}

Goian harrapatuko zaitu mendiko gaitzak

2000/04/16 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Gizakiak, bere indarraz, ausardiaz eta nekea jasateko gaitasunaz jantzita, gorantz begiratu eta gorantz egin ohi du, gailurren bila. Bideetan edo gailurretan bertan, gozamenarekin batera, mendiko gaitza -altitude batetik gora sortzen den gaixotasuna- jasan behar izan dutenak asko izan dira. Martxoaren 28an izan zen, adibidez, horren berri. Everest inguruan trekking-a egiten ari zela, 5.000 metrotan, mendiko gaitzaren eraginez bihotzekoak jota hil zen turista alemaniar bat.

Ugaztun gehienak bezala, gizakiak bizirik iraun ahal izateko oxigenoa behar-beharrezkoa du. Iristen zaion oxigeno-kopurua bat-batean murrizten bada, burmuineko zein gorputzeko prozesu ugari moteldu egiten dira . Kopuru horren murrizketa handia eta luze samarra bada, atzera-bueltarik ez duten burmuineko lesioak sor daitezke, heriotza eragiteraino.

Gailurretara iristeko mendizaleek aklimatazio-aldia igaro behar izaten dute, gorputza oxigeno gutxiko presio atmosferiko baxura ohitu behar baitute. Izan ere, gehienetan gailurretara igotzeko egun neketsu ugari behar izaten dira; jaisteko, berriz, ordu batzuk. Gorputzaren egoera ez ezik, mendiko gaitzaren eragileak beste era batekoak ere izan daitezke, klima adibidez. Igo ahala tenperatura jaisteak, gero eta gorago igotzean airea lehorragoa izateak, Eguzkiaren erradiazioa altueran handiagoa izateak… gaitza eragin dezakete. Jakina, eragile nabarmenena altitudea bera da. 2.800 metrotik gora presio atmosferikoaren jaitsiera nabarmena izaten hasten da, eta 4.800 metrotik gora oxigeno-kopuruaren jaitsiera ere nabarmena izaten hasten da. Altitude horretatik gora gizakia ezin jarriko litzateke bizi izaten, gorputzaren metabolismoa aldatu eta etengabe pisua galduko lukeelako.

Aklimatazioaren beharra

Aurrez aklimatazio-aldirik egin gabe egonda, itsas-mailatik baloi batean 6.000 metrora igoz gero, minutu gutxitan konortea galduko duzu. Gorago igotzen baduzu edo goian denbora gehiegi egoten bazara kitto! Herioren besoetan murgilduko zara. 3.500-4.000 metroetatik gora ibiltzeko gorputza oxigenoaren presio baxuetara egokitzea ezinbestekoa da, girotzea alegia. Prozesu hori, hurbiltze-ibilaldietan egiten da, poliki-poliki. Hurbilketa azkar eta bat-batean egiten denean -tresna mekanikoak edo airetikoak erabilita- aklimataziorik egiten ez denez, mendizaleentzat arriskutsua izan daiteke.

Aklimatazio-garaian arnasketa eta bihotz-taupaden egokitzapena hasten da lehenik, oxigenoaren murriztapena ordezkatu nahirik bihotzeko taupaden maiztasuna areagotu eta arnasketaren erritmoa handitu egiten baitira. Era berean hematokritoa -globulu gorrien portzentaia- gehitu egiten da, globulo gorri gehiagorekin oxigeno gehiago garraia daitekeelako. Dena den, hori altitudean denbora dezente iragan eta gero gertatzen da, ez bat-batean. Lan fisikoa egiteko gaitasunaren galera, fluidoen erretentzioa, hiperbentilazioa… aklimatazio-garaian gertatzen diren fenomenoak dira.

Pertsonen egoera fisikoa inoiz ez denez bera izaten, ez dago aklimatazio egokirako arau unibertsalak ematerik. Hala ere, aholku orokorrak bai: 5.000 metrora iritsi arte, eguneko gehienez 350-400 metro igotzea; 5.000-6.000 metro artean, asko jota eguneko 250 metro igotzea; eta, hortik gora, 150-200 metro eguneko. Arazoak agertuko balira, berriz, jaistea eta pare bat eguneko atsedenaldia hartzea gomendatzen da.

Nola jakin gaitza datorrela?

Mendiko gaitzaren sintomarik arruntena buruko mina izaten da, buruaren atzealdeko mina. Mugimenduarekin eta burua jiratuz gero, mina areagotu egiten da; gainera, "gaixoak" zaratarekiko eta argiarekiko sentikortasun handia izaten du. Burmuineko edemaren erakustalditxotzat hartzen da. Buruko minaz gain, arnasketaren erritmoa edo maiztasuna ere sintoma argia izaten da. Mendizaleari, atsedenean dagoela, arnasa-erritmoa azkartzen bazaio, seinale txarra. Izan ere, oxigeno-urritasunari aurre egiteko, gorputzak arnasketaren erritmoa bizkortu egiten du. Insomnioa eta loaren arritmiak ere mendiko gaitzaren adierazgarri izan daitezke. Loaren arritmia antzematea ez da zaila, lotan dagoenari erreparatzea besterik ez dago: orain bere arnasketa azkarra eta indartsua izan daiteke, segundo gutxira berriz erritmoa moteldu egingo da, eta laster segundo batzuez arnasa hartzeari ere utziko dio. Mendiko gaitzaren sintoma izan daiteke hori.

Aipatutakoak baino sintoma larriagoak -gaixotasuna ageriago uzten dutenak- badira: goragalea, oka egitea, mugimendua koordinatzeko gauza ez izatea, pixa-kantitatea gutxitzea, pisua irabaztea, arrisku-sentsazioaren galera, logura-antza… eta biriketak zein burmuineko edemak. Mendizaleentzat garrantzitsua da sintoma horiek ezagutzen jakitea. Adibidez lagunaren jarrera bat-batean aldatzen bada, zentzurik ez duten gauzak egiten edo esaten hasten bada, inguruan dagoenari jaramonik egiten ez badio… mendiko gaitzaren sintomak izan daitezke, eta berarentzat eta ingurukoentzat arriskua beste ezer ezin dezake ekar. Horrelakoetan jarrera gogorrak hartu behar dira, tinkoak, mendiko gaitzaren sintomak agerian dituenari behera jaistea eragin behar zaio, nahitaez.

Sarri pentsa daiteke mendian ibiltzeko ohitura duenari ez diola erasorik egingo mendiko gaitzak. Usteak ustel. Estatistikek diotenez 4.300 metrotik gora ibiltzen diren mendizaleen erdiek, noizbait pairatu behar izan dute mendiko gaitza. Altitude horretatik gora ibili den erdi horiek banatzean, gaitzari aurre ongien egiten diotenak pertsona helduak dira; zaharrak eta oso gazteak, berriz, errazago jotzen ditu. Zeure burua multzo batean zein bestean ikusten duzula, aurtengo oporretan mendi garaietara joatekotan bazara, bada ez bada gogoan izan itzazu lehenxeago emandako aholkuak.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia