}

Eguzki-sistema urez gainezka

2000/12/18 Elhuyar Zientzia

Marten urik badagoen ala ez dagoen eztabaidak tartea egingo dio egun batzuetan behintzat Jupiterri, NASAk Jupiterren Ganimedes satelitean ur likidoa egon daitekeela adierazi baitu.

Guztira hiru dira ozeanoak eduki ditzaketen Jupiterren sateliteak: Europa, Kalisto eta Ganimedes. Hiru satelite horiek izotzezko geruza lodia dute azalean, baina azpian ur likidoa badagoela uste da. Sateliteen eremu magnetikoaren gainean eginiko neurketek eta sateliteen gainazalean detektatutako mineralek hipotesiaren alde egiten dute, nahiz eta ez diren froga biribilak.

Hala ere, aipatu arrastoak aintzinako oroigarri soilak izan litezke. Kaliforniako Teknologia Institutuko Dave Stevenson doktoreak "Ganimedes barneko arroken erradioaktibitate naturalak ur likidozko geruza mantentzeko adina berotasun ematen duela" uste du. Ganimedesen urik ez egotea harritzekoa izango litzakeela adierazi du, nahiz eta "espero daitekeena eta benetan dagoena gauza bera ez diren".

Uraren haritik nahitaezko hipotesia dator ondoren. Bizitzarik ba ote dago Jupiterren ilargietan? Ur likidoak eta jarduera bolkanikoak posible egiten dute muturreko kondizoetan irauteko gauza diren organismoak bertan bizitzea. Lurreko ozeano-hondoetan, eguzki-izpietatik oso urrun, bizitza garatu bada Jupiterren sateliteetan ere antzeko zerbait gerta zitekeen. Galderari erantzun ahal izateko sateliteen azaleko
izotz-geruza zeharkatu beharko da, oraindik egin ezin dena. Bitartean, hipotesi hutsez arituko gara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia