}

Erreaktore nuklearrez inguratuta

1994/06/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lemoizko zentral nuklearrean lanak etenda geratu zirenean, energi mota bat Euskal Herritik betirako baztertu genuelako sentsazioa izan nuen. Garai hartan, gainera, energia nuklearra “bandera” batzuen seinalea izateaz aparte arrisku erreala zen, batez ere EEBB eta Sobietarren eraginez. Orduz geroztik denbora igaro da, eta energi mota horrekiko dudan antipatia ezkutatu nahi ez badut ere, jakinminak eraginda energia nuklearraren gaur egungo egoera aztertzeari ekin diot.

Hala ere, aldizkari honetako orrialdeetan sortutako eztabaidak eta laster baino lehen Bordeleko zentral nuklearrera burutuko dugun bisitaldiak areagotu egin zuen gai honi buruzko nire interesa, baina aitortu beharra daukat orain dela urte-pare bat lagun batek nire etxeko energiaren jatorria agian nuklearra izango zela baieztatu zidanetik sekretupean eramandako ezin egona izan dudala.

Munduan Europa da energia nuklearra gehien kontsumitzen deneko lekua. Zentral motarik ohizkoena hoztaile gisa ur arrunta erabiltzen duena da. Europan Frantzia da erreaktore gehien duen estatua eta bertan kontsumitutako energiaren % 80 jatorriz nuklearra da.

Zentral nuklearretan erabiltzen den erregaia uranioa da eta elementu hau Europan gutxi dago; bertako erreserbak 150.000 tonakoak direla estimatzen baita. Lurretik ateratzen den uranioak bi isotopo nahasturik ditu: U-238 eta U-235 isotopoak, alegia. U-235 da erraz fisiona daitekeen bakarra, baina nahasteko % 0,7 besterik ez da. Erregai gisa erabili ahal izateko proportzioa % 3raino igo behar da nahastean, baina horretarako erabiltzen diren teknikak oso garestiak dira. Langintza horri uranio aberasketa deritzo eta Europan une honetan bi konpainia daude horretarako: bata Urenco eta bestea Eurodif.

Erreaktoreak U-235 kontsumituta uzten dituen erregai-hondarrak oso erradioaktibo diren produktuak ditu. Halaber, U-238ren transmutazioaren eraginez elementu berri bat sortzen da, hots, plutonioa. Hau ez dago era naturalean Lurrean eta U-235 bezala fisiogarria da. Plutonioa Pu-239 eran azaltzen da eta esan bezala erregai nuklear gisa erabil daiteke. Pu-239ren gramo batek fisioan sortzen duen energia lau ikatz-tonak sortzen duena adinakoa da.

Agortutako erregaia kimikoki tratatzen da eta dituen hiru erregai nagusiak (uranio agortua (U-238 batez ere), plutonioa eta oso erradioaktibo diren fisio-produktuak) bereizi egiten dira. Langintza horretarako Europan lau zentru daude: bi Frantzian, bat Erresuma Batuan eta bestea Alemanian.

Arestian aipatu bezala, erreaktore nuklear arruntek erregaiaren zati txiki bat besterik ez dute aprobetxatzen (% 1 gutxi gora-behera). Baina U-238 neutroien bidez bonbardatuz Pu-239 sortzen dela adierazi dugunez, erregai-ekonomiaren aldetik U-238 eta Pu 239ren arteko nahastea erabiltzea da egokiena. Horrela 1.000 MW-eko zentral batek urtebetean potentzia osoan lan egiteko, hasierako karga gisa 4 tona plutonio sartu ondoren bi tona uranio besterik ez du behar.

Eskoziako iparraldean dagoen Dounreay zentral nuklearra 50.eko hamarkadan eraiki zen eta garai hartan zentral nuklearren erreferentzi gisa erabili zen.

70.eko hamarkada bitartean eraikitako zentral nuklearretan erregaiaren arazoa ez zen kontutan hartzen, baina 1974 eta 1977 bitartean lortutako zenbait akordioren eraginez erregai “aberastua” erabiliko zuten zentralak eraikitzen hasi ziren eta zentral hauei “zentral azkarrak” deitu zitzaien. Egitura horrekin eraikitako zentralik handiena Superphenix izan da eta 1.200 MW-eko potentzia du. 1985. urtean abiarazi zen eta Frantzian dago.

Erreaktorea eta nukleoa dituen ontziak 15,5 m-ko altuera eta 21 m-ko diametroa ditu. 4.300 metro kubiko sodio du, 400 eta 550 °C bitarteko tenperaturan zirkulatuz. Zentral hau 1986. urtean potentzia osoz funtzionatzen hasi zen, baina 1987. urtean itxi egin zen sodio-ihesaren eraginez. Azkenik 1989.eko apirilean gobernu frantsesak zentrala abiaraztea onartu zuen.

Superphenix-en kostua erregai aberastua erabiltzen ez duten zentralenarekin alderatuz bi aldiz handiagoa izan zen gutxi gora-behera. Ondorioz, kostua murrizteko lanari ekin diote eta antza denez, zentral-mota horietan posible da kapazitatea % 20 handiagotuz material-bolumena % 25 jaistea.

Dena den, badago erantsitako kostu bat; gastatutako erregaiaren birprozesaketarena, alegia. Arlo honetan dago ezjakintasunik handiena, zeren eta U-238 Pu-239 bihur badaiteke ere, hondakin-partikula erradioaktiboekin inork ez baitaki zer egin. Behin behineko soluzioak aurkitu dira, hala nola lurpean sakonera handitan sartzea, baina bide horrek bere mugak ditu.

Honaino, zentral nuklearrei buruzko lehen laburpena egin dugu, baina laster baino lehen zentral nuklear zehatz baten azalpena egitea espero dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia