}

Hazkunde ekonomikora begirako erabaki politikoek kalte egiten diete naturari eta pertsonen ongizateari

2022/07/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egungo biodibertsitate-krisiaren arrazoi nagusietako bat da epe laburreko onuretara eta hazkunde ekonomikora begira hartzen direla erabaki politikoak, naturaren balio anitzak kontuan hartu gabe. Ondorio nagusi hori atera dute IPBES plataformak aurkeztu duen txostenean.

Biodibertsitatearen eta ekosistema-zerbitzuen inguruko gobernu arteko plataforma da IPBES, 139 herrialdek osatua, eta Unai Pascual García de Azilu BC3ko ikertzaileak zuzendu du txostena. Txostenak 13.000 informazio-iturri baino gehiagoko informazioa laburbiltzen du; lan zientifikoez gain, baita beste ezagutza-sistema batzuetako informazioa ere, hala nola herri indigenenak eta tokiko komunitateenak. Mundu osoko 300 bat adituren artean landu dute.

“Txostenak nabarmentzen du merkatuetan islatutako balioetatik askoz haratago —esaterako, elikagaiena, urarena eta energiarena—, naturako beste balio asko funtsezkoak direla pertsonen ongizaterako, planeta osoan”, azaldu du Pascualek. “Erabaki politiko eta ekonomiko gehienak adierazle makroekonomikoekin lerrokatzen dira, esaterako, barne-produktu gordinarekin, zeinak ez dituen kontuan hartzen naturaren balio ez-komertzialak. Eta horrek eragin negatiboa du bai naturan, bai pertsonen ongizatean ere”.

Naturaren balioak ulertzeko, neurtzeko eta agerian jartzeko 50 metodo baino gehiago bildu eta horiek nola aplikatu ere azaltzen du txostenak. “Tresnak soberan daude, baina, hala ere, orain arte ez da ia ahaleginik egin naturaren balioak erabaki politiko eta ekonomikoetan integratzeko, ez gobernuen ez beste gizarte-eragile batzuen erabakietan. Eta, egiten denean, kontuan hartu ohi diren balioek ez dute islatzen pertsonek naturarekin harremanetan jartzeko eta hura balioesteko dituzten moduak”.

“Txostenak informazio erabilgarria eta praktikoa ematen du jakiteko nola aktibatu naturaren balioak, aldaketa sistemiko eta eraldatzaile bat egin ahal izateko, etorkizun justuago eta jasangarriago baterantz”, gaineratu Pascualek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia