Elhuyar zientziaren komunikazioa

Fisika nuklearretik energia nuklearrera eta bonba atomikora

2001/12/30 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

"Nuklearrik? Ez, eskerrik asko" lema ezagunak bere bidea egin du. Txernobilgo zentral nuklearreko istripu larriak utzitako irudiek energia horren aurkako iritzia sendotu egin zuen. Ondorioz, energia horren aldeko apustua egin zuten hainbat herrialdek atzera egin du. Baina elementu erradioaktiboak material militarraren osagai ere badira, eta telebistak Hiroshiman jaurtitako bonba atomikoaren irudia bezalakorik berriz ez erakusteak ez du esan nahi erabiltzen ez direnik.

Bonba atomikoek bezain oihartzun handia ez badute ere, gaur egungo gera gehienetan erabiltzen dira uranio pobretuzko eta plutoniozko armak.

Fisika nuklearra zientzian konfiantza handia zegoen garai baikorretan sortu zen. Baina aurkikuntza horri erabilera zibila eman beharrean logika militarrera bideratu zirenetik, beldurra eta mesfidantza nagusitu dira. Hala ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, ikerketek aurrera jarraitu zuten eta 1980ko hamarkada arte, industria nuklearra herrialde askotan garatu da.

Henri Becquerel-ek egin zuen 1896an erradioaktibitate naturalaren aurkikuntza eta Pierre eta Marie Curie senar-emazteen lanarekin sortu zen fisika nuklearra. Hasieran ez zen erradioaktibitatearen ondorio kaltegarrik ezagutzen, eta inolako kontrolik gabe erabili ziren elementu erradioaktiboak. Baina, 1934an, Marie Curie leuzemiak jota zendu zen, eta orduan hasi ziren aurkikuntza liluragarriek ezkutuko alde kaltegarria izan zezaketela susmatzen.

1934an, Irene eta Frederic Joliot-Curiek erradioaktibitate artifiziala aurkitu zuten eta, urte berean, fisio nuklearreko erreakzioak lantzeari ekin zion Enrico Fermi italiarrak. Baina lan horiek eten egin behar izan zituen Europa Bigarren Mundu Gerran sartu baitzen.

Erabilera militarra

Esan bezala, Europa gerran sartu zen eta, gainerako arloak bezalaxe, ikerketa zientifikoak ere eten egin behar izan zituzten. Baina, mundu osoa ez zegoen gerran eta fisika nuklearraren ikerketaren lekukoa, beste ikerketa askorena bezalaxe, estatubatuarrek hartu zuten. 1942rako, lehen erreaktore nuklearra eta 1945erako lehen bonba atomikoak zeuzkaten esku artean. Ez zuten proba egiteko luzaro itxaron beharrik izan, urte horretan bertan, abuztuaren 6an eta 9an, Hiroshima eta Nagasakin jaurti baitzituzten, eta 150.000 hildako eta epe luzera oraindik ere nabariak diren kalte larriak eragin. Ez zegoen atzera egiterik; mundua garai atomikoan sartuta zegoen.

1952rako, Estatu Batuek prest zeukaten Hiroshiman jaurtitako bonba baino mila aldiz potentzia handiagokoa eta materialak hondatu gabe bizidunak deuseztatzen dituen H bonba. Ordutik aurrera, elementu erradioaktiboak gerra gehienetan erabili izan dira, gerrak irabazteko ezinbesteko materiala balira bezala. Uranio pobretuz eginiko armak, adibidez, lehen aldiz 1991n Iraken erabili zituzten Estatu Batuek eta, geroztik, 1995ean Bosnian eta 1999an Kosovon ere erabili dituzte.

Ondorioz, erradioaktiboa den 300.000 kilo inguru uranio pobreturen hautsa barreiatu zen Irak, Kuwait eta Saudi Arabia inguruan eta 300-800 bala daude Iraken eta Kuwaiten lurperatuta. Bosniako eta Kosovoko gerretan ere uranio pobretuz eginiko 9.000 eta 15.000 jaurtigai bota zituztela, hurrenez hurren, aitortu zuten Estatu Batuetako eta Ingalaterrako armadek.

Energia nuklearrean, mesfidantza nagusi

Estatu Batuek lehen bonba atomikoak 1945ean garatu zituzten.

Bigarren Mundu Gerra amaitzearekin batera hasi ziren erradioaktibitatea erabilera zibilerako garatzen. Energia ekoizteko lehen erreaktorea Estatu Batuetako elektrizitate sarera bideratu zen 1951n. Handik hiru urtera Errusian, 1956an Erresuma Batuan eta Frantzian, 1961ean Alemanian eta 1962an Kanadan erabiltzen hasi ziren.

1999an, mundu osoan barreiatuta, 439 unitate zeuden, horietatik 104 Estatu Batuetan, 58 Frantzian, 53 Japonian, 35 Britainia Handian eta 29 Errusian. Errusia, Kanada, Alemania, Hego Korea, Ukrainia, Suedia, India, Espainia eta Belgika dira energia horren aldeko apustua egin duten beste herrialde batzuk. Horrela, gaur egun, energia nuklearrak munduko energia-ekoizpenaren % 17 osatzen du.

Hala ere, Txernobilgo istripua gertatu zenetik, iritzi publikoaren baitan mesfidantza da nagusi. Talde ekologisten kanpainen eta komunikabide askok zabaldutako ideien ondotik, gizartearen zati nagusiak energia horren aurkako jarrera du. Hondakin erradioaktiboek sortutako poluzioa eta hondakinen gestioa dira gaur egun protesta-gai nagusiak. Eta badirudi protesta hori eraginkorra dela, Europako herrialde batzuk, Alemania tarteko, energia nuklearra baztertzeko bidean baitaude.

Baina, mesfidantza horretara heltzeko, gaur egun oraindik nabari diren hondamendi larrien historia beltza pasatu da. Historia horretako egunik erabakigarrienetakoa da, dudarik gabe, 1986ko apirilaren 26a; Txernobilgo zentral nuklearreko 4. erreaktorea lehertu zen eguna, hain zuzen ere. Zorigaitzeko egun hori baino lehen ere gertatu ziren ezbeharrak, nahiz eta ez zuten biztanleengan eraginik izan; hala diote behintzat. Lehena 1957an, Windscaleko zentralean (Britainia Handia), eta bigarrena 1979an, Three Mile Islandekoan (Estatu Batuak). 1986koan, ez zegoen irtenbiderik. Gerora hartutako babeserako neurri guztiak alferrikakoak gertatu ziren. Ikus, bestela, erradioaktibitate-maila altuak zenbat minbizi eta malformazio-kasu eragin dituen Ukrainian.

Gaur egungo, energia nuklearrak munduko energia-ekoizpenaren % 17 osatzen du.

Baina Txernobilgo istriputik lekora sortutako mesfidantza ez da ondorioak begi-bistakoak eta inor axolagabe ez uzteko modukoak direlako soilik gertatu. Garai hartako Errusiako agintariek istripua ezkutatu egin nahi izan zuten egun batzuetan eta horrek areagotu baizik ez du egin energia nuklearrarekiko mesfidantza. Geroztik, iritzi publikoa esaldi honekin laburbil daiteke: "ez dugu gauza handirik ulertzen, baina adituek gezurra esaten dute".

Hondakin nuklearren kasua

Ildo horretatik, nuklearraren aldeko apustua egiten dutenentzat gero eta zailago da beren jarrera defenditzea. Nahiz istripurik ez dela berriz gertatuko ziurtatu, hondakin nuklearren kudeaketaren auzia oraindik zintzilik dago eta, gainera, herrialde askoren arazoa izanik ere, ez dirudi irtenbidea berehala aurkituko denik.

Hondakin erradioaktiboak hiru taldetan sailkatzen dira. A taldekoak dira jarduera ahulena eta iraupen laburrena (30 bat urte) dutenak. Hondakin-mota hori medikuntza nuklearrean, ikerkuntza-laborategietan, hainbat industriatan (papergintzan, siderurgian...) erabilitako erradio-isotopoen hondakinek osatzen dute. Halaber, zentral nuklearretan erabiltzen diren zenbait produktu ere hemen sartzen dira (iragazkiak, poluitutako tresneria, arropak...). Hondakin horiek hondakin erradioaktiboen bolumenaren % 90 izanagatik ere, ez dute erradioaktibitatearen % 10 baino gehiago gordetzen.

B taldeko hondakinak C taldekoak baino ahulagoak dira, baina biak dira iraupen luzekoak (milioika urte iraun dezakete). C taldeko hondakinen artean, erreaktore nuklearretan fisio-erreakzio nuklearrek sorturiko fisio-produktuak aurkitzen dira.

Hondakinok ez aldatzeko moduan lurperatzen dira behin betiko irtenbidea noiz aurkituko zain. Herrialde guztiek diote hondakinen arazoa ez zaiela datozen belaunaldiei utzi behar, baina oraindik ez du inork arazoaren irtenbide egokia topatu.

Bitartean, hondakinek zer esan handia ematen jarraituko dute, inork ez baitu bere eskualdea hondakin nuklearren zakarrontzi bihurtzerik nahi.

Herrialde askok egin dute atzera

Iritzi publikoa ez da energia-nuklearraren aldekoa eta garai batean potentzia handiko erreaktoreak herrialdearen harrotasun-ikur izatera iritsi baziren ere, gaur egun, gero eta gobernu gutxiagok egiten du energia horren aldeko apustua. Austriak, 1978an, erreferendum bidez esan zion ezetz nuklearrari. Italiak eta Suitzak 1987an eta 1990ean luzapen bana onartu zuten.

Suediak lehen zentrala itxi du eta 2010 bitartean beste hamaika ixtea aurreikusi du. Alemaniak ere, gaur egun energiaren % 30 nuklear bidez ekoizten badu ere, 2021erako zentral guztiak itxiko dituela adierazi du. Estatu Batuetan, 1979an Three Mile Islandeko istripua gertatu zenetik, energia horren garapena gelditu egin da, baina ez dute oraindik erabat baztertzen.

Japonia eta Frantzia dira, beraz, gaur egun energia horren aldeko jarrera agertzen jarraitzen duten bi herrialde nagusiak. Baina, herrialde horietan ere aurkako iritziek gero eta oihartzun handiagoa dute; Japonian, 1999an, erregai-ekoizpenerako instalazio batzuetan izan ziren ezbeharrengatik, eta Frantzian hogei urtez goraipatutako Superphenix generadore handia bertan behera utzi zutenetik.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia