}

Historiaurreko margoen kopia Ekainen

2000/03/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zinemaren teknikek antzinako artisten obra gizarteratzeko bidea ireki dute

Dolly ardia bere aitzindariaren kopia zehatza den moduan, Zestoan eraikitzen ari diren Ekain berria jatorrizko kobazuloaren bikia izango da. Zineman dekoratuak egiteko erabilitako tekniken oinarriak haitzuloaren paretak eta margoak berriz egiteko erabili dira, Ekainen bertan daudelako inpresioa izan dezaten hara doazen bisitariak.

Ekain 1969. urtean aurkitu zuten Aranzadiko kideek eta, bertako altxorraren garrantziaz oharturik, segituan hartu zuten kobazuloa ixteko erabakia. Ekainen Madeleine aldiko gizakien margoen bilduma ikusgarria dago: zaldien, oreinen, bisonteen, hartzen eta beste zenbait animalien irudiak eta grabatuak bilduta daude kobazuloko galeria desberdinetan, zaldia delarik sarrien ageri den irudia. Aurkitu zenetik Ekain itxita egon da eta, horri esker, bertako irudi eta grabatuak aurkitutako kontserbazio baldintza berberetan gorde ahal izan dira. Bisitak ugariak izan diren kobazuloetan, Santimamiñe lekuko, berebiziko kalteak jasan ditu labar-arteak, bisitarien arnasketaren eta gurekin garraiatzen ditugun bakterio eta onddoen eraginez. Ekainen, ordea, hartutako neurriei esker ez da halako arazorik izan.

Labar-artea babesteko hartu beharreko neurri zorrotzek, gutxi batzuren eskuetan uzten dute, ordea, hain ondare garrantzitsua. Margoak kontserbatzeko bisitarien begietatik at gorde behar dira eta gure iragana in situ ezagutzeko aparteko aukera galdu, ondorioz. Baina zertarako gorde, orduan, ikusi ezin dena? Paradoxa horretaz oharturik, Zestoako Udalak Ekaingo kobazuloaren erreplika egiteko proiektua jarri zuen martxan. Abiada onean doa proiektua eta, beharbada, datorren urteko udaberri edo uda parterako amaituta egongo da.

Ekaingo kobazuloaren erreplika egiteko lehenago Altamira, Lascaux eta Niaux-eko haizpeen erreplikak egiteko erabilitako fac-simile teknika aplikatu da. Teknika argazkigintzan dago oinarrituta eta jatorrizko obra tamaina errealean, hiru dimentsiotan eta zehaztasun osoz berregiteko aukera eskaintzen du.

Lanaren lehenego pausoa jatorrizko kobazuloari buruzko datuak jasotzea da. Horretarako hormaren erliebearen datuak biltzen dira estereofotometria deritzon teknikaren bitartez; hau da, hiru dimentsioko argazkiak egin eta ordenadorez lantzen dira. Datuak ongi biltzea ezinbestekoa da kopia fidela egin ahal izateko eta ondorioz, lehenengo pauso hau luze joan daiteke, bereziki, Ekainen bezala erliebeak gorabehera handiak dituenean. Datuok bilduta eta landuta, bigarren pausoa hormak eskalan berregitea da, lehen aipatutako fac-simile teknikaren bitartez. Hitz gutxitan esanda, bildutako hiru dimentsiotako argazkiak modelatu beharreko paretaren gainean proiektatzen dira eta ikusitakoaren kalkoa egiten da. Baina teknikaren printzipioa sinplea den arren, egin beharreko lana eskerga da, zentimetrotako zehaztasunarekin egiten baita lan.

Horma egiteko poliesterrezko xaflak bata bestearen ondoren lotzen dira. Ordenagailuak bildutako datuak erabilita, xafla bakoitzari dagokion forma ematen zaio, hormaren profil orokorra lortuz. Ondoren, eskuz eta pazientzia osoz, geruza guztiak berdindu egin behar dira jatorrizko paretaren moldea izango dena egin ahal izateko.

Bigarren fasean, hormaren berriztapen minerala egiten da, jatorrizko haitzuloaren erliebea zehatasun osoz kopiatuz. Horretarako material naturaletan (harea, buztina, silizea,...) oinarritutako konposatu akrilikoak erabiltzen dira. Konposatuok maneiatzeko errazak dira eta banatuta landu diren pareta zatiak modu ikusezinean lotzeko baliagarriak dira. Horretaz gainera malguak dira; hau da, konposatu akrilikoen barietate desberdinak erabiliz, horma mineraletan ematen diren konposizio mineralen trantsizioak fideltasun osoz kopiatu daitezke.

Behin horma egina dagoenean, lanaren zati artistikoena hasten da: irudien kopiaketa. Oraingoan ere, paretaren erliebearekin egiten den moduan, hiru dimentsiotako argazkien proiekzioak erabiltzen dira. Irudia horman proiektatu eta margolariak kalkoa egiten du. Berriz ere, sustantzia naturalak erabiltzen dira jatorrizko koloreak errespetatzeko: lurra, ikatza eta oxido naturalak dira pinturak, historiaurreko margolariek erabiltzen zituzten berberak.

Modu horretan lortutako kopia eta jatorrizkoa bereiztu ezinezkoak dira ikusle ezjakinaren, eta baita jakitunaren begientzat ere. Ekainen kasuan hiru pintura multzo handiren kopiek osatuko dute erreplika. Hormekin batera lurzorua ere kopiatuko da eta guztia, ikusleari jatorrizko haitzuloan dagoelako sentsazioa eragingo dion eszenografiak borobilduko du.

Urak, Ekainen garrantzi handia duen elementuak, aparteko papera izango du eszenografia horretan. Giro intimista lortu nahi izan dute Ekainen, katedrala baino gehiago ermita izango den erreplika.

Labar-artearen katedrala

Frantziako Lascaux kobazuloa eta, kobazuloarekin batera, labar-artearen katedrala osatzen duten irudi ikusgarriak 1940. urtean aurkitu zituzten. Lascaux-ko hormak zezenen irudiz beterik daude erabat, bata bestaren ondoan zein gainean marraztuta; historiaurreko margolariek koloreak eta hormaren erliebea maixutasun ikaragarriz erabili zituzten bizitza propioa duten zezenen irudiak egiteko. Margotutako zezenik handienak 5 metro ditu muturretik buztanera, irudi benetan ikusgarria. Kobazuloa 1963. urtean itxi zuten baina 1983az geroztik, aipatutako irudiak jatorrizko Lascaux-tik 200 metrora dagoen Lascaux II erreplikan ikus daitezke. Bertan behera utzitako mehatzea kobazulo bihurtu dute, jatorrizko Lascaux-ren tenperatura eta hezetasun berbera duen kobazuloa; eta erreplika izateak ez dio inolako ikusgarritasunik kentzen bertan ikus daitekeenari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia