}

Eskolan bada azterketak baino txarragorik

2001/10/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Kito. Haur gehienak dagoeneko eskolan dira. Bake ederra! Esango du batek baino gehiagok, baina hori egia izanda ere, eskola garaiak —ikasleek ekar ditzaketen nota txarrez gain— inori gustatzen ez zaion arazoren bat edo beste sor dezake. Adibiderik nahi? Zorriak, esate baterako.

Zorriak intsektu parasitoak dira. Gizakiaren odola xurgatzen dute, eta horri esker bizi dira. Hazkurea ematen dute.

Bila arituta ere, zorriak ikustea ez da erraza izaten; bere arrautzak —bartzak— ordea, bai. Bartzak ileetan itsatsita egoten dira, batez ere garondo inguruan eta belarrien atzean. Inguru horietan eskua pasatuz gero, bartzak ageri-agerian geratzen dira.

Pertsona batetik bestera erraz igarotzen dira zorriak, apur bat gerturatzea nahikoa izaten da. Horregatik, zikinkerian gusturago egoten badira ere, zorriak garbi dagoen ilera ere joaten dira. Orraziak edo eskuilak konpartitzen direnean, ilea luze edukitzerakoan edo ileordekoak erabiltzen direnean zorrien transmisioa errazago gertatzen da.

Zorriak kentzea ez da zaila izaten. Intsektizida on bat aukeratu behar da lehenik, lozio erakoa ahal bada. Ilea garbitu barik intsektizidarekin busti behar da eta, gero, orrazi fin fin bat pasa. Intsektizida eragingarriagoa izan dadin, lozioa eman eta gero, burua estali egin daiteke eta ordu pare batez horrela eduki. Ondoren, txanpu arruntarekin burua garbitu behar da, eta agertzen diren bartza guztiak kendu. Berez lehor dadila ilea.

Tratamendua bost-hamar egunetan errepikatzea gomendatzen dute, horrela berriro zorriak izateko arriskua erabat desagertzen baita. Tratamendua ezartzean erabilitako tresna guztiak —orraziak, eskuilak, toaila…— ur irekinean garbitu behar dira, desinfektatuta gera daitezen. Zorriak edo bartzak desagertu eta gero, noizean behin begiratu egin behar da berriro agertzen diren edo ez.

Askok kontrakoa uste badute ere, prebentzio gisara ez du ezertarako balio zorrien aurkako txanpuak edo intsektizidak erabiltzeak. Zorriak edo bartzak daudenean besterik ez dute balio. Ilea motz eramateak, berriz, laguntzen du. Eta jakina, baita norberak bere orraziak, eskuilak eta toailak erabiltzeak ere, beste inori utzi gabe.

Ikusten denez, zorrien eta bartzen aurka egitea, berez, ez da zaila. Arazoa zorriek buru batetik bestera igarotzeko duten erraztasunean dago. Horregatik, neurriak hartu behar badira, eskolako haur guztiekin hartu behar dira, oraindik bartzik edo zorririk ez dutenekin ere bai. Haur bakar batek tratamenduari jaramonik ez egitea nahikoa da zorriak berriro ugaritzeko.

Bizkar horiek

Eskolara itzultzearekin batera, motxilak ikasleen bizkarretara itzultzen dira. Adituek diotenez, 16 urtetik beherakoen % 70ek batzuetan bizkarreko minak izaten ditu; % 30ek, berriz, mina dela-eta aktibitateren bat utzi behar izaten du. Horren guztiaren arrazoi nagusia eskolako materiala eramateko motxilak dira. Adituek aipatzen dituzten datuen arabera, haurren % 10ek gomendatzen dena baino pisu gehiago eramaten du. "Eskola umeek —dio Francismo Manuel Kovacs-ek, haurren bizkarreko lesioen prebentziorako fundazioko presidenteak— ez lukete egunero-egunero hainbeste pisu eraman behar.

Eskoletan takilak jarri beharko lirateke edo ikasgaietako materiala hiru hilabeteka argitaratu beharko litzateke; baina hori oso zaila denez, guk materiala eramateko gurpildun karrotxoak erabiltzea gomendatzen dugu". Karrotxoek altuera erregulatzeko modua izan behar dute, haurren altuerara egokitzeko eta eskumuturrean edo besoan lesiorik ez eragiteko.

Karrotxoak erabili ez ezik, eskoletako jarlekuak eta mahaiak ikasleen neurrietara egokitu behar direla dio Kovacs-ek. "Haur bakoitzak dagokion zenbakiko oinetakoa janzten badu, zergatik ez dizkiogu dagozkion aulkia eta mahaia jartzen? Hainbeste kostatzen al da erregula daitezkeen aulkiak eta mahaiak erabiltzea?

Edozelan ere, bizkarreko lesioak eta minak saihesteko neurririk eraginkorrena kirola egitea da, horrela bizkarrezurrari eusten dioten giharrak indartu egin daitezkeelako. Dena den, kirol guztiak ez dira gomendagarriak. "Horretarako igeriketa da kirolik egokiena. Gerria modu bortitzean mugitzera behartzen duten kirolak, berriz, —tenisa bezalakoak— ez dira oso onak. Hala ere, edozein kirol egitea, erregulartasunez eta lasai antzean egiten bada, bat ere ez egitea baino hobea da".

Kovacs-en fundazioa bizkarra zaintzen lagun dezakeen dekalogoa bidaltzen ari da eskoletara. Hauek dira urrezko aholkuak:

  • Kirola egin.
  • Kirola egin baino lehen giharrak berotzeko ariketak egin. Kirol-saioa bukatu eta gero, giharrak lasaitzeko ariketak egin.
  • Ez egon eserita egun osoan.
  • Eserita denbora asko egon behar baduzu, ondo eserita egon zaitez (zuzen eta bizkarraldean bermatuta).
  • Ikasten ari zarenean, atrila erabili.
  • Ordenagailuaren aurrean jartzen zarenean, pantaila zure buruaren altueran jarri, begien parean.
  • Eskolako materiala eramaterakoan zentzuz eraman.
  • Ez erre.
  • Bizkarreko mina edukiz gero, sendagilearengana joan eta kirola egiten hasi.

Begietako nekea

Ikasleen zereginetan —idaztea eta irakurtzea gehienbat— bizkarra ez ezik begiak ere arriskuan jartzen dira. Gero eta gehiago gainera. Izan ere, berez idaztea eta irakurtzea begientzat nekagarriak dira. Bata zein bestea ordenagailuan egiten badira, begien zeregina are eta nekagarriagoa da. Eta kontuan hartzen bada ikasleen denbora librearen zati handi bat telebistari begira joaten dela, ez dago esan beharrik begiak zenbat neka daitezkeen.

Horregatik, bizkarra zaintzeko aholkuak bezala, begiak zaintzekoak ematea ere badago:

  • Ez eman denbora gehiegi telebistaren aurrean edo ordenagailuko kontsolarekin jolasten.
  • Telebista ikusten baduzu, gutxienez bi metroko distantzia utzi.
  • Ez da komenigarria irakurtzea, idaztea edo telebista ikustea burua jiratuta dagoela.
  • Beti argi egokiarekin lan egin, ez dezala itzalik eragin.
  • Irakurtzeko jarrera eta distantzia egokia hartu behar dira, 35 zentimetro inguru.
  • Ez da gomendagarria martxan doazen ibilgailuetan irakurtzea.
  • Ez begiratu zuzenean eguzkiari edo argi disdiratsuei.
  • Ez igurtzi begiak.
  • Betaurrekoak erabili beharrezkoa izanez gero.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia