}

Egia ote?

2003/03/16 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Udako arratsalde bero hartan, Newton pentsakor zegoen sagarrondo baten itzalpean, bere etxeko baratzean. Sagar bat ikusi zuen erortzen. Gertakizun arrunt hark fisikariaren jakin-mina kitzikatu zuen: "Zergatik erortzen ote dira sagarrak beti lurrarekiko zut?"
Armstrong-ek, Ilargira abiatzerako, "Zorte on, Mr. Gorsky" esan omen zuen.

Hala kontatu zion Sir Isaac Newtonek berak William Stokeley lagunari. Galdera horrentzat erantzun bakarra zen posible: Lurrak erakarri egiten dituelako erortzen dira beti Lurrarekiko zut sagarrak; horretarako, materiak erakartzeko ahalmena izan behar du, eta erakartzeko ahalmen horrek materiaren erdigunean egon behar du, erdigune horretarantz zuzentzen baitira sagarrak erortzerakoan.

Makina bat aldiz entzun izan dugu istorio hori edo antzekoren bat. Grabitazioaren legea sagar bati esker formulatu ahal izan omen zuen Newtonek. Baina benetan hala gertatu ote zen? Baliteke Newtonek gertaera era sinplean azaldu nahi izatea. Kontua da anekdota hutsa dirudiena gure garairaino iritsi dela.

Galileo Galilei Newtonen aitzindari izan zen arlo askotan. Izan ere, grabitazioa ikertzeaz gain, bere inguruan istorio dezente daude. Besteak beste, XVI. mendeko zientzialari hark objektuen masak erortze-abiaduran eraginik ote zuen ikertu zuen. Garai hartan, objektu astunak arinak baino azkarrago erortzen zirela uste zuten, hau da, erortze-abiadura masarekin handitu egiten zela. Hipotesi hori frogatu asmoz, Pisa-ko dorrera igo eta pisu desberdineko baina neurri bereko esfera batzuk utzi zituen erortzen. Harrituta, biek lurrera erortzen denbora bera egiten zutela ikusi zuen.

Jende askok uste du Walt Disney-ren gorpua izoztuta gordetzen dutela, egunen batean berpiztu ahal izateko.

Egunero-egunero iristen dira jendearen belarrietara antzeko istorio eta anekdotak. Newtonena eta Galileorena bezalako antzinako istorioak zail da jakiten benetan gertatu ziren. Baina badira egungo gizarteari hurbilago geratzen zaizkion kontu bitxi batzuk. Halako bat entzutean, istorioa oso sinesgarria ez izan arren, aukera izan bezain laster beste edozeini kontatzea gustatzen zaio jendeari, ongi baitakite entzulea aho zabalik utziko dutela.

Adibidez, Neil Armstrong astronautaren inguruan ere sortu zen istorio bitxi bat. Ilargian hanka jarri orduko hitz hauek esan zituen: "Gizakiarentzat pauso txikia, gizadiarentzat pauso erraldoia". Esaldi hori grabatuta dago, ez zintetan bakarrik, baita belaunaldi oso baten memorian ere. Baina espazio-ontzira sartu aurretik jendearen jakin-mina piztu zuen zerbait esan zuen: "Zorte on, Mr. Gorski".

Kosmonauta errusiarren bat ote zen? Inork ez zuen Gorski izeneko kosmonauta baten berri, ordea. Ordutik, Armstrongi Mr. Gorski horri buruz galdera egitean, irribarre batez, saihestu egiten zuen gaia. Baina, halako batean, Armstrongek, kontu hari amaiera eman nahirik, ditxosozko Gorski hura nor zen azaldu omen zuen elkarrizketa batean, Tampa Bay-n. Nonbait, haurra zela, jolasean, bere bizilagunen lorategira sartu zen, eta bizilagunen logela parean zera aditu omen zuen: "Sexu orala nahi duzula? Aldamenekoen semea Ilargira igotakoan, orduan izango duzu zuk sexu orala!". Bizilagun hori zen Gorski jauna.

Pilota arinak astunak baino lehenago erortzen dira? Galileok horrekin froga bat egin omen zuen Pisako dorrean.

Istorio hau bolo-bolo zebilela jakin zuenean, Armstrong-ek gezurtatu egin zuen. Eta, egia esan, esaldi hori ez da Apolo 11-ko grabazioetan ageri. Gainera, Armstrong-ek ez zuen sekula elkarrizketarik egin Tampa Bay-n.

Beste bat: nork ez du entzun Walt Disney krionizatuta dagoela? Gizarajoak oraindik izoztuta jarraitzen omen du, NASAk eraikitako kapsula antzeko batean, bere gaixotasunaren sendabidearen zain. Istorio honek hainbat bertsio ditu, kontatzen duenak xehetasun berriak gehitzen baititu, kontakizuna interesgarriagoa egin nahirik.

Kimika eguneroko bizitzara gerturatzen digun beste uste bat ere badago. Inoiz igerilekuan txizalarria sentituz gero, hobe bi aldiz pentsatu maskuria husten hasi aurretik. Gogoratu: igerilekuetan, gernua kolore biziz nabarmentzeko substantzia kimiko bat botatzen dute. Arriskuari aurre egin eta txiza egiten ausartu denak, ordea, badaki ez dela halakorik. Hala ere, beti egongo da hori egia dela baieztatuko duenik. Horretarako bere lehengusua, edo lehengusuaren ezagunen bat, erabiliko du gertaeraren protagonista bezala, eta zein lotsagarri geratu zen aipatuko du.

Zer diozu? Egia da hori? Oraintxe kontatuko diot nire lagunari!

Beraz, lagun batek halako istorio xelebre bat kontatzen digunean, bi aukera ditugu: itsu-itsuan sinetsi eta topatzen dugun hurrengoari emozioz beteta kontatu, ala zalantzan jarri eta aldarte ona agertu, laguna ez zapuzteko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia