}

Giza itzalaren mapa

2002/10/23 Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako Wildlife Conservation Society erakundearen eskutik iritsi da mapa. Mapa horretan, gizakiak Lurreko gune guztietan duen eragina jaso eta irudikatu da koloreen bitartez, berdetik beltzeraino; kolore berdeko eskualdeak giza eragin txikiena jasaten dutenak dira, eta alderantziz beltzez markatutakoak.

Maparen bidez, erakunde ekologistak giza eraginpean dagoen lurrazaleraren ehunekoa kalkulatu du, itsasoa kontuan hartu gabe. Eta datuek diote % 83 dagoela egoera horretan, hau da, Alaska, Kanada eta Errusiako basoak, Mongolia eta Tibeteko goi-lautadak eta Amazoniako eskualde zabalak ez beste guztia. Gainera, arroza, garia eta artoa ereiteko egokiak diren lurretatik % 98 ustiatuta daude dagoeneko.

Horrelako mapek, tokian tokiko kudeaketa-planak diseinatzeko oso erabilgarriak izateaz gain, jendea kontzientziatzeko ere balio dutela adierazi dute erakundeko kideek, mapari begiratuta erraz jabetzen baikara gizakiak ekosistemetan duen izugarrizko eraginaz.

Mapa egiteko, gizakiak ustiatutako eremuen, azpiegituren eta giza kokalekuen datuak batu dituzte. Datu geografikoak biltzeko sistemak asko hobetu dira azken urteetan -satelite bidezko irudiei esker batez ere- eta teknologia horri esker osatu ahal izan da giza itzalaren mapa deitu dioten hau.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia