}

Espazioak anitz berri

1988/12/01 Oilarra, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Espazioaren konkista edo esplorazioari buruz berri asko izan ditugu azken hilabeteotan: onak batzuk eta ez horren onak besteak.

Berri onak aipatuz hasiko gara. Iparramerikarrek joan den irailaren batean Discovery transbordadorea orbitan jarri zuten. Hau Challenger en istripuaren ondoren lehen transbordadore-jaurtiketa izan da. Bi urte t'erdi behar izan dira transbordadorearen diseinua berraztertzeko eta beharrezko segurtasun-neurriak garatzeko. Berrikuntzen artean nabariena zera da: jaurtiketan zehar istripurik gertatuz gero astronautak salbatuko dituen sistema. Challenger en kasua berriro gertatuko balitz, sistema berriari esker ez litzaieke tripulariei ezer gertatuko. Jaurtiketa eta ondorengo orbita-saioak arrakastatsuak izan ziren. Horri esker iparramerikarren espazio-programak bulkada berri eta indartsua hartuko duela uste da.

Sobietarren transbordadore espaziala Energia jaurtigailuari loturik.

Sobietarrak ere beren transbordadore-programa martxan jartzear daude. Informazio hau idatzi denean ez dute oraindik Buran izeneko transbordadorea espazioratu. Lehenengo saioa bertan behera utzi behar izan zuten sobietarrek atzerako kontaketaren azken segundotan zeudelarik. Buran transbordadorea eta Energia jaurtigaliua zutik mantentzeko erabiltzen diren dorreetako bat ez zen oso-osorik baztertu eta jaurtiketa arriskutan jartzen zuen. Sobietarrek jaurtiketa geldi eraztea erabaki zuten, nahiz eta arriskua oso txikia izan.

Hurrengo saioa atzeratu egin behar izan da; sistemak konprobatzeko erregaiandelak hustu egin behar izan bait dituzte. Buran ek bere lehenengo hegaldian, ez zuen tripularirik eraman behar eta untziaren maniobragarritasuna probatu nahi zen. Hurrengo saioa azaroaren erdialdean izango denez gero, Elhuyar. Zientzia eta Teknika ren ale hau kaleratzerako sobietarren untzia espazioko bira jadanik egina izatea posible da.

Bestalde, azaroaren erdialdean Vladimir Titov eta Musa Maranov kosmonautek iaz Juri Romanenkok jarritako marka hautsi dute. Romanenkok 325 egun egin zituen Mir estazio espazialean eta Titov eta Maranov-ek marka horri beste 40 egun erantsi nahi dizkiote. Beren itzulera datorren Santo Tomas egunean izango dela espero da. Bitartean, Jean-Loup Chretien kosmonauta frantsesaren bisita izango dute. Hau, kosmonauta frantsesa espaziora doan bigarren aldia izango da. Mir estazioaren hirugarren tripularia, Valeri Poliakov medikua, apirila arte egongo da bertan.

Espazioari buruzko albiste labur hauei amaiera emateko berri txar bat aipatuko dugu. Aldizkari honetan luze mintzatu gara sobietarrek Martitzerantz bidalitako Phobos zunda automatikoez. Joan den irailean kontrolatzaile baten errakuntzaren ondorioz, sobietarrek Phobos 1 zundarekin kontaktua galdu dute eta ez dirudi berreskuratzea posible izango dutenik. Lurretik bidalitako seinaleak jasotzeko antenak itua galdu du eta ez dagoLurrerantz orientaturik. Beraz, zunda kontrolik gabe dabil une honetan. Zorionez, bigarren zunda arazorik gabe dabil bere bidean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia