Gizonezkoen ugaltzeko arazoak uste baino hedatuagoak
1999/06/27 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Benetan ugaltzeko arazoak daudela esateko, adituek urtebeteko epea aztertzen dute, eta epe horretan bikoteak —jakina, sexu-harreman ugariak izateaz gain—, ez du ezelako antisorgailurik erabili behar. Egoera horretatik iragan direnen kasuetako estatistikek diotenez, ugalkortasun-arazoen % 35-40 gizonezkoen arazoen erruz gertatzen dira, pareko portzentaia emakumezkoen arazoen ondorio dira, eta azken % 20-30 batzuen zein besteen arazoen konbinazioa da. Beraz, estatistiken arabera, ugalkortasun-arazoei dagokienez, gizonezkoen eta emakumezkoen egoera parean da. Umeak ekartzea bikote-kontua dela alegia, ez dagoela bati edo besteari errua leporatzen ibiltzerik!
Gizonezkoaren haziak eiakulatzen den unean bertan gutxi gorabehera 200 milioi espermatozoide izaten ditu. Kasu gehienetan espermatozoide horietatik, 15-45 milioi obulua ernaltzeko gai izaten dira, nahiz eta eiakulazioa gauzatu eta gero, bizirik 400en bat besterik egoten ez diren arren. 400 horietatik 40 inguru izaten dira obuluaren inguruetara hurbiltzen direnak eta —oro har— bakarra obulura sartu eta ernaltzera iristen dena.
Osasuntsu bizi, zure espermatozoideek eskertuko dute
Gizonezkoen ugaltzeko arazo gehienen arrazoiak ondo ezagunak badira ere, arrazoi horien atzean dauden arrazoiak ez dira beti hain argiak izaten. Gorabehera psikologikoek sarritan fisikoei aurre hartzen diete eta horrelakoetan zaila gertatzen da arrazoi baten edo bestearen aldeko diagnosia egitea. Ondorioz, hartu beharreko neurriak hartzea ere zailagoa bihurtu ohi da.
Dena den, espermatozoide-kopuru txikia izatearen arrazoiak, espermatozoide geldoak izatearen arrazoiak, edo eta espermatozoide gaixoak izatearen arrazoiak gehienetan genetikoak, fisiologikoak edo bizi-ohiturei dagozkienak izan ohi dira. Medikuntzari eta zientziari esker, gizonezkoen ugalkortasun arazoak konpontzeko orduan aurrerapausu nabarmenak eman ahal izan dira. Asmatzen denean, gizonezko askoren eta bikote askoren bizitza goitik behera aldatzen da.
Gaur egun, 25 gizonezkotik 1ek ugaltzeko arazoak izan ditzake, eta osasun-zerbitzuen laguntza jaso dezakeen arren, askotan jarrera baikorra hartuta eta bizi-ohitura osasuntsuenak hartuta, ugaltzeko arazoak berez senda daitezke. Sendagile ezagun batek dioen bezala, "neurri zorrotzak hartzeko beti dago denbora, has gaitezen tratamendu bigunekin…".
Beraz, hona hemen haurren bat ekartzen —eta oro har osasuntsuago bizi ahal izaten— lagundu dezaketen aholku batzuk:
- Tabakoari stop. Tabakoaren eragina espermatozoideen kopuru-txikiarekin eta espermatozoideen kalitate eskasarekin lotzen da. Aditu batzuek diotenez, marihuanak ere eragin bera izan dezake.
- Alkoholari ere stop. Alkoholak hazia ohiko kopuruetan ekoiztea galarazten du. Beraz, ernalketa lortzea zailago izaten da.
- Zeure pisua zaindu. Pisu gehiegi edo gutxiegi duten gizonezkoek ugaltzeko arazoak izateko aukera gehiago dute. Gehiegizko pisua dutenek hormonetako gorabeherak izan ditzakete; argalegi daudenek, berriz, espermatozoide gutxiago eta ahulegiak izan ditzakete.
- Ariketa fisikoak egin, baina neurriz. Ariketa fisiko gehiegi egiten bada testosterona-maila jaitsi egiten da eta, ondorioz, espermatozoide-kopurua gutxitu egin daiteke. Esteroiderik ez hartu. Nahiz eta esteroideek errendimendu fisikoa gehitzen laguntzen duten, —epe motzera, luzera oso ondorio kaltegarriak eragiten baitituzte—testikuluak uzkurtu ditzakete eta ondorioz ugalkortasun-arazok sor daitezke.
- Bitaminen eguneroko dosia ziurtatu. C bitamina eta zink gutxi izanez gero, haziaren konposizioan aldaketak gerta daitezke, horrek dakarren ondorioekin. Beraz, elikadurari duen garrantzia eman.
- Toxinetatik urrundu. Eraikuntzan, lantegietan, nekazaritzako konposatu kimikoen inguruan lanean ari direnek, eta pestizidekin, berunarekin, metal astunekin edo erradiazioaren eraginpean lana egiten dutenek ugaltzeko arazo gehiago izateko arriskua izaten dute.
- Ahal dela lasai bizi izaten saia zaitez, estres-egoeretatik urruntzeko teknikak erabiliz, eta egunero esnatu ondoren datozen orduei baikortasunez begiratuz.
Terapia biguna ikusten denez, ugaltzeko arazorik ez dutenei ere kalterik ekarriko ez dien aholku-sorta. Horiek huts egingo balute, adituengana joateko erabakia hartu beharko litzateke, arazoa bestelakoa izan baitaiteke.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia