}

Euskal Herriko kostaldea (VII): Bizkaiko hondartzak

1995/09/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken bi artikuluetan Lapurdi eta Gipuzkoako hondartzen ezaugarriak eta egungo egoera ezagutzeko aukera izan genuen. Ale honetan Bizkaiko hondartzei iritsi zaie beren txanda. Euskal Herriko kostaldeari dagokionez, Bizkaia da kosta-kilometro gehien duena. Kilometro horietan guztietan dituen elementu geomorfologikoen joritasunari esker, eta baita Bizkaiko itsasbazterrean, Lapurdi eta Gipuzkoako kostarekin konparatuz, giza eragina txikiagoa izanari esker, paraje eder ugari ikusteko aukera eskaintzen du.

Hondartzei dagokionez, kostaldearen ezaugarri geologiko desberdinen ugaritasuna medio, barietate handia dago. Baina ezagutu ditzagun sakonkiago banan-banan aztertuz.

Ondarroa

Ondarroako Arrigorri hondartza.
M. Estonba

Mutrikutik abiatuta, Ondarroa dugu Bizkaiko lehenengo herria. Artibai ibaiaren itsasadarrean kokaturik dagoen herri arrantzale hau asko hazi da arrantza medio. Hedapenaren ondorioz, Ondarroako kaiak eta kaleek itsasadar estu honen padura ia estali egin dute. Mantendu diren hareatza eta dunak bokalearen eskuinaldean dagoen Arrigorri hondartzara murriztuta geratu dira. Hondartza hau, neurri handi batean bederen, artifiziala dela esan behar da kaiko espigoiak eraikitzeak sedimentazio-korronteak aldatu egin baitzituen eta emaitza Arrigorriko oraingo hondartza da.

Bestalde hondartza horrek duen tamaina txikia eta egitura direla eta, ez duela dunak garatzeko ahalmenik eta horregatik bere balio ekologikoa nahikoa urria dela esan behar da.

Mendexa

Mendexako Karraspio hondartza.
M. Estonba

Askoren ustez Karraspio hondartza Lekeitiokoa da, baina ez da horrela. Hondatza txiki eta zoragarri hau, Lekeitioko badian kokatuta badago ere, Mendexakoa da.Balio ekologiari dagokionez, esan beharra dago hondartzaren zabalera txikia dela eta, dunen garapena ez dela inoiz handiegia izan eta gainera, orain dela gutxi, hondartzaren atzealdean egin dituzten obrekin aztarna txiki horiek betirako suntsitu egin dituztela.

Lekeitio

Lea ibaiaren bokalearen beste aldean Lekeitio dugu. Neurri handi batean, herri hau, San Nikolas irla ezaugarri duen badiaren hondartza eta dunen gainean eraikita dago, antzinako hareatza handi horretaz gaur egun Lumentxa mendiaren azpian dagoen Isuntza hondartza besterik ez da geratzen eta bere ezaugarriak direla medio, dunek ez duten garatu.

Aipatzekoa da bestalde marea beheratan agerian geratzen dela San Nikolas irla eta kosta lotzen duen tonboloa. Urteen poderioz, marea goratan ere, tonboloa ikusi ahal izango da, horretarako fenomeno geologikoen Euskal Herriko lekukorik argiena bihur daitekeelarik.

Ipazter

Ogellako hondartza (Ipazter). Leku zoragarri horretan Iberduerok zentral nuklearra eraiki nahi izan zuen. (M. Estonba).

Otoio mendia eta Eako lurmuturraren artean dagoen Ogellako badian, izen bereko harrizko hondartza topa dezakegu. Inguru paregabe horrek ospe handia lortu zuen 70. hamarkadan, Iberduerok Euskal Herrian eraiki nahi zituen Hiru zentral nuklearretako bat bertan eraikiko zuela iragartzerakoan. Gaur egun ipaztertarren hondartza ezkutua da, bere hondarra ezagatik batere erosoa ez bada ere.

Ea

Eako itsasadar estua eta hondartza txikia.
M. Estonba

Lekeitiotik hamar bat kilometrora mendebalderantz Ea erreka itsasoratzen da, izen bereko herriaren kaleez inguraturik.Itsasadarraren estutasunak eta errekaren ur-emari txikiak tamaina handiko padurarik garatzea galarazi badu ere, garai batean bertan ikus zitezkeenak erabat desagertu egin dira gaur egun, herriaren kale eta eraikuntzen azpian.

Hondartza ere, oso estua da. Baina bokale osoa hartzen du marea beheratan, baita Eako kai txikia ere. Ez dago duna-aztarnarik, baina pentsa daiteke inoiz duna txiki batzuk izan direla gaur egun hondartza gorena hartu duen herri-zatian.

Urdaibai

Urdaibaiko Biosferaren erreserban sartu gara dagoeneko eta bertan topatu ditugun lehenengo hondartzak Ibarrangelukoak dira. Lehenengoa, Ogoño lurmutur zoragarriaren babesean itsasoratzen den Laga errekaren bokalean dago. Lagako hondartzak, leku paregabean aurkitzeaz gain, egitura naturala ongi mantendu du eta biodibertsitate handiko dunak ditu.

Dena dela eta udan bereziki, hondartza horrek eta Urdaibaiko hondartzak eta paraje guztiak orokorrean, jasaten duten turismo-presio itzelak kolokan ipintzen du gure kostaldeko erlikia horren kontserbazioa.

Hori gutxi balitz gainera, administrazioko arduradunek gure patrimonio ekologiko hau babesteko neurriak hartu beharrean, dunean eta beren atzealdean eraikuntzak altxatzeko eta mota desberdinetako zerbitzuak (dutxak, zakarrontziak, mahaiak, erretegiak, etab...) ipintzeko baimena eman dute, naturarekiko duten sentikortasun-eza berriro ere agerian utziz.

Ogoño lurmuturraren babesean Lagako hondartza zoragarria dago. Bertako dunak Bizkaiko azkenetarikoak dira.
M. Estonba

Garrantzitsua litzateke Euskal Herrian geratzen diren azken duna-aztarna horiek babestu eta ahal den neurrian errekuperatzeko plangintzak diseinatu eta gauzatzea. Nire iritziz, plangintza horiek bi ardatz nagusi izan beharko lituzkete. Batetik, inguru horietara gizakiaren eragina ahalik eta txikiena izateko neurriak hartu beharko lirateke eta bestalde, hondartza erabiltzen dituzten pertsonen artean informazio- eta sentsibilizazio kanpainak bultzatu beharko lirateke. Horrela bakarrik mantendu ahal izango dira itsasbazterreko ekosistema garrantzitsu horiek belaunaldi berrientzat.

Aurrerago segituz Urdaibaiko itsasadarrera iristen gara eta bertan Ibarrangeluko bigarren hondartza topatuko dugu, Laidako hondartza.

Hondartza honek eta Urdaibai bokaleko hareatza guztiek Euskal Herri osoan hemen soilik ikus daitekeen paisajea osatzen dute. Horrela da, Euskal Herriko gainerako itsasadarrik jasan dituzten kanalizazioak direla eta, itsasoak ekarri duen materialen sedimentazioaren ondorioz, bertan zeuden barrak finkatu egin dira betirako, berezko dinamika galduz. Hori ez da gertatu Urdaibain eta horregatik Mundaka eta Ibarrangeluko hareatza horiek formaz, tamainaz eta sakoneraz aldatzen ari dira etengabe eta itsasadarren dinamika geologikoa ezagutu eta aztertzeko toki bakarrenetarikoa bihurtu da.

Dunei dagokienez, itsasadarraren egitura eta noizbehinkako dragaketen ondorioz, ez dira garatu Laidako hondartzan. Inoiz untzitegien kokapenari irtenbide egokia ematen bazaie, dragaketen arazoa konponduz, eta gizakiaren presioa kontrolatzen bada, agian dunak garatuko dira Urdaibaiko hareatzetan.

Bermeo

Bakioko lehengo duna zoragarri eta zabaletatik argazkiko aztarna txiki horiek soilik geratzen dira.
M. Estonba

Matxitxako lurmuturraren itsaslabarretan ezkutatuta Bermeoko Aritxatxu hondartza zoragarria dago. Ia soilik bermeotarrek ezagutzen duten hondartza txiki hau paraje ederrean kokatuta dago eta bertaratzeko dituen zailtasunei esker, ez du ia gizakiaren presiorik jasaten.

Dena den, bere tamaina eta kokapena direla eta, ez ditu dunak garatzen eta horregatik ikuspegi ekologikotik ez du balio handiegirik.

Bakio

Kontrolik gabeko urbanizazioak Bakioko dunak suntsitu egin ditu.
M. Estonba

Bakioko hondartzaren jatorria Zarauzkoarena bezalakoa da. Antzinean badia zabala ireki zatekeen gaur egun hondartzaren atzealdean ikus daitezkeen lurraldeetan. Itsasoko materialen garraio eta sedimentazioak, hare metaketa batez itxiko zukeen badia hori. Horren ondorioz, hondar-tapoi horren atzean padura-egitura azalduko zukeen zingira sortuko zen, hondartzaren zati gorenean duna eta alderdi horietako landaredi tipikoa gara zatekeen heinean.

Ondorengo aldaketak gizakiaren eskutik iritsi dira. Lehenengoak paduran gertatu ziren, hasieran nekazaritzarako lurrak lortzeko asmoz eta gerora herriaren zabalpenerako, padurak lehortu eta Bakioko badian itsasoratzen diren Estepona eta Ondarre errekak erabat kanalizatu egin ziren.

Dunaz gain, Bakioko padura ere erabat suntsituta geratu da Estepona (argazkikoa) eta Ondarre errekak kanalizatzerakoan. (M. Estonba).

Azkenekoak, ordea, dunengan izan dute bereziki eragina. Turismoaren garapenak eta bilbotar ugariren bigarren etxebizitza erosteko hautatua izateak, eraikuntzez bete ditu hondartza eta dunen zabalera-handiak. Bertan duela urte batzuk ikus zitezkeen duna handi eta egituratuak hondartzaren eskuinaldean mantendu diren aztarna txiki batzuetara murriztuta geratu dira.

Aurrerantzean, Bakio bezalako kasuak kontutan hartu beharko dira, turismoa bultzatzea inguru horren balio naturalistiko, ekologiko eta paisajistikoa suntsitzearen sinonimo izatea nahi ez badugu bederen. Azken finean, hori potentziatu nahi dugun garapenaren aurka doa.

Astondoko badia (Gorliz-Plentzia)

Butroe ibaia itsasoratzen den lekuan, Euskal Herriko kostaldeko alderdirik zoragarrienetakoa aurkitzen da: Astondoko badia.

Bertan, badietako zirkunferentzierdi itxurako hondartza tipikoa eta landaredi psammofiloaz betetako hondartza gorena zabal ikus zitezkeen urria zenean.

Astondoko badia Euskal Herriko ingurune ederrenetarikoa da.
M. Estonba

Gaur egun, ordea, egoera bestelakoa da. Plentziako herriaren hedapenak, Gorlizko ospitala eta bere errepidea eraikitzeak eta turismoa bultzatzeko egin diren lanek, hondartza bitan zatitzea eta badiaren muturretara mugatzeaz gain, dunengan ere, eragin handia izan dute. Hala ere, errepidea eta aparkalekuen eraginez isolatuta eta Pinus pinaster pinua landatu ondoren finkatuta geratu badira ere, Gorliz inguruan mantendu diren dunak Euskal Herriko zabalenak direla esan behar da. Gainera, Astondoko dunak fosilizatu egin direla eta geologia-ikuspegitik Euskal Herriko punturik garrantzitsuenetarikoa dela aipatu behar da.

Arrazoi horiek guztiak medio, Gorliz inguruko dunek hainbat eta hainbat lan eta ikerlanetan goraipatuak izan dira; baina horrek ez du, oraingoz bederen alderdi zoragarri horren babesa eragin. Alderantziz, azken urte hauetan erasoak areagotu egin dira, uda partean eta gehienbat Bilbotik hurbiltzen diren turistentzat eraikitako aparkalekuak, aisialdirako alderdiak eta gainerako zerbitzuak dunetan egin baitira, hauen dinamika geroz eta gehiago galaraziz eta bere zabalera nabarmenki murriztuz.

Barrika

Astondoko badiaren ezkerraldean Barrikako herri txikia dago. Bertako itsaslabar zoragarrien sarguneetan hiru hondartza txiki daude itsasora zabalik: Muriola, Barrika eta Meñakoz. Azkena Sopelarekin konpartitzen du.

Aipatu hiru hondartzak oso txikiak dira eta hondar gutxi dute, beraz nekez aurkituko ditugu bertan dunak eta bere landaredi tipikoa. Hala ere, hondartzek eta beraiek inguratzen dituzten itsaslabarrek balio paisajistiko handiko multzoa osatzen dutela esan behar da.

Sopela

Sopelako kostaldea Barrikakoaren segida da eta gauza bera esan daiteke Getxokoaz, Galea lurmuturreraino gutxienez.

La Arenako hondartzan Euskal Herriko duna higikor egituratuenak kontserbatzen dira.
M. Estonba

Euskal kostalde labarretsu honetan, itsasoaren higadura dela eta, sargune ugari ireki dira eta horietako bakoitzean hondartza txiki eta zoragarri bat aurki daiteke.

Sopelari dagokionez, hiru hondartza ditu: jadanik Barrikan aipatu dugun Meñakoz hondartza, Sopelako hondartzarik ezagunena den Arrietara-Atxabiribilekoa eta azkenik, duen kokapenarengatik “basatia” izenaz ere ezagutzen den Barinatxe hondartza.

Hiruretatik, bigarrena da gizakiaren eskutik aldaketa gehien pairatu duena, hondartzan bertan eraiki diren tabernak, errepideak eta aparkalekuaz gain, goialdeko labarretan inguru horri sekulako jipoia ematen dien urbanizazioak eraiki baitira.

Ezin dugu ahaztu bestalde, uda partean eta Getxoko hondartzekin batera, hondartza horiek Bilbo Handiko milaka pertsonen bisita izaten dutela, gizakiaren presio horrek inguruneko naturan duen eraginarekin.

Hala ere, Arrietara-Atxabiribil hondartzan ikus daitezke oraindik ere landaredi psammofiloaren aztarna txiki batzuk. Beren etorkizuna benetan beltza da, neurri zorrotzak lehenbailehen ez badira hartzen behintzat.

Getxo

Getxoko Gorrondatxe (Azkorri) hondartzan dunetako landaredi interesgarriak ikus daitezke. (M. Estonba).

Getxoko lurraldeetan hondartza ugari dago. Horietatik bi, Areetakoa eta Ereagakoa, Nerbio-Ibaizabal itsasadarrak Abraren atzealdean duen hondar-metaketa handiaren azken arrastoak dira. Garai batean, Getxoko Areeta udalerria, bere izenak ongi adierazten duen moduan, Algortako itsaslabarretaraino iristen zen hareatza handi bat zen, bertan dunak eta dunetako landaredi tipikoa (Euskal Herriko ordezkaritzarik handienetakoa) ikus zitekeelarik. Baina, bokalea erabat kanalizatzeak, portuaren hobekuntzarako eraikitako espigoiak eta instalazioak eta ingurunearen urbanizazio itzelak, Portugaleteko barra famatua desagertarazteaz gain, asfalto eta zementoaren azpian utzi dute hareatza zoragarria. Areetako eta Ereagako hondartzak dira lehenaldi oparo horri buruz geratu diren lekuko isil bakarrak.

Getxoko gainerako hondartzak, Arrigunaga, Gorrondatxe (Azkorri) eta Sopelarekin konpartitzen duen Barinatxe hondartza, Barrika eta Sopelako hondartzak bezala, Uribe kostako Itsaslabarren oinpean daude.

Horietako batean, Gorrondatxen (Azkorrin) hain zuzen ere, hondartza txikia izan arren, dunetako landarediaren lekuko garrantzitsuak mantendu dira.

Muskiz-Zierbena

Barbadun ibaiaren bokalean eta Kantabriako mugatik oso hurbil, Euskal Herriko azken hondartza dago, La Arena. Petronor enpresaren birfindegia bertan eraikitzeak itsasadar horren padura eta hondartzarengan eragina handia izan badu ere, La Arenako hondartzak duna-zabalera handiak mantendu egin ditu. Gainera, duna horitetako ehienak mugitu egiten dira oraindik ere dunen dinamika aztertzeko Euskal Herriko lekurik egokiena izanik.

Balio handi horren froga garbia da duna horiek Euskal Autonomi Elkarteko Garrantzizko Barrendegi eta Ingurune Naturalen Katalogoan agertzea edo Lurralde Antolaketarako Zuzenbideen (LAZ-DOT) proiektuan zorrotz gordetzeko alderdi modura izendatuta egotea.

Dena den, gainerako hondartzen modura eta uda garaian bereziki, gizakiren presio ikaragarria jasaten du eta horrek eragin handia du duna eta bertako landarediarengan, gehiegi zapaltzeak eta dunetako eraikuntzek eta zerbitzuen emendioek estres-egoera kezkagarriak ezartzen baitizkie ekosistema hauskor horri. Berehalako erantzuna behar du La Arenako eta orokorrean Euskal Herri osoko, dunen babesak, horrela egiten ez bada, hurrengo belaunaldiek bitxi ekologiko eta geologiko horiek ez ezagutzeko arriskua izango baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia