Eztiak bakterioak hiltzeko ahalmena du

Antibiotikoei erresistente diren anduiei aurre egiteko balio du eztiak.

Ez dago zalantzarik eztia onuragarria dela. Onura hori, noski, eztiaren osagai kimikoek eragiten dute. Alde batetik, azukre-kontzentrazio altua du, eta horrek bakterioen hazkuntza mantsotu egiten du. Bestetik, likido dentsoa da, eta, beraz, isolatzaile-moduan jokatzen du. Horregatik, irensteaz gain, eztia zuzenean zaurietan jarrita ere erabil daiteke infekzioak tratatzeko.

Orain, Galeseko Institutuko mikrobiologo-talde batek antibiotikoei erresistente diren bakterioak hiltzeko ahalmena ere baduela frogatu du. Horretarako, metizilina eta vankomizinari erresistente diren Staphylococcus eta Enterococcus bakterioen anduietan egin dituzte esperimentuak, eta ezti-mota batzuek bakterioak hiltzen dituztela konturatu dira.

Zientzialariek ez dakite eztiaren zein substantziek egiten duten bakterioen aurka. Ezti batzuk diluituz gero, hidrogeno peroxidoa sortzen da, eta konposatu horrek bakterioak hiltzen ditu. Baina, mikrobiologoen arabera, hori ez da eztiak bakterioak hiltzeko duen ohiko modua. Sendagai tradizionaletako biokimikaren prozesu asko falta dira oraindik ikasteko.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali