}

Hortzetarako inplante berritzailea prestatu dute INASMETen

2001/06/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

INASMET Fundazioak eta Miguel A. De Maeztu doktoreak hezur barnean ipintzen diren inplanteak eta protesiak egiteko metodo berria aurkeztu dute. Metodo horren bidez, inplanteen eta hezurren arteko lotura hobetzea lortzen da.

Titanioa ohiko hitz bilakatu da hortzetarako protesi eta inplanteen munduan. Titanioa arina, gogorra eta biobateragarria da. Gorputzak ez ditu titanioz eginiko inplanteak errefusatzen eta osteointegrazio-propietate oso onak ditu. Hau da, tartean ehun bigunik ez dela, oso ongi lotzen zaio hezurrari (informazio gehiagorako ikus ‘Titaniozko ahoak’ artikulua).

Osteointegrazioari esker, inplantea hezurrari itsasten zaio eta ez du inolako mugikortasunik izaten. Oro har, emaitzak bikainak izaten dira. Zenbait kasutan, ordea, osteoporosia dela edo ahoko hezurraren dentsitate txikia dela, arazoak egon daitezke. INASMETen kasu horietarako aproposak diren inplante eta protesiak prestatzeko metodoa garatu dute. Horretarako, inplantazio ionikoa deritzon teknikaz baliatu dira eta energia altuko partikula-sortak erabili dituzte.

Era horretan prestatutako inplanteak guztiz biobateragarriak dira eta ohikoek baino osteointegrazio-propietate hobeak dituzte. Hasiera batean hortzetan erabiliko dira, baina bestelako aplikazioetarako bideragarri izan daitezkeen ikertzen ari dira. Adibidez, aldakarako eta belaunetarako aproposak izan daitezkeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia