ikerlanaren arabera jakin daiteke gaixoak kroniko izango diren ala osatuko diren ere.

C hepatitisa diagnostikatzeko kitak eskueran dauzkagu —erreaktibo eta ontzi txiki batzuei esker, tresneria konplexurik gabe, diagnostika daiteke—. HCVa (hepatitisaren C birusa) ongi aztertua izan da eta hemofiliko, drogazale zein hemodializatuak arrisku-talde direla nabarmena da. Ama/fetu transmisioa oso gutxi aztertu da HCVren kasuan.

Ostegunean, hilak 19an, goizeko saioan 2. symposium internazionala burutu zen. Gaia benetan interesgarria: aurrerapenak terapia antibirikoan. Jakina denez antibiotikoek bakterioak hiltzen dituzte, baina ez dute inolako eraginik birusen aurka. Birusak suntsitzeko agente antibiralak ditugu eta ondoko koadroan eraginkorrenak erakusten dira.

Agente antibirikoak diseinatzeko ikuspegi desberdinetatik abiatu dira: kimioterapia, biologia molekularra, etab.etik. Teknologia txit aurreratua darabilte xede honekin; esaterako konputagailuz lagunduriko farmakoen diseinua, HIV birusaren alderantzizko transkriptasaren kristalizazioa espazioan (jaurtikigailu espazialean egindako esperimentuak) eta abar.

Ikerketa antibiralaren etorkizuna bost ataletan burutuko da, Britainia Haundiko Wellcome Laboratories-en diharduen K.L. Powellen eritziz. Hona hemen bost atalak:

  • HIVen aurkako borroka.
  • Alderantzizko transkriptasaren inhibitzaileen ikerketa.
  • Drogen ikerketa; diseinu tridimentsionala ordenagailuz lagundurik.
  • Substratuetan oinarrituriko peptidoak.
  • Produktu naturalen analogoak.
HIVren egitura.

Ostegun arratsaldean bi aukera genituen: Landareen birusak (Potybirusen biologia) alde batetik eta diagnostiko arinean Birologi arloko aurrerapenak. Berriz ere bigarren mahaingurua aukeratu nuen eta ondoko teknikak aipa ditzakegu diagnostiko arinean: Mikroskopia elektronikoa metodo klasikoa bada ere —1930.ean nafarreria sorterazten duen birusa ikusi zen— gaur egun mikroskopia elektronikoa oso erabilgarria da beste teknika modernoekin batera erabiltzen denean. Beste teknika horiek inmunozitokimika eta ITE (ingelesez: tindaketa negatiboz erabilitako inmunoagregatuak) dira. Centro Nacional de Biologia Celular y Retrovirus. Instituto Carlos III izeneko erakundean burututako teknika aurrerapauso handia da. Urre koloidala erabiltzen zuten antigorputzari lotzeko.

Azken hau HIVren antigenoari lotzen zaionez, birusa dagoen ala ez argituko dugu. Birusaren morfologia ederki ikusteko ekortze-mikroskopia elektronikoa erabiltzeaz gainera, beste teknika berriaz —elektroi erretrobarreiatuak— partikula birikoaren pisu molekularra edo dentsitatea neurtzeko gauza izaten dira. Majadahonda-n dagoen Carlos III institutuko tresneria Estatu osoko onenetarikoa dela aipatu behar, Cantoblanco-ko Centro de Biologia Molecular (CSIC-UAM) , Madrileko Unibertsitate Autonomokoa atzean gelditzen ez zaion arren.

Bestetik Shell-vial teknikak ditugu eta eritetxeak emaitza klinikoak 24 ordutan eman ditzake. Metodo honen xehetasunetan sartu gabe, oso sinplea izateaz gain ohizko metodoak baino sentikorragoa dela esango dugu eta CMV (zitomegalobirusa)ren kasurako 18 ordutan emaitzak lortzen direla.

Arnas infekzioen birusak diagnostikatzeko, gripea esaterako, ELISA (Enzyme Linked Immunoassay Analysis) eta inmunoharrapaketa batera erabiliz emaitzak 48 ordutan lor daitezke.

Ostiralean, hilak 20an, goizeko saioan zenbait birus berri aipatu ziren; adibidez, giza herpes birusa-6) (HHV-6), giza parbobirus (B-19 eta biroideak (azido nukleikozko katea txikiak dira; inolako kutxa proteikorik gabekoak).

Arratsaldean bi posibilitate izan genituen: birosi exotikoak animali patologian eta HIESa. Esan beharrik ez zein aukeratu nuen. Seguru asko HIESa da hamarkada honetan jendearengan beldur eta interes handiena sorterazi duen gaixotasuna. Beraz, hitz batzuk bederen merezi dituela deritzot. Gaitzaren sortzailea HIV (ingelesez Human Immunodeficiency Virus) euskaraz GIBa (Giza Inmunoeskasiaren birusa) dugu. Seriotipo batzuk (arraza) egon arren, HIV-1 hedatuena da.

Birologi Bileraren izarrik distiratsuena HIV zela argi dago. Honen inguruan egindako mahaingurua anfiteatroan ez eta symposium internazionaletan bezalaxe Areto Nagusian eman zela aipatzeak, zeukan garrantzia eta piztu zuen interesa nabarmenki isladatzen ditu. Batzorde zientifikoaren buruak, R. Najera-k egindako sarrera laburraren ostean, bost hitzaldi —hogeina minutukoak— egon ziren. Hurrengo hauexek:

  1. Antigenoaren detekzioa HIV-1en serologian.
  2. HIVren isolamendu eta karakterizazio biologikoa.
  3. HIVren bidezko infekzioa mikroskopia elektronikoaren ikuspuntutik.
  4. P.C.R.en (teknika genetikoa azido nukleikoak detektatzeko) bidezko anplifikazioaren erabilgarritasuna, HIVek sortutako infekzioaren diagnostikoan.
  5. Erretrobirusak sorturiko infekzioentzako terapia antibirala.

Hitzaldion daturik aipagarrienak, labur esanda, ondokoak dira:

  1. Ohizko teknika (Inmunoglobulina G espezifikoaren detekzioa) aplikagarria ez denean, P24 antigenoa detektatzen da. Teknika honi esker lehenago jakin daiteke ea lagun bat seropositiboa den ala ez. Bestalde ume jaioberriengan oso erabilgarria da.
    P24 antigenoaren serologiak badu hala ere, desabantailarik: ez da oso zehatza. Izan ere %60tan soilik ateratzen da positibo, lagunen %100 positibo direla jakin diren kontrol-kasuetan.
  2. Birusaren isolamendua odoleko globulu zurietan, plasman eta likido zefalorrakideoan egin daiteke. Egun, isolamenduaren errendimendua %100ekoa da, bai lagun sintomadunengan eta baita asintomadunengan ere.
  3. Mikroskopia elektronikoz HIV ederki ikus daiteke. 60 nm inguruko diametroa du. Teknika honek detekzioa arin burutu ahal izaten laguntzen du.
  4. Teknika genetiko honen bidez, amagandik seme-alabenganako HIVren transmisioa eta bizitza fetal nahiz jaio ondoan gerta daitekeen infekzio birala aztertzen da. P.C.R.en bidezko anplifikazioa oso teknika sentikorra da, baina kasu positibo faltsuak agertzen dira batzuetan.
  5. HIVren aurka gaur egun dagoen farmako eraginkor bakarra Zidobudina da. Lehen AZT, hots, azidotimidina zuen izena. Estatu Batuetan lehenbizi eta gero mundu osoan —Euskal Herrian Gurutzetan, Bizkaiko ospitalean— HIESaren kontra onartuta dagoen farmako bakarra dugu. Gaixoaren bizi-itxaropen nahiz kalitatea hobetu egiten da. Zenbait saio kliniko egin da beste nukleosidoen analogoekin —ddI, ddC, d4T—; baita polimero sulfatatuekin —PVAS eta PAVAS—, HEPT eta TIBO konposatuekin ere. Itxaropenak ateak erdiirekita ditu, eta jakina, duela urte batzuk baino aurreratuago gaude. Beraz geroak eta birologoek dute azken hitza.

Birologi Batzarra afari dotore batez amaitutzat eman zen Gaztela eta Leoneko kasinoan. Birologoen arteko iruzkinak positiboak ziren, bai antolatzaileez bai maila zientifikoaz. Hirugarren Batzarra 1992.ean izango da. Bartzelonan ote?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia