Chromeren nagusikeria erabatekoa

2021/09/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Web-nabigatzaileen artean, Google Chrome da nagusi azken urteotan eta hurrengoarekiko diferentzia handiz, eta enpresak egoera hori baliatzen du bere interesen alde egiteko. Eta hori zilegi izan liteke, baldin eta haren praktikak gutxienez pribatutasunaren aldetik erabiltzaileon eskubideen kontrakoak ez balira, eta kasu batzuetan legearen aldetik zalantzazkoak ere bai.
Arg. Pixabay

Webaren 30 urteko historian, nabigatzaileen erabilerak gorabehera handiak izan ditu. Aurreko mendearen amaieran, Microsoftek dohainik banatu zuen Internet Explorer Windowsekin, eta laster iritsi zen merkatuan ia bakarra izatera. Geroago, 2000ko hamarkadaren erdialdera, jendea Mozilla Firefoxera pasatzen eta egoerari buelta ematen hasi zen, eta, geroztik, Explorerrek etengabe egin du behera. 2010 aldera, Firefox % 30 inguruko kuota izatera iritsi zen. Baina geroztik gainbehera joan dira Explore eta Firefox; hain zuzen, ordutik etenik gabe gora egin dutelako Appleren Safari eta, bereziki, Googleren Chrome nabigatzaileek. Hala, gaur egun Chrome nabigatzailea k dauka merkatu-kuotaren bi heren, eta Safarik % 20 inguru. Firefox eta Microsoften Edge berria ez dira bakoitza % 4ra iristen.

Nolatan gertatu da azken hamarkadan aldaketa hori? Webeko nabigazioa ordenagailuetatik gailu mugikorretara pasatu izana da arrazoi nagusia. Horietan Googleren Android sistema da nagusi, eta horrek Chrome aurrez instalatuta dakar ( horretarako telefono-ekoizleei egiten dien presioagatik isunak ere jaso ditu Googlek), eta jende gutxik instalatzen du beste nabigatzailerik gailu horietan. Mahaigaineko ordenagailuetan ere, Explorerren fama txarrak bultzatuta, Chrome instalatzeko ohitura zabaldu zen.

Webaren eboluzioa bideratzeko etengabeko saiakerak

Ikusten denez, Chromek nagusitasun erabatekoa du nabigatzaileen merkatuan. Eta Google horretaz baliatzen da bere interes pribatuen defentsan, maiz modu batere ez egokian eta nagusikeriaz jokatuta.

Sarri askotan, Chrome nabigatzailean eta webeko protokolo eta estandarretan (HTML, HTTP...) aldaketa teknikoak egin izan ditu Googlek, bere nahierara eta estandarrei jarraitu gabe. Webeko nabigazioa azkartu, hobetu edo erosoago egiteko aitzakian jokatu du, baina benetako helburua beste bat izan da: bere webgune eta zerbitzuak hobeto ibiltzea eta beste nabigatzaileekiko ezberdintasunak markatu eta abantaila lortzea. Praktika oker hori urteetan baliatu zuen Internet Explorerrek ere, eta ederto sufritu genuen haren erabiltzaile ez ginenok. Orain ere antzera gabiltza.

Gainera, protokolo eta estandar horietan Googlek bere intereseko aldaketa teknikoak egiteko duen eragina asko handitu da azken urteotan. Izan ere, nabigatzaileen engine edo motorra deitzen den osagaiari dagokionez (HTML kodea interpretatu eta Javascript kodea exekutatzen duena), azken urteotan, Firefox ez beste guztiak berea izatetik Chromerena jartzera pasatu dira...

Erabiltzaileon datuen pilaketa etengabea

Googleren negozio nagusia publizitate-espazioaren salmenta da (bilatzailean, Youtuben, Gmailen...). Publizitate-gastu orokorraren tartaren zati oso handi bat berea da; batetik, tresna horiek oso erabiliak direlako, eta, bestetik, mundu digitalean publizitate pertsonalizatua eta bideratua erakustea asko baloratzen delako eta Googlek hori oso ongi egiten duelako. Hori egin ahal izateko, erabiltzailearen joerak eta gustuak ongi ezagutu behar dira, eta, horretarako, besteren artean Chrome nabigatzailea baliatuta, erabiltzaileon webeko jarduera une oro zelatatzen eta jasotzen ari da Google, tartean batere gizalegezkoak ez diren eta ingurune ez-teknologiko batean gutxienez jazarpentzat hartuko liratekeen gauzak eginez.

Arg. Statcounter.com-etik moldatua

Adibide soil bat jartzearren: Chromeren seta eta tema gure Googleko kontuan saioa has dezagun (abiarazte bakoitzean hiru aldiz, HIRU!, eskatzen du Chromek saioa hasteko Googleko kontuan, azkenean egiten dugun arte, eta, hala, betiko zelatatzeko baimena ematen diogun arte). Beste adibide bat: Android telefonoek gero eta zailago jartzea gure kokapena aplikazioekin (Chrome barne) ez partekatzea, kokapenarekin are hobeto baitaki Googlek non egon garen eta zer gustatzen zaigun.

Erabiltzailearen datuak gordetzen dituzte haurren kasuan ere, eta ez soilik haurren etxeko erabilera partikularrean, baita ikastetxeetan ere, nahiz eta ez dagoen hori egiterik. Hainbat ekimen daude martxan epaitegietan salatzeko Googlek ikastetxeen bidez haurren datuak gordetzea .

FLoC-en amarrua

Orain, FLoC teknologia berria bultzatu nahian ari da Google. Kontua da publizitatea erakartzeko gerra gordindu egin dela azken urteetan. Publizitatea lortzeari dagokionez Googleren lehiakide diren komunikabideek eta bestelako webguneek, hark ez bezala, beren webguneetako bisitetatik baino ezin dute lortu erabiltzaileen informazioa, eta, horri aurre egiteko, hirugarrenen cookieen bidea asmatu zuten: jarraipen-zerbitzuen cookieak jartzen dituzte webguneetan, eta horiek webgune askotako informazioa jaso eta batzen dute erabiltzailea profilatzeko. Hirugarrenen cookieen praktika hori pribatutasun-eskubidearen aurkakoa da, eta oso fama txarra hartu du azkenaldian. Eta orduan iragarri du Googlek Chromen hirugarrenen cookieak debekatu eta blokeatuko dituela, eta, horren ordez, FLoC jarri eta bultzatuko duela. FLoC siglek Federated Learning of Cohorts edo Kohorteen Ikaskuntza Federatua esan nahi dute. Izen ulertezin horren atzean dagoen funtsa da ez dutela gordeko erabiltzaile bakoitzaren profil indibiduala, baizik eta kohorte edo multzo batean kokatuko gaituztela, “komikiak atsegin dituzten informatikari euskaldunak” moduko multzoetan.

Baina, jakina, Google ez da gure pribatutasuna babesteagatik aritzen. Hirugarrenen cookieak kentzea ez da bere ekimena izan; ez zaio beste aukerarik gelditu, beste nabigatzaileek kendu ondoren (Safari, Firefox, Brave...) eta cookieak berariaz onartzera behartzen duten GDPR eta antzeko legeak direla medio. Cookieen ordezko bat behar zuenez, cookieen legeei itzuri eginez gauza bera egiten jarraitzeko tranpa bat da. Eta FLoC teknologia berea denez eta munduko web-nabigazio gehiena beren nabigatzaile eta gailuetatik egiten denez, abantaila izugarria ematen die publizitatea erakartzeko orduan, erabiltzaileak profilatzen jarraitu dezaketelako, komunikabideek eta bestelako webguneek ez bezala.

Zorionez, segituan ohartu da tranpaz webeko komunitatea. Beste nabigatzaile guztiek esan dute ez dutela inplementatuko, eta webgune garrantzitsu gero eta gehiago (DuckDuckGo, WordPress, Amazon, GitHub...) ari dira esaten blokeatuko dutela; beraz, Chromek ere ezingo luke baliatu webgune horietan. Halako aurkakotasunaren aurrean, Googlek esan du FLoC-ek denbora gehiago beharko duela, eta iragarritako hirugarrenen cookieen blokeatzea 2023a arte atzeratuko duela . Horra zenbat axola zaien erabiltzaileen pribatutasuna...

Ikusitako adibide guztiekin, argi dago Googlek Chromeren nagusitza-posizioa gehiegikeriaz baliatzen duela bere interesen aldeko eta webaren eta erabiltzaileon aurkako praktikak aurrera eramateko edo, behintzat, saiatzeko. FLoC-en kasuan, badirudi webeko beste eragileen ekimenak atzera egitea lortuko duela, baina argi dago etorkizunean berriz saiatuko dela Google horrelako gehiago egiten. Erabiltzaileon esku dago Chromeren erabiltzaile-kuota jaistea, Explorerrekin lortu zen bezala. Baina oraingoan, ahal izanez gero, egin dezagun atzean irabazi-asmoa duen enpresa bat ez duen nabigatzaile bakarraren alde. Hau da, Firefoxen alde; bestela, hurrengo dominatzaileak ere gauza berberak egingo ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia