Hizkuntzen larrialdia eta klimaren larrialdia, eskutik doazen bi krisialdi

2022/01/04 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko hizkuntza askok pairatzen duen arrisku-egoera eta biodibertsitatearen galera globala konparatu ditu Nature Ecology & Evolution aldizkariko ikerketa batek. Biodibertsitatearen larrialdia nahikoa kritikoa bada, hizkuntzena are handiagoa dela salatu dute: munduan diren 7.000 hizkuntzetatik ia % 50 dago arriskuan, anfibioen % 40aren, ugaztunen % 25aren eta hegaztien % 14aren aldean. UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada izendatu du 2022an hasi berri den hau.

6.511 hizkuntza aztertu dituzte ikerketan, munduko hizkuntzen % 90. Arg. UNESCO

Neurri eraginkorrak hartu ezean, mende bukaerarako 1.500 hizkuntza galdutzat jotzen dituzte zientzialariek. Aurreikuspen pesimistenek, hizkuntzen % 90. Hizkuntza-dibertsitatearen galera, kolonizazioarekin eta globalizazioarekin lotuta dago batez ere, baina egungo beste hainbat faktorek nola eragiten duen jakin nahi izan dute. Hala, hizkuntza-politikek, biztanleriaren ezaugarriek, gizarte- eta ekonomia-aldaketek, ingurumen-baldintzek eta hizkuntzaren dokumentazio-mailak nola eragiten duten aztertu dute Australiako hainbat ikerketa-zentrotako eta Alemaniako Max Planck institutuko zientzialariek.

Konektibitatea

Historikoki, Australiak, Hego Amerikak eta AEBk izan dute hizkuntza-galerarik handiena, baina gaur egun beste eremu hauetan daude hizkuntza gehien desagertzeko arriskuan: Ginea Berrian, Erdialdeko Amerikan, Himalaian eta Afrikako erdialde-mendebaldean.

Arrazoiak aztertu dituztenean, ikusi dute, pertzepzio orokorraren aurka, beste hizkuntzekin kontaktu estuan izatea ez dela hizkuntza bat arriskuan jartzen duen faktorea. Beti ere, hizkuntza-politika indartsu bat baldin badago atzean. Bestelakoan, arrisku potentziala bihurtzen da, ikerketaren arabera. Gauza bera gertatzen da errepide-sareekin eta hezkuntza-mailarekin ere: zenbat eta handiagoa izan errepide-dentsitatea, orduan eta arrisku handiagoa du hizkuntzak, populazioaren mugimendu handia dela eta; eta berdin, zenbat eta maila altuagoa izan hezkuntza formalak, are galera handiagoa du jatorrizko hizkuntzak. Baina, ikertzaileen arabera, ez du zerikusi zuzenik errepideekin eta hezkuntza-mailarekin berarekin, hizkuntza-politika okerrekin baizik.

Esaterako, AEBn Hezkuntza Elebidunaren Legea diseinatu zen, komunitate indigenetako biztanleek hezkuntza orokorrerako eskubidea izan zezaten. Baina helburu bakarraz ematen zieten ama-hizkuntza erabiltzeko erraztasuna: ingeleserako zubi-lanak egitea, ez ama-hizkuntzan ikastea. Beraz, hezkuntza-politikek ez dute hizkuntzen dibertsitatea babesten ez badute ama hizkuntzan ikasteko eskubidea bermatzen eta sustatzen.

Gaur egun eremu bakoitzean arriskuan dagoen hizkuntza-kopurua. Arg. Nature Ecology & Evolution aldizkaritik moldatua

Oro har, ikertzaileek ikusi dute hizkuntzen arteko konektibitatea ulertzeko gakoa dela bereiztea hiztunek berea ez den beste hizkuntza batera aldatzen duten ala beren gaitasun linguistikoetan beste hizkuntza bat txertatzen duten, beti ere haiena zainduta.

Klima-larrialdia

Arrisku globalez gain, tokikoagoak diren arriskuak ere identifikatu dituzte: Afrikan, esaterako, lurraren erabilerarekin eta biziraupenarekin zerikusia du arriskuak neurri handi batean, gizarte ehiztari-biltzaileek inguruko talde nekazarien hizkuntza handiagoa bereganatzean jartzen baita arriskuan jatorrizko hizkuntza; Europan klimarekin du zerikusia, eremu artikoetako hizkuntzaren galeran islatzen dena, Asian bezalaxe; eta Ozeanian populazio-dentsitatea murrizteak sortzen du arrisku handiena. Faktore globaletatik harago, beraz, lekuan lekuko faktoreak ikertzeko lan handia dagoela aitortu dute zientzialariek, baina ohartarazi dute horietako asko klima-larrialdiak sortutako arazoak izan daitezkeela.

Hizkuntzaren dokumentazioa eta gramatika landua

Bestetik, eragin handia duen beste aldagai bat identifikatu dute: hizkuntzak indartzeko ezinbestekoak dira testu idatziak, hiztegiak eta gramatikak. Hain zuzen ere, lehendabizi desagertuko diren hizkuntzek ez dute apenas dokumentaziorik eta gramatika idatzirik. Dokumentazio-lan hori egitera deitu dute ikertzaileek, berandu baino lehen, biodibertsitatearen kasuan bezalaxe, ikerketa eta ezagutza baitira hizkuntzak zaintzeko gakoak.

Australiako eta Alemaniako ikertzaileek egungo baldintzatzaileak aztertu dituzte, ez baldintzatzaile historikoak, baina kontziente dira iragan hurbilean eragin handia izan dutela. Besteak beste, populazio indigenen sarraskiek, ama-hizkuntza hitz egiteagatik zigortu izanak eta haurrak haien gurasoengandik bereiztu izanak. Arg. Pixabay

Galera hirukoiztuko da

Max Planckeko ikertzaileen arabera, giza eboluzio kulturalean ohikoa da etengabeko aldaketa, baina hizkuntza-dibertsitatearen egungo galera masibo eta larri hau kolonizazioak eta zaindu gabeko globalizazioak eragin dute. Orain, hiru hiletik behin hizkuntza bat galtzen da munduan, eta kalkulatu dute, esku-hartze maila eskas honekin jarraituz gero, hemendik 40 urtera hilero galduko dela hizkuntza bat. Mende bukaerarako 1.500 hizkuntza galtzea nahi ez bada, beharrezkoa ikusi dute premiazko inbertsio globala egitea dokumentazio linguistikoan eta hezkuntza osoa ama-hizkuntzan ikasteko hezkuntza-programa eraginkorretan.

Bestetik, hizkuntzen galera klima-larrialdiaren baitan ere ulertzera deitu dute zientzialariek. Are gehiago, iradoki dute klima-aldaketaren ereduek berek lagundu dezaketela hizkuntza-dibertsitatearen galera aurreikusten.

2022-2032: Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada

Arazoaren jakitun, UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada izendatu du 2022an hasi berri den hau. Helburua da hizkuntza-dibertsitatearen larrialdia ikusgai egitea. Izan ere, hizkuntza bakoitza giza kulturaren espresio bakar eta berdingabea da, UNESCOren hitzetan. Galdu ezin den aberastasuna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia