}

Hies-aren kasurik zaharrena identifikatu dute

1990/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

HIESak jota hildako lehen pertsonaren kasua 1950.eko hamarkadan erregistratu zen. Manchesterreko (Ingalaterrako) Unibertsitateko ikerlariek HIVren (giza inmuno-eskasiaren birusaren) ebidentzia, 1959. urtean pneumoniaz hil zen 25 urteko itsasgizon gazte kaukasiar baten ehunetako material genetikoan aurkitu zuten.

Kaposi-ren sarkoma, HIESaren zeinu kliniko bat.

HIES infekzioaren lehenengo kasuak norvegiar familia bateko hiru partaideena izan zen. HIESaz 1960.eko hamarkadan kutsaturik 1976an hil ziren. HIESaren antigorputzak 1959an Zaire-ko paziente batengandik jasotako odol-laginean aurkitu ziren lehen aldiz, baina kasu horretan ez dago pazientea HIESaren eraginez hil zeneko frogarik.

Aurkikuntza berriak ez du HIESaren epidemiologia berraztertzea eragingo, baina adituen ustez HIESa Afrikan 30 edo 40 urtez egon da gutxienez. Ikerlariek denboran atzerago joanez azterketak egiten badituzte, HIESaren kasuren bat edo beste ager daiteke. HIES infekzioaren frogak lortzeko, Manchesterreko ikerlariek polimerasen katen erreakzioa (PCR) erabili zuten. Teknika honek material genetikoaren kantitate handien arrastoa segitzea ahalbidetzen du —kasu honetan DNA probiralarena—.

Material genetikoa anplifikatuta eta DNA oinarri harturik, bere identitatea zehaz daiteke. Aipatu katen erreakzioaren desabantaila bat kutsatzaileekiko duen sentikortasuna da. Iraganean emaitza faltsuak lortzearen arrazoietako bat hori izan da, hain zuzen ere. Oraingoan, kontu handiz egin dute ikerlariek beren saiakuntza eta ehun-lagin desberdinetan emaitza berberak lortu dituzte.

Zoritxarrez, itsasgizon honi buruzko informazio gutxi daukagu: ez da bere historia medikoa ezagutzen eta ezta 1959. urtea baino lehen bisitatu zituen herrialdeak zeintzuk izan ziren ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia