Esklerosi anizkoitzaren hastapenak, begi-bistan

Sakatu irudian bideoa ikusteko (Ingo Bartholomaeus et al, Nature)

Göttingen-go —Alemania— Esklerosi Anizkoitza Ikertzeko Institutuan, denbora errealean ikusi dute nola sartzen diren T zelulak arratoien nerbio-sisteman. Horrek aukera eman die hobeki ulertzeko nola sortzen den zelula horiek eragiten duten gaixotasun neurologiko arruntenetako bat, esklerosi anizkoitza.

T zelulak gorputzaren immunitate-sistemaren osagaietako bat dira, eta desberdindu egiten dituzte gorputzarenak diren zelulak eta arrotzak direnak. Esklerosi anizkoitzak jotako gaixoetan, adibidez, gorputz arrotzak balira bezala hartzen dituzte neuronak, eta eraso egiten diete. Zehazki, neuronen estalkia, mielina, desegiten dute.

Hori guztia gertatzeko, baina, T zelulek odol-hodietan zehar nerbio-sistemaren ehunetaraino iritsi behar dute. Adituek prozesua azaltzeko aukera posible bat proposatu eta ontzat jo zuten, baina ez zuten modurik bertatik bertara ikusteko. Oraintxe lortu dute.

Espero ez zituzten portaerak ikusi dituzte hartutako irudietan. Hain zuzen, ikusi dute nerbio-ehunera iristeko odol-hoditik atera aurretik T zelulek atzera egiten dutela odol-hodietan odol-fluxuaren aurkako noranzkoan. Gainera, odol-hoditik ateratakoan ez dira zuzenean nerbio-ehunean sartzen. Odol-hodien kanpoaldean gelditzen dira fagozitoekin elkartu arte, eta orduan sartzen dira nerbio-sisteman eta hasten dira kaltea eragiten.

Irudia: Ezkerrean, ikerketan behatutako irudia, eta, eskuinean, horren eskema bat. Berdez T zelulak ageri dira, gorriz, odola eta odol-hodia, eta, urdinez, garuna. Ingo Bartholomaeus

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali