Erlijioa zientziaren argitan
2011/05/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ahalegin horien artean dago Europako Batasunak diruz lagundutako nazioarteko proiektu bat, EXREL , hau da, Explaining Religion edo erlijioa azaltzen. Harvey Whitehouse proiektu-buruaren hitzetan, erlijio-sistemak nola sortzen diren, gero nola hedatzen diren, eta elkarren artean zer antzekotasun eta desberdintasun dituzten ulertzea da helburua. Horretarako, hamar ikertzaile-talde elkartu dira, zenbait diziplinatakoak: biologia, psikologia, antropologia eta erlijioen historia.
Ikertzaileentzat harrigarria da, munduko edozein txokotan, ideia batzuk berdinak edo berdintsuak izatea, duten kultura dutela ere. Hain zuzen, pentsamendu eta jokabide erlijiosoek ezaugarri unibertsalak dituztela diote ikertzaileek; horien artean daude jainkoetan, espirituetan edo arbasoetan sinestea, esanahi sinbolikoa duten erritoetan parte-hartzea, heriotzaren ondoren bizitza edo zerbait badagoela sinestea, fenomeno naturalak eta gertakizun pertsonalak gure gainetik dagoen norbaitek edo zerbaitek erabakitzen dituela uste izatea, eta idatzi edo froga sakratuak izatea.
Ikertzaileen ustez, unibertsaltasun horren muinean garunaren arkitektura dago. Alegia, erlijio deitzen diogun sinesmen- eta jokabide-multzoak giza eboluzioan errotuta leudeke, eta garunaren egituraren ondorioz sortuko lirateke. Hori da, behintzat, haien hipotesi nagusia, eta, horretan oinarrituta, EXRELeko ikertzaileak saiatzen dira azaltzen zergatik erlijioak erantzuten dien hain ondo gizakien beharrei.
Iraganetik etorkizunera
Proiektua lau ataletan banatuta dago. Lehenengoa, erlijioak komunean dituzte ezaugarriak identifikatzera bideratuta dago. Hala, erlijio guztietan azaltzen diren elementu berdinak bilatu, kulturaren araberako aldaerak aztertu, eta unibertsalak izan gabe ere historian zehar behin eta berriro azaldu diren ideiak nabarmentzen dituzte. Jasotako datu guztiekin, ikertzaileek denboran atzera egin nahi dute, eta, handik abiatuta, erlijioak historian zehar izan duen bilakaera berregin.
Bigarren atalak garunari begiratzen dio, pentsamendu erlijioso unibertsalen jatorria ulertzeko helburuarekin. Hala, pentsamendu horiek oroitzeko eta transmititzeko aktibatzen diren mekanismo kognitiboak ikertzen dituzte. Besteak beste, jakin nahi dute nondik sortzen den heriotzaren ondoren bizitza dagoelako ideia, eta zergatik egozten diogun beste norbaiti edo zerbaiti fenomeno naturalak edo pertsonalak gertatzeko erabakimena.
Ezaugarri unibertsalak alde batera utzita, aldaerei jartzen diote arreta hirugarren atalean. Hain zuzen, atal horretan lanean dabiltzan ikertzaileek jakin nahi dute zertan eta zergatik bereizten diren erlijio guztietan azaltzen diren elementu komunak.
Eta, behar bada, laugarren atala da deigarriena. Izan ere, etorkizuna asmatzeko xedea dute atal horretan. Zehatzago esateko, etorkizunean erlijio-sistemek zer ibilbide egingo duten eta nola aldatuko diren jakin nahi dute, eta, horretarako, eredu informatiko batzuk garatzen ari dira.
Ikertzaileen esanean, eredu informatiko on bat garatzea lortuz gero, aplikazio praktikoa izan dezake politikan. Izan ere, erlijioa arazo askoren arrazoia edo aitzakia da, eta haiei aurrea hartzeko neurriak planteatzeko tresna egokia izango litzatekeelakoan daude ikertzaileak.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia