}

Burezurdun esfingea

2003/10/10 Elhuyar Zientzia

Argazkikoa burezurdun esfingea da, Acherontia atropos, alegia. Bizkarraldean burezur itxurako irudia duelako du izen hori.

Euskal Herrian ditugun tximeleten artean handi eta pisuenetakoa da (6-7 cm). Afrikan bizi da, baina udaberrian Europako hegoalderaino iristen da eta errunaldiren bat ere egiten du. Aurtengoa bezalako urte beroetan bi errunaldi ere egiten ditu eta hori izan daiteke aurten ohi baino gehiago ikustearen arrazoia. Esfinge kolibria ere –etxeko geranioetan kolibri bat bailitzan aurrera eta atzera hegaka ikusten den tximeletatxo hori– gehiago ikusten da aurten; azken finean, talde bereko tximeletak dira biak.

Burezurdun esfingea enborretan ikusi ohi da geldirik. Arre samarra da hegoak itxita dituela, baina zerbaitek zirikatuz gero, hankak luzatu, hegoak zabaldu eta gorputzeko zein azpiko hegoetako kolore hori--beltzak agerian jarri eta liztortzar baten itxura hartzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia