Euskal Herriko kostaldea (V): Lapurdiko hondartzak
1995/06/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dunetan eraiki diren urbanizazioak, aparkalekuak, kirol kaiak, dunetan eta itsaslabarretan egin diren golfak, padurak lehortzeak..., dira Lapurdiko kostaldea erabat desitxuratzen ari diren erasotako batzuk. Beldurrik gabe esan daiteke, neurriak ez badira hartzen bederen, hemendik urte batzuetara, Iparraldeko itsasbazterrek dituzten balio ekologikoak guztiz suntsituak izango direla. Baina ezagutu dezagun egoera hurbilagotik.
Angelu
Angeluko kostaldeak berezitasun nabarmenak ditu, Euskal Herriko gainerako kostaldea labartsua den bitartean, Angelukoa, Landetakoaren segida denez, kostalde hareatsua baita.
Antzinako planoek erakusten digutenez, Angeluko lehengo hondartza eta dunak Atturriko itsasadarratik Miarritzeko lehengo itsaslabarretaraino eta barrurantz bizpahiru kilometrora hedatzen ziren.
Dena den, egoera hau oso aldakorra zen, haizearen eraginez kosta hareatsu horren hondarrak behin eta berriro ixten baitzuen Atturriren bokalea, ibaiari itsasora irten ahal izateko bide berriak irekitzera behartuz. Fenomeno horren lekuko dira Landetako kostaldean hain ugari diren kosta-lakuak edo Orx inguruko padurak.
Egungo egoera, ordea, oso bestelakoa da. Atturri ibaiaren bokalea kanalizatu ondoren, dunetan egin diren eraikuntzek, hauen zabalera nabarmen murriztu duten bitartean, itsas inguruan sustatu den garapenak golf, pasealeku eta aparkalekuz estali du dunen azken aztarna gehienak.
Hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe esan daiteke sarraski horretaz libratu diren duna aztarnak Euskal Herriko handienak, egituratuenak eta biodibertsoenak direla. Baina etorkizun iluna datorkio kostalde eder horri, Angeluko udalak Txiberta inguruan kirol kai bat ezezik, izugarrizko urbanizazioa ere eraiki nahi baitu. Proiektuak aurrera egingo balu, duna-aztarnak suntsitseaz gain, Euskal Herriak dituen hiru kosta-lakuren desagerpena ere, suposatuko luke.
Beste herri batzuetan horrelako esperientziek izan duten emaitza txarrek (Xokoburukoak esate baterako) zerbait erakutsi beharko lieke arduradun politikoei, baina horrela ez den bitartean, talde ekologistek segitu beharko dute gure ondare ekologikoaren azken aztarnak defendatzen.
Miarritze
Nazioarte-mailan, turismo-ikuspegitik, Euskal kostaldeko herririk ezagunena eta ospe handiena duena Miarritze da zalantzarik gabe.
Bertako hondartzak, hotelak eta kasinoak aristokraziaren bilgune izan dira orain dela gutxi arte, gaur egun turistek betetzen dute leku hori.
Herri ospetsu hau eraikitzeko erabili ziren itsaslabarren oinarrian hondartza txiki eta xarmangarri ugari irekitzen da itsasora (Miramar, Grand Plage, Kai zaharra, Euskaldunen kostaldea,...). Kokapen hau dela eta, hondartza hauek inoiz ez dira azalera handikoak izan eta horregatik, ez zuten barrualdera duna handiegirik garatuko.
Dena den, hondartza inguruetan eta zenbaitetan, baita hondartzetan ere, altxatu diren etxeek eta beste motako eraikuntzek, txoko hauen xarma eta naturaltasuna erabat desegin dituzte.
Bidarte
Bidarteko itsasbazterrean bi motatako hondartzak daude:
- Batetik, Bidarteko labar itzelen oinarrietan itsasora irekita dauden Erdikoa, Erretegia eta Pavillon Royal hondartzak ditugu. Hauen artean, zalantzarik gabe, azkena da garrantzi ekologikorik handiena duena. Hondartza horrek, edertasun handiko ingurunean egoteaz gain, bere erdialdean, itsaslabarren malda leuntzen den aldean hain zuzen ere, duna zoragarriak ditu. Dunek duten azalera eta landare-dibertsitateak, Euskal Herriko kostako inguru pribilegiatu bihurtzen dute Pavillon Royal hondartza. Dena den, horrek ez du hondartzaren atzerakada ebitatu, golf-zelaia eta kanpina eraiki dute eta jabego pribatuko dunen zati handi bat kostaldeko espekulazio itzelaren menpe dago.
- Ilbarritz inguruan gizakiaren eraginak erreka bukaeraraino entubatu du eta dunetan golf zelaia eraiki du.M. Estonba
Azken hauek azterketa sakonagoa eskatzen dute, turismo-garapenaren izenean eraso ekologiko handiak jasan baitituzte. Ilbarritzen kasuan adibidez, erreka txiki horren itsasadarran, garai batean padura eta dunek betetzen zuten lekuan, golf-zelaia eraiki dute eta erreka itsasoraino entubatu dutenez, erabat eraldatua izan da.
Urhabiari dagokionez, paduren artikuluetan aipatutako itsasadarren kanalizazio basatia jasateaz gain, hondartzaren atzealdean eraikitako errepideak eta aparkalekuak, dunak metro eskaseko mendiska txiki batzuetara mugatu dituzte.
Ezinezkoa ote da garapena eta ondare ekologikoen arteko kontserbazio-oreka?
Getaria
Ez dira hondartzak Getariako erakarpen naturalik deigarrienak, itsaslabar zoragarriak baizik, baina horietaz beste artikulu batean hitz egingo dugunez, oraingoz utzi egingo dugu.
Hiru hondartza ditugu Getarian, hirurak oso-oso txikiak eta harkosko eta hartxintxarrezkoak gainera. Zenitz hondartza da hiruretan handiena eta baita politena ere. Donibane-Lohizune eta Getariakoa den hondartza horretan, Baldarreta erreka itsasoratzen da inolako kanalizaziorik gabe, hondartza inguratzen duten itsaslabarrekin batera, balio handiko ingurunea eratuz.
Beste biak, Harotz kosta eta kaia, hondartza txikiak eta harrizkoak dira, eta gainera marea goratan urez estalirik geratzen dira.
Donibane-Lohizune
Getariako itsaslabarra, Donibane-Lohizuneko lurraldeetan sartzen da hegoalderantz eta bere oinarrian Zenitz hondartzaren antzeko beste bi hondartza zoragarri daude: Maiarkoenia eta Akotz, biak edertasun handikoak baina era berean, nahikoa arriskutsuak.
Hegoalderago, itsaslabarrak lehuntzen diren lekuan, Artxiloa erreka itsasoratzen deneko Erromardie hondartza dago. Orain dela gutxi arte, hondartza horretan duna ederrak eta padura txiki bat ikus zitezkeen, baina legez kanpo eraikitako hiru kanpinek, leku horren balio ekologikoak suntsitzeaz gain, legez publikoak diren sail zabal batzuk esku pribatutara pasatu dute, legeak guztientzat berdinak ez direla berriro ere argi utziz.
Azkenik, Donibane-Lohizuneko badian kokaturikoak ditugu, Santa Barbara eta Grand Plage izenez ezagutzen direnak, alegia. Kostaldeko beste hainbat herritan gertatu ohi den modura, Donibane-Lohizune, Urdazubi ibaiaren paduren gainean eta bereziki bere hondartzako dunen gainean altxatuta dago, turismoaren eraginez, azken urte hauetan herriak izan duen hazkunde handiak, azken duna-aztarnak erabat suntsitu dituelarik.
Ziburu-Sokoa
Donibane-Lohizuneko badiaren ezkerraldean, Urdazubi ibaiaren bestaldera alegia, Ziburu herria dago. Herri horretan, eta zehazkiago Sokoa auzoan, hondartza txiki pare bat ditugu. Batak, Untxin errekaren bokalean kokatutakoak, errekaren kanalizazioa eta errepidearen eraikuntza egin aurretik, duna txiki baina interesgarriak zituen, baina gaur egun ez da altxor horretaz ezer geratzen.
Bestea, Sokoako gotorlekuaren azpian dago eta neurri handi batean artifiziala da, badiaren ezkerraldeko dikea eraikitzearen ondorioz sortu baita.
Hendaia
Antzinako Txingudi badiako hondar-barra eta hareatzen lekukoa da Hendaiako Ondarraitz hondartza luze eta zoragarria.
Bidasoa ibaiaren bokaleko kanalizazioak eta gehienbat hondartza eta dunen gainean altxaturiko urbanizazioek hondartza handi horren egitura naturala nabarmenki eraldatu ezezik, dunen azalera handiak suntsitu ere egin dute. Hala ere, hondartzaren ezkerreko muturrean, Xokoburu izenaz ezaguna den aldean hain zuzen ere, duna-aztarna batzuk mantendu egin dira, Euskal Herriko garrantzitsuenetarikoak direlarik.
Duna horiek eraso gogorra jasan dute, Hendaiako udalak, Frantziako kosta-legeak jabetza publikotzat izendatuta zuen alderdi horretan, legez kanpo kirol kaia eta urbanizazio itzela eraikitzerakoan, arduradun politikoek ingurugiroarekiko duten sentikortasun eza berriro ere argi eta garbi frogatu delarik.