Goi Eozenoko fosil batek baieztatu du Iberiar penintsulako ugaztunak ez zeudela bakartuta

2013/10/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zanbranan topatutako Microchoerus primatearen fosilak Arg. EHU

Zanbranan, Microchoerus primate baten fosilak aurkitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia saileko eta Miquel Crusafont Paleontologia Institutuko (Bartzelona) ikertzaileek elkarlanean. Zehaztu dutenez, espezie horretako banako baten matrailezurreko bi zati aurkitu dituzte, eta Goi Eozenokoak dira (duela 37 milioi urte).

Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Artikuluaren arabera, aurkikuntza garrantzitsua da, lehen aldiz topatu direlako espezie horren fosilak Iberiar penintsularen mendebaldean, eta, horrekin, garai hartan espezieak nola banatzen ziren azaltzen zuen hipotesia ezeztatu dutelako. Hain zuzen, orain arte uste zuten Iberiar penintsularen mendebaldeko ugaztunak endemikoak zirela, eta banatuta zeudela kontinenteko espezieetatik. Orain, ordea, frogatu dute Microchoerus primatea penintsularen eremu hauetara ere zabalduta zegoela. Beraz, uste zutenaren kontra, fauna ez zegoen erabat bakartuta.

Microchoerus primatea desagertuta dago gaur egun, baina Afrikan bizi diren galagoen antzekoa zela uste dute. Bestalde, bi fosil horiekin batera, Goi Eozenoko beste asko ere topatu dituzte Zanbranan; tartean, dortokenak, krokodiloenak eta martsupialioenak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia