}

Eurasiako sapiens zaharrena identifikatu dute

2019/07/10 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

eurasiako-sapiens-zaharrena-identifikatu-dute-zala
Apidima 1 garezur-zatia (eskuinean), eta fosilaren berreraiketa aurretik (erdian) eta albotik (ezkerrean) begiratuta. Arg. Katerina Harvati, Eberhard Karls University of Tübingen

Grezian leku berean aurkitutako bi garezur aztertuta, bata duela 210.000 urteko sapiensa, eta bestea 170.000 urteko neandertala direla ondorioztatu dute, Nature aldizkarian argitaratu duten lan batean. Lehena, Eurasian aurkitu den sapiensik zaharrena litzateke, eta, horrek esan nahiko luke, gizaki modernoa uste baino askoz lehenago atera zela Afrikatik. Dena den, ikerketak zalantza handiak piztu ditu adituen artean.

Apidima 2 garezurra, eta haren berreraiketa. Arg. Katerina Harvati, Eberhard Karls University of Tübingen

1970eko hamarkadaren bukaeran aurkitu zituzten bi garezur horiek, Apidima haitzuloan. Apidima 1 eta Apidima 2 izena eman zitzaien. Apidima 2 dagoeneko neandertal gisa zegoen identifikatuta; Apidimia 1, berriz, garezur-zati txikiagoa, identifikatu gabe zegoen. Orain, ikertzaileek bi garezurrak birtualki berreraiki eta aztertu dituzte, eta Apidima 2 fosilak neandertalen ezaugarriak dituela baieztatzeaz gain, Apidima 1 sapiensa dela ondorioztatu dute, garezurraren atzealdea sapiensek bezala borobildua duelako.

Bestalde, uranio-bidezko datazio-teknika bat erabilita, ikusi dute, fosilak oso gertu aurkitu ziren arren, oso data desberdinekoa direla. Apidima 2 fosilak 170.000 urte dituela kalkulatu dute, eta Apidima 1ek 210.000, Europan identifikatu den sapiens zaharrenak baino 160.000 urte gehiago. Hala, emaitza hauek iradokitzen dute gizaki modernoa uste baino askoz lehenago atera zela Afrikatik, eta ikertzaileen ustez, dispertsio anitzen hipotesia indartzen du.

Alabaina, adituen artean zalantzak eragin ditu ikerlan honek.  "Oso arraroa da hain gertu dauden bi kaskezurrek hain kronologia ezberdina edukitzea”, dio Joseba Rios Garaizar CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzaileak. “Dena ondo balego, ondorioa sekulakoak lirateke. Gizaki modernoak hain goiz Europan, Neandertalekin batera....".

Ez du argi ikusten Asier Gomez Olivenciak ere: “Giza fosil bat topatzea oso zaila da; eta bi garezur aurkitzea, bata bestearen alboan, eta biak kronologia desberdinekoak izatea, eta, gainera, bi espezie desberdinetakoak izatea, ez da batere normala”, dio EHUko paleoantropologoak. “Atapuercan, Sima de los Huesos-en, 10. garezurra patologikoa da (kraneosinostosi bat dauka), eta, hori dela eta, frontala bertikalagoa dauka, hazkuntza konpentsazaile bat dela medio. Frontal hori bakarrik ikusita sapiens itxura handia izango luke, baina badakigu ez dela espezie horrena".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia