}

Etxeko ordenagailuak ikerketaren zerbitzura

2001/08/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia


"Zu zeu ere ikertzaile" izenburua jarri genion duela urtebete inguru orrialde hauetan bertan argitaratutako artikulu bati. Orduan proteinak ikertzeko helburua zuen Folderol programaz aritu ginen. Programa haren arabera, sarearen bidez norberaren ordenagailua ikerketan jar zitekeen. Hura duela urtebete bihurtu zen ospetsu, aurrez Seti@home proiektua ere bizitza estralurtarra aurkitzeko egin zen bezala. Gaur egun, ikerketa-proiektu ugaritan lana horrela egiten dute.

Fightaids@home
http://www.fightaidsathome.com

Jakina denez, HIV-1 proteasak hiesaren erretrobirusen ugalketan eragin handia du. Programa honen helburu nagusia proteasa horren eragina gutxitu dezaketen konposatuak zertan datozen bat aztertzea da. AutoDock tresna informatikoaz baliatuta, infekzioa eragiten duten agenteen hiru dimentsioko egitura ikertzen dute. Zehatzago esanda, AutoDock tresnak sendagai izateko aukera duten molekula txikiek hiru dimentsioko proteinekin nola lotzen diren aztertzeko balio du.

Hiesaren birusak aldatzeko gaitasun handia duenez, aldaera guztiak hartu behar dira kontuan. Horregatik, elkarrekin lanean ari diren ordenagailuen lana behar-beharrezkoa da.

Compute Against Cancer
http://www.computeagainstcancer.org

Minbiziaren aurkako borrokan sarean egon daitezkeen ordenagailuak lanean jarri zituen lehen ekimena izan zen. Iazko urte-bukaeran jarri zen abian. Mac eta Windows sistema eragileekin lan egiteko aukera ematen du, eta dagoeneko 16.000 ordenagailutik gora ari dira parte hartzen ikerketan.

Programaren helburu nagusia minbiziaren aurkako botika berriak ateratzea da. Horretarako, minbizidun zelulak aztertzen dira, zelula horien oinarri genetikoak ikertu ondoren. Horrekin batera, minbiziaren aurkako tratamenduek gaixoen kalitatean nola eragiten duten ere ikertzen dute.

Intel-United Devices Cancer Research Project
http://www.ud.com

Aurrekoa minbiziaren aurkako ikerketa-proiektuen artean sarean jarri zen lehena izan bazen ere, partaidetza kontuan hartzen bada garrantzitsuena United Devices proiektua da, 460.000 partaide inguru baititu. Intel informatika-enpresak sortu eta bultzatu zuen, baina Estatu Batuetako Minbiziaren Ikerketaren Nazio Fundazioaren eta Oxford-eko Unibertsitatearen babesa ditu.

Proiektu honetan Think izeneko programa erabiltzen ari dira. Labur esanda, programa horrek aztertu beharreko molekulen hiru dimentsioko ereduak egiten ditu, gero horiekin eta proteinekin hainbat proba egiteko. Gaur egun, tumoreetara odola eroaten duten elementuen azterketa egiten ari dira, horiek tumoreak haztea eta ugaritzea eragiten dutelakoan baitaude.

Folding@home
http://www.stanford.edu/group/pandegroup/Cosm

Proiektu honetan proteinen eredu genetikoen tolesturak aztertzen dira. Tolesturen simulazio-programa garatzeko, simulazio-teknika berria garatu dute, eta horrela hainbat proteina-zatikien eta polimero proteiko sintetikoen tolestura irudikatzen duten simulazioa arrakastaz egin ahal izan dute. Dena den, benetako proteinekin lan egin ahal izateko, handiagoak eta konplexuagoak direnez, kalkulu-gaitasun handia behar da. Horregatik, elkarrekin lanean jardun dezaketen ordenagailuen lana ezinbestekoa zaie. Windows eta Linux sistema eragileekin lan egin dezake, eta dagoeneko 17.000 ordenagailu inguru lanean jarri dituzte.

Genome@home
http://genomeathome.stanford.edu

Zeluletan proteina funtzionalak eratzeko gai izan daitezkeen geneak diseinatzea du helburu; hau da, gene birtualak egitea. Proiektuaren bultzatzaileek uste dute horrela hobeto ulertu ahal izango dela geneen funtzionamendua. Helburu teorikoa hori bada ere, praktikan botika eta terapia berriak lortu nahi dira. Gaur egun 20.000 ordenagailu inguru ari dira proiektu horretan.

Evolution@home
http://www.evolutionary-research.org

Asmo edo helburu erraldoia du proiektu honek: Lurreko espezien eboluzioan eragina duten faktore guztien jakintza sakontzea. Helburua konplexua denez, azpiproiektu ugari sortu dituzte, hainbat simulatzaile jarri nahi baitira abian. Horietako bakoitzak galdera jakin bati baino ez dio erantzungo. Hori etorkizuneko proiektua dela esan daiteke, oraingoz simulatzaile bakarra jarri baitute lanean, Simulator 005 simulatzailea. Horren lana tamaina txikiko populazioetan eraldaketa genetikoek nola eragin duten eta nola eragiten duten aztertzea da.

Golem@home
http://www.demo.cs.brandeis.edu/golem

Errobotak eta erroboten diseinuari buruzko azterketak egiten dira proiektu honetan. Bizitza-era artifizialak aztertzen dituzte simulazioak eginda, bizitza errealeko oinarriak nolakoak diren jakiteko.

Mars Clicworkers
http://clickworkers.arc.nasa.gov

Gainerako ikerketa-proiektuen ondoan, hau berezia izan daiteke, sarera lotuta dauden ordenagailuen laguntza baino, sarean lanean ari diren ordenagailu-erabiltzaileen laguntza behar baita. Bilatze-proiektua da, ordenagailu-erabiltzaileak NASAk etxera bidaltzen dizkion argazkietan ikusten dituen Marteko kraterrak markatu behar baititu. Laguntza ezinbestekoa zaie NASAkoei, Marteko azaleko argazki asko eta asko atera baitituzte. Akats-kopurua ahalik eta murritzena izan dadin, argazki bakoitza pertsona bati baino gehiagori bidaltzen zaio.

Proiektuko arduradunek diotenez, dagoeneko 30.000 pertsona inguruk hartu du parte lan horretan, 1.800.000 krater baino gehiago markatu dituzte eta 250.000 kraterreko datu-basea eratu da.

Casino-21
http://www.climateprediction.com

Meteorologia da proiektu honetako gaia. Izan ere, klimatologiak sekulako tradizioa du super ordenagailuen erabileran, iragarpenak egiteko zein klima simula dezaketen ereduak egiteko betidanik erabili izan baitira. Datu errealetatik abiatuta aleatorioki erabiliko dira (kasinoetan bezala), klimaren ereduak egin arte. Ordenagailuan hiru dimentsioko ereduak eraikiko dira,klima osatzen duten hainbat aldagai kontuan hartuta, nola hala euriteak, tenperaturak, berotegi-efektuak eragiten duten gasen portaera, itsasoaren egoera eta abar. Mende honetarako balio dezaketen eredu klimatikoak egitea da helburu nagusia. Proiektua iragarri egin da, baina oraindik ez dago parte hartzerik, hastapenetan baitago.

Gamma Flux
http://www.jansson.net

Hondakin erradioaktiboak gordetzeko erabiltzen diren edukiontziak eta, oro har, bilketa-sistemak hobetzeko programa da. Erradiazioa igortzen duten edukiontziak simulatzen dira, gero edukiontzietatik zenbat gamma erradiazio ateratzen den kalkulatzeko. Jakina, prozesu horretan zerikusi handia dute, besteak beste, edukiontziaren formak, dimentsioak eta egiturak.

Particle Physics Data Grid
http://www.cacr.caltech.edu/ppdg

Banatutako kalkulu informatikoa erabilita, partikulen fisikari buruzko azterketak egitea du helburu. Partikulen fisikari buruzko munduko erakunde garrantzitsuenek hartuko dute parte, eta laster jarriko da abian.

Horiek dira gaur egun sare-ikerketa egiten ari diren proiekturik garrantzitsuenetarikoak. Garrantzizko beste batzuk ere badira, lehen aipatutako Seti@home edo Folderol bera ere, baina baita beste hainbat txikiagoak ere: Gimps proiektua, Distributed.net proiektua, Mindpixel proiektua, SaferMarkets proiektua eta abar. Batzuek aspalditik daude sarean, beste batzuk ia berriak dira; batzuek helburu handiak dituzte, beste batzuk xumeagoak… gutako bakoitzaren ordenagailuak elkartzen ditu sareak.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia