Eta zuk, hartuko zenituzke pestizidak “gorputz perfektua” edukitzearen truke?

2022/07/04 Aitziber Velado Eguskiza - Cell Signaling Lab taldeko ikertzailea eta "Lo Que No Subrayas" plataformako kosortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Ketut Subiyanto, Pexels

2015eko maiatzaren 4an, jakinarazpen bat argitaratu zen INTERPOLen webgunean. Jakinarazpen hartan esaten zenez, emakume ingeles bat hil eta gizon frantses batek lesio larriak jasan zituen Interneten erositako “sendagai” ilegal bat hartu ondoren: 2,4-dinitrofenola deituriko pestizida industriala (1).

Ez zen izan INTERPOLek argitaratzen zuen mota horretako lehenengo jakinarazpena, 2008. urtean sortutako PANGEA proiektuaren barneko ekintza bat baitzen. Proiektu haren asmoa zen sendagai ilegal eta faltsuen Internet bidezko salmenta oztopatzea, eta azkeneko hamarkadetan DNP konposatu kaltegarria gero eta gehiago erabili da kulturismoaren komunitatean (2,3).

Historia

1920ko hamarkadan, DNPak hainbat erabilera industrial zituen: lehergaiak ekoizteko, uhalak tindatzeko, eta pestizida gisa(4) erabiltzen zen, besteak beste. Orduan konturatu ziren substantzia horrekin lan egiten zuten langileek pisu-galera nabaria pairatzen zutela. Hori ikusita, DNPa gantza erretzeko erabiltzea proposatu zuen Standford Unibertsitateko Maurice Tainterrek.

Hala ere, DNPa hartzearen albo-ondorio bakarra ez zen pisu-galera. 1930eko hamarkadan, pilula forman salgai egon zenean, bestelako ondorio batzuk ere bazituela ikusi zuten: goragalea, gehiegizko izerditzea, sukarra, egonezina, zorabioa, buruko mina, arritmia eta, kasu batzuetan heriotza(5). Gainera, egiaztatu zuten kontsumoa denboran zehar luzatuz gero kalte egiten ziola azalari, bihotzari eta nerbio-sistema zentralari, eta kataratak izateko arriskua areagotzen zela.

Hori guztia ikusita, eta behin gobernu federalak sendagaien salmenta kontrolatzeko ahalmena bereganatu zuenean, onartu zen —1938ko janari eta drogen aktari esker— 2,4-dinitrofenola ez zela egokia giza kontsumorako(6). Harrezkero DNPa ahaztuxea geratu zen arren, Internet agertzeak berpiztu egin zuen haren kontsumoa. Izan ere, zenbait kulturismo-forotan muskulu-masa handitzeko metodo gisa deskribatzen zen, eta  nutrizio-foroetan, berriz, pisua galtzeko gomendatzen zuten (1,3,7).

Kasu honetan, DNPa hartzearen arriskua asko areagotu zen, pilula ilegalak izanik haien ekoizpenean segurtasun-neurri edota erregulaziorik ez dagoelako. Hasieran aipatutako PANGEA proiektuaren bidez hainbat pertsona kartzelaratu dira mundu osoan DNPa saltzeagatik, baina askotan kriminalek egiten dutena da DNP pestizida hauts-forman erosi eta gero saltzeko pilulatan sartu (8,9).

Gainera, nahiz eta intoxikazio gehienak zuzenean DNP pilulak hartzeagatik izan, badirudi zenbait “nutrizio-osagarri” ilegal substantzia horrekin aizuntzen direla eta, beraz, gerta litekeela pisua galtzeko laguntza bilatzen duen edonork pestizida industrialak erostea, jakin gabe(10). Argi dago INTERPOLen PANGEA proiektua guztiz beharrezkoa dela, eta ezagutzen ez ditugun pilulak Interneten erostea oso ideia txarra dela, baina, DNPak benetan muskulu-masa handitzen du? Pisua galtzeko erabil daiteke? Zer eragin du 2,4- dinitrofenolak gure gorputzean?

DNPa luparekin begiratuta: metabolismo energetikoa

DNPak metabolismo energetikoan eragiten du, elektroien garraio-katearen desakoplatzailea baita. Izan ere, nahiz eta energia janaritik atera, zelulek ezin dute energia hori zuzenean erabili, eta, metabolismoaren bidez, erabili ditzaketen “energia-paketetxoak” sortzen dituzte: ATP molekulak. Nola egiten dute hori? Protoiak erabiliz (H+).

Protoien moduko molekula kargadunek ezin dituzte mintz zelularrak laguntzarik gabe zeharkatu, eta hori da zehazki elektroien garraio-kateak egiten duena mitokondria deituriko organulu baten barneko zelula-mintzean. Baina, zergatik?

Jakina da energia ezin dela ez sortu ez deuseztatu, baina eraldatu daiteke, eta hori da, hain zuzen ere, gorputzaren barruan gertatzen dena kontsumitzen dugun janaritik abiatuta ATP molekuletara heltzeko. Janarian “gordeta” dagoen energia hori protoiak mintzaren alde batetik bestera garraiatzeko erabiltzen da elektroien garraio-kateko erreakzioen bidez. Horrela, mintzaren alde bakoitzeko protoi-kontzentrazioa desberdina izango da, eta naturak beti oreka bilatzen duenez eta protoiek ezin dutenez mintza zeharkatu laguntzarik gabe, tentsioa sortzen da.

Tentsio horrekin laguntzeko, mitokondrien barne-mintzean protoiak pasatzen uzten duen ATP sintasa dago. Bere baitan sortzen den molekula kargadunen korronte energetiko hori berriz ere eraldatu egiten da, eta ATP molekuletan gorputzerako energia erabilgarria sortzen da. Hori da, labur eta sinple azalduta, metabolismo energetikoa: elektroien garraio-katearen bidez protoien desoreka sortzen da, eta ATP sintasak, oreka hori berrezartzen duen heinean, ATP molekulak sortzen ditu. Bi elementu horiek, elektroien garraio-katea eta ATP sintasa, akoplatu egiten dira zelulak behar duen energia sortzeko.

DNPak prozesu hori oztopatu egiten du, protonoforo bat delako eta, beraz, protoiak zelula-mintzaren alde batetik bestera garraia ditzakeelako. Hala, protoien desorekak sortutako tentsioa baretu, eta ATP sintasak ezin du bere funtzioa bete. ATP sintasaren funtziorik gabe ez dago ATPrik, eta, ondorioz, nahiz eta munduko janari guztia izan, zelulek gosez hiltzen direla nabarituko dute. Horrek metabolismoa “azkartzea” eragingo du, baina, nahiz eta gorputzeko gantz-erreserbak erre, zelulek “gose” jarraituko dute (11). Beraz, bai, DNPak gorputzeko gantza ezabatzen laguntzen duela esan daiteke. Muskulu-masari dagokionez, DNPak ez ditu muskuluak handitzen, baina gantza ezabatzean muskuluek proportzio handiagoa hartzen dute; hain zuzen ere, horixe diote kulturistek beren foroetan (3).

DNParen eragina metabolismo energetikoan. Arg. Aitziber Velado

Orduan, zein da kaltea?

Noski, dena ez da hain polita. Energia inoiz ez denez desagertzen, eta mitokondrietan pilatutakoa ez denez ATP bihurtzen, bero gisa disipatzen da, eta sukarra eragiten du (11). Gorputzak tenperatura erregulatu nahi duenez, gehiegizko izerditzea sortzen da, eta zelulek funtzionatzeko behar duten energia ez dutenez, bestelako albo-kalteak agertzen dira.

Azaldutako prozesua guztiz ezinbestekoa da biziraupenerako, eta, beraz, urratzen bada, heriotza gerta daiteke. Badira metabolismo energetikoari kalte egiten diote hainbat molekula ezagun, eta horien adibide famatuena zianuroa da(12). Ikusten da zein den arazoa? Zianuroaren kasuan, elektroien garraio-katea guztiz blokeatzen da, eta heriotza nahiko azkarra izan daiteke. DNParen kasuan, elektroien garraio-kateak behar bezala funtzionatzen du, baina horren bidez sortutako protoi-gradientea desegin egiten da, ATP sintasa ez den beste garraio-bide bat dagoelako. Noski, nahiz eta pozoitsuak izan, dosiak ez dira beti hilgarriak, baina egunero hartutako pilulak zelularen barruan DNPa metatzea eragiten du, eta orain arte ez da antidotorik garatu.

Denok hartu ditugu botikak, eta badakigu horiekin hasi baino lehen kutxan datorren albo-efektuen zerrenda irakurri behar dugula. Beti daude albo-efektuak. Zergatik da desberdina DNParen kasuan?

2,4-dinitrofenola, dituen ezaugarri molekularrak direla eta, lehergaiak egiteko erabili izan da historian zehar(4). Agian, izena irakurrita, nitro taldeko beste lehergai famatu bat etorriko zaigu burura: nitroglizerina. Nahiz eta lehergai arriskutsua izan, gaur egun, lesio koronario larriak tratatzeko nitroglizerina erabiltzea onartu egiten da zenbait kasutan(13–16). Beraz, benetan gantza galtzeko erabili ahal bada, zergatik ez onartu eta ondorio kaltegarriei buruzko informazioa eman?

Sendagaiak garatzeko eta onartzeko prozesuan, hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Nitroglizerinaren kasuan, adibidez, hilgarriak izan daitezkeen patologia kardiakoetan erabiltzen da, eta, beraz, sortutako arriskuak pena merezi duela uste da. Antzekoa argudiatu daiteke, adibidez, pilula antisorgailuen kasuan. Albo-ondorio zerrenda ikaragarria daukate, baina haurdunaldiak eragin ditzakeen osasunarekiko ondorioekin konparatuta, abantailak desabantailak baino handiagoak direla esaten da.

Aitzitik, kulturisten muskulu-masaren proportzioa handitzea edo argaltzea ez dira sendagai arriskutsu bat onartzeko arrazoi nahikoa, hori lortzeko modu seguruagoak baitaude. Egia da zenbait obesitate-kasutan dieta eta kirola ez direla nahikoa, baina, hala ere, badaude hain arriskutsuak ez diren beste terapia batzuk ere. Noski, munduko hainbat ikerketa-taldek DNPari buruzko proiektuak dauzkate martxan, eta asmoa da etorkizunean horren bertsio osasuntsu bat garatzea. Oraingoz, ordea, ez dute lortu.

Arazo nagusia ez da kimikoa

Arduratsuak izan behar dugu, eta ezin dugu Interneten aurkitzen dugun edozein sendagai erosi, baina argudiatu daiteke DNPak sortzen duen hausnarketa hori baino handiagoa dela.

Fleabag telesaileko lehenengo kapituluko eszena bat erabil dezakegu eredu gisa: Protagonista eta haren ahizpa hitzaldi feminista batean daude, eta galdera hau egin die hizlariak:

Please raise your hands if you would trade 5 years of your life for the so-called perfect body” (Mesedez, altxa dezatela eskua beren bizitzako 5 urte gorputz perfektuaren truke emateko prest leudekeen pertsonek).

Horri erantzunez, bi emakumeek eskua altxatzen dute, eta inguruko guztiek mespretxuz begiratzen diete. Eskuak jaisten dituzte, lotsatuta.

We are bad feminists” (Feminista txarrak gara), dio protagonistak.

Norbaitek “gorputz perfektua”ren eredu hegemonikora hurbiltzeko bere buruari kalte egitea barregarria iruditu dakiguke, eszena horretan gertatzen den moduan. DNPa hartzen duten pertsonak arduragabeak direla pentsa dezakegu. Baina, egia esanda, kimiko arriskutsu horren biktimei destainaz begiratzeak ez dio inori laguntzen.

DNPari buruz hitz egitea garrantzitsua da, eta merkatutik ateratzea ere bai, baina ondo legoke gizarteak transmititzen dituen mezuei buruzko hausnarketa egitea ere. Elikadura-portaeraren nahasmenduak gero eta ohikoagoak dira, eta gorputzarekiko arazoek bilioika euro mugitzen dituzten ekonomiak hornitzen dituzte. Nahiz eta pestizida industrialak hartzea horren muturreko adibidea izan, ez da hain arraroa norberaren osasuna arriskuan jartzea gizarteak onartzeko moduko itxura lortu ahal izateko.

Beraz, mesedez, ez hartu istorio hau bestelako bitxikeria gisa, eta norbaitek pena merezi ez duten arriskuak hartzen baditu, barre egin baino lehen, haien perspektiba ulertzen saiatu.

 BIBLIOGRAFIA:

  1. INTERPOL issues global alert for potentially lethal illicit diet drug [Internet]. [cited 2022 Feb 8]. Available from: https://www.interpol.int/en/News-and- Events/News/2015/INTERPOL-issues-global-alert-for-potentially-lethal-illicit-diet-drug
  2. Smolka K, Gronwald K. Operation PANGEA – weltweit im Kampf gegen die grenzüberschreitende Arzneimittelkriminalität [Internet]. Vol. 60, Bundesgesundheitsblatt - Gesundheitsforschung - Gesundheitsschutz. Springer Verlag; 2017 [cited 2022 Feb 8]. p. 1233–9. Available from: https://europepmc.org/article/med/28929174
  3. Petróczi A, Ocampo JAV, Shah I, Jenkinson C, New R, James RA, et al. Russian roulette with unlicensed fat-burner drug 2,4-dinitrophenol (DNP): Evidence from a multidisciplinary study of the internet, bodybuilding supplements and DNP users. Subst Abus Treat Prev Policy [Internet]. 2015 Oct 14 [cited 2022 Feb 2];10(1):1–21. Available from: https://substanceabusepolicy.biomedcentral.com/articles/10.1186/s13011-015-0034-1
  4. Parascandola J. Dinitrophenol and bioenergetics: An historical perspective. Mol Cell Biochem [Internet]. 1974 Nov [cited 2022 Feb 9];5(1–2):69–77. Available from: https://link.springer.com/article/10.1007/BF01874175
  5. Cutting WC, Tainter ML. Metabolic actions of dinitrophenol: With the use of balanced and unbalanced diets. J Am Med Assoc [Internet]. 1933 Dec 30 [cited 2022 Feb 9];101(27):2099–102. Available from: https://jamanetwork.com/journals/jama/fullarticle/246907
  6. Colman E. Dinitrophenol and obesity: An early twentieth-century regulatory dilemma. Regul Toxicol Pharmacol. 2007;48(2):115–7.
  7. Lee HCH, Law CY, Chen ML, Lam YH, Chan AYW, Mak TWL. 2,4-Dinitrophenol: A threat to Chinese body-conscious groups. J Chinese Med Assoc [Internet]. 2014 [cited 2022 Feb 9];77(8):443–5. Available from: http://dx.doi.org/10.1016/j.jcma.2014.05.003
  8. FSA welcomes sentencing of man for supplying lethal weight loss substance DNP | Food Standards Agency [Internet]. [cited 2022 Feb 1]. Available from: https://www.food.gov.uk/news-alerts/news/fsa-welcomes-sentencing-of-man-for- supplying-lethal-weight-loss-substance-dnp
  9. Texas Woman Sentenced to 6 Months in Federal Prison for Selling Deadly Weight Loss Drug to Consumers | FDA [Internet]. [cited 2022 Feb 1]. Available from: https://www.fda.gov/inspections-compliance-enforcement-and-criminal- investigations/press-releases/texas-woman-sentenced-6-months-federal-prison-selling- deadly-weight-loss-drug-consumers
  10. Sousa D, Carmo H, Roque Bravo R, Carvalho F, Bastos M de L, Guedes de Pinho P, et al. Diet aid or aid to die: an update on 2,4-dinitrophenol (2,4-DNP) use as a weight-loss product. Arch Toxicol [Internet]. 2020;94(4):1071–83. Available from: https://doi.org/10.1007/s00204-020-02675-9
  11. Rognstad R, Katz J. The effect of 2,4-dinitrophenol on adipose-tissue metabolism. Biochem J [Internet]. 1969 Feb 1 [cited 2022 Feb 9];111(4):431–44. Available from: /biochemj/article/111/4/431/16544/The-effect-of-2-4-dinitrophenol-on-adipose-tissue
  12. Salkowski AA, Penney DG. Cyanide poisoning in animals and humans: A review [Internet]. Vol. 36, Veterinary and Human Toxicology. 1994 [cited 2022 Feb 9]. p. 455–66. Available from: https://europepmc.org/article/med/7839575
  13. Ferreira JCB, Mochly-Rosen D. Nitroglycerin use in myocardial infarction patients-risks and benefits [Internet]. Vol. 76, Circulation Journal. The Japanese Circulation Society; 2012 [cited 2022 Feb 9]. p. 15–21. Available from: http://www.
  14. Spronk PE, Ince C, Gardien MJ, Mathura KR, Oudemans-van Straaten HM, Zandstra DF. Nitroglycerin in septic shock after intravascular volume resuscitation. Lancet. 2002 Nov 2;360(9343):1395–6.
  15. Parker JO, Fung HL. Trainsdermal nitroglycerin in angina pectoris. Am J Cardiol. 1984 Sep 1;54(6):471–6.
  16. Flaherty JT, Reid PR, Kelly DT, Taylor DR, Weisfeldt ML, Pitt B. Intravenous nitroglycerin in acute myocardial infarction. Circulation [Internet]. 1975 [cited 2022 Feb 9];51(1):132–9. Available from: https://www.ahajournals.org/doi/abs/10.1161/01.cir.51.1.132

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia