}

Espazioan egoteak gugan sortzen duen eragina ikertu dute bikiekin

2019/04/11 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

espazioak-epe-luzean-gizakiongan-sortzen-dituen-ar
Scott Kelly astronauta urtebetez egon da ISSn. Bitartean, haren anaia Mark lurrean mantendu dute, kontrol gisa. Arg. NASA

NASAk gidatutako ikerketa batean, argitu dute zer arazo eragin ditzakeen gizakiongan espazioan denbora luzez egoteak. Biki astronautak erabili dituzte horretarako: biki bat espaziora bidali eta bestea Lurrean utzi dute, haien osasun-egoera konparatu ahal izateko. Inoiz egin den ikerketarik handiena da, faktore psikologiko, fisiologiko, genetiko, epigenetiko eta mikrobiologiko ugari aztertu baitute. Aldaketa esanguratsuak ikusi dituzte, batez ere zahartze zelularrean eta DNAren espresioan.

Orain arte bazekiten arteriak gogortu egiten zirela, hezur-masa eta masa korporala txikitzen zirela, eta abar. Baina oraingoan frogatu dute espazioan luzaroan egoteak organismoaren zahartze azeleratua eragiten duela, kromosometako telomeroak laburtzen dutela ikusita. Ez hori bakarrik: gaitasun kognitiboaren galera dagoela ikusi dute, espazioan egoteak estres immunologikoa sortzen duela, aldaketa epigenetikoak gertatzen direla, mitokondrioetan disfuntzioak, mikrobiota aldatzen dela eta begien egituran ere eragiten duela. Lurrera bueltan gehienak bere onera itzuli diren arren, batzuk sei hilabetera oraindik mantendu egiten direla onartu dute: hainbat generen espresioa ez da berreskuratu eta telomero laburren kopuruak ez du atzera egin.

NASAren Houstoneko administrazioak gidatu du ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dute. Bi astronauta bakarrik izanik, onartu dute ez dela nahikoa indibiduo emaitzak behin betikoak izateko, eta zaila dela ikusitako aldaketen kausalitatea frogatzea. Baina hipotesiak sortzeko erreminta oso ona izan dela adierazi dute.

Eneko Axpe Iza NASAn lanean diharduen fisikari barakaldarra da. Ez da zuzenean aritu ikerketan, baina bazuen aspalditik haren berri zuzena, berak espazioan egoteak hezurretan duen eragina ikertzen baitu. Ikerketaren garrantzia azpimarratuta, espazioko baldintzak gizakiontzat oso gogorrak direla onartu du, han pairatzen duten isolamenduaz, iluntasunaz eta espazio faltaz harago: “Erradiazio espazialak eragin handia du gugan. Espazioan irradiazio ionizatzaile bortitza dago: batetik, eguzkitik datozen protoiak eta, bestetik, izpi kosmiko galaktikoak, oso energia altuko izpiak izanik, oso zailak direnak saihesten. Erradiazio ionitzaile horiek DNA kateak hautsi eta geneen espresioa eragotzi dezake, Fukushiman edo Txernobilen bezalaxe”.

Eneko Axpe barakaldarrak NASAn egiten du lan, astronautek hezur-masan zer nolako galera izango dute aurreikusten. Arg. Eneko Axpe

“Zero grabitateak ere aldaketak eragiten ditu. Grabitatearen eraginpean zaudenean, fluidoek norabide bat daukate, baina zero grabitatea dagoenean, aldaketa handiak daude. Gure zelulek mekanosentikortasuna dute, fluidoen presio-aldaketekiko sentikorrak dira; hortaz, grabitate-ezak gene-aldaketak eragiten ditu”, argitu du Axpek. “NASAren ikerketa honek ISS Nazioarteko Espazio Estaziora bidali du astronauta, eta han erlatiboa da grabitate-falta eta erradiazio espazialaren eragina. Lurretik urrutiratu ahala, ordea, eragina askoz ere handiagoa da, gure planetaren eremu magnetikoaren babesik gabe geratzen baikara. Argi dago, gure organismoa ez dago espazioan bizitzeko diseinatua”.

2018an Global Exploration Roadmap delakoa sinatu zuten munduko 14 espazio-agentzia garrantzitsuenek, eta hor zehaztu zuten 40ko hamarkadan Martera joatea izango dela helburu nagusia. Erronka handia, zalantza gabe. “Ordurako gauza asko argitu beharko dira, zeren ISSra joatea egun eta erdiko bidaia da, baina Martera joan eta etortzeko 3 urte behar dira egungo teknologiarekin. Orain arte lau pertsona bakarrik egon dira espazioan urtebete edo gehiagoz jarraian, baina, dagoeneko, beharrezkoa da zehaztea espazioan luzaroan egoteak zer eragin duen giza osasunean. Horretarako pista handiak eman ditu ikerketa berriak -dio Axpek-. Baina ikusteko dago oraindik urtebetetik aurrera minbizia sortzeko aukera handitzen ote den”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia